Vulk talde bilbotarra zuzeneko berritzailearekin iritsiko da Zinebira
Performance-a, kontzertua, ikus-entzunezko emanaldia... Vulk taldeak Bilboko BBK aretoan igande honetan estreinatuko duen show-a berritzailea izango da oso eta, gainera, euskarara egin duen erabateko jauziaren adierazle. Estreinaldia Zinebi jaialdiaren baitan izango da.
Bilboko Zinebi Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 63. edizioa ‘altxor’ ezkutuez beteta dator. Horietako bat igande honetan, hilaren 14an, 19.00etan, BBK aretoan egingo den ikuskizuna izango da, Vulk taldeak bere proposamen berezia plazaratuko baitu bertan.
BBK Aretoak Zinebiko edizio honetako saio berezienetako bat hartuko baitu igandean. ‘Vulk ez da’ du izenburua, eta Vulk talde bilbotarraren zuzeneko musikaz gozatzeko aukera emango die ikusleei, baita aurrez grabatutako beste material batzuekin duen konbinazioaz eta konfrontazioaz ere. Izan ere, taldeak «bere burua aurkitzeko ariketa gisa» definitzen du lan hau, «zuzenekoaren eta ikus-entzunezko materialaren arteko mugak lausotu nahi dituena».
2014an sortu zenetik, Bilboko taldeak hainbat aldaketa izan ditu, eta Zinebin aurkeztuko duten performanceak etapa berri bati hasiera emango dio Andoni de la Cruzek, Alberto Eguiluzek, Julen Alberdik eta Jangitz Larranañak osatutako taldeari. Ikus-entzunezkoei berebiziko garrantzia emango baitiote aurrerantzean eta, lan honekin, gainera, euskarara jauzia egingo dutelako. Kanta guztiak euskaraz egingo dituzte hemendik aurrera, iragarri dutenez.
Bere aurreko bi lan luzeen ondoren (‘Beat Kamerlanden’, 2017an eta ‘Ground for Dogs’, 2018an), Vulk-ek aurki aurkeztuko du bere hirugarren LPa, ‘Vulk ez da˝ izenekoa, hainbat tokitan berrehun kontzertu baino gehiago eman eta nazioarteko jaialdi ospetsuetan parte hartu ondoren, hala nola Bartzelonako Primavera Sound Jaialdian, Benicassimgo Nazioarteko Jaialdian edo Bilbao BBK Live jaialdian, besteak beste.
‘Vulk ez da’ Galapanek ekoiztua da, Zinebirekin batera. Gainera, Arriguri, Badator, Balea eta BBK Aretoarekin kolaboratzen du.
Mexikar zinemagile emakumeak
Igandean ere, 11.30etan, Mexikoko jatorrizko herrietako emakumezko zinemagileen topaketa bat egongo da, publikoari irekia, Alondegiko Bastida Aretoan.
Topaketa honek ‘Focus: México, mujes y cines originarios’ programa berezia aurkeztuko du, Yunuen Cuencak komisariatuta, eta bertan parte hartuko dute Zenaida Pérez Gutiérrez Emakume Indigenen Asanblada Nazionaleko kideak, Yásnaya Aguilar Gil mixe hizkuntzalariak eta Luna Marán, Itandehui Jansen, Concepción Suárez Aguilar eta Yolanda Cruz zinemagileek.
Urbizuren liburua
Enrique Urbizu eta Carlos Gómezen ‘La caja de madera: estudios sobre puesta en escena cinematográfica’ liburuaren aurkezpena izan da larunbatean, era berean, jaialdiaren barnean. Liburua ECAMek – Escuela de Cinematografía y del Audiovisual de la Comunidad de Madrid eta DAMA ikus-entzunezko edukietan espezializatutako kudeaketa entitateak Caimán-Cuadernos de Cine aldizkari espezializatuarekin elkarlanean argitaratu dute. Euskadiko Filmategiaren zuzendaria den Josean Fernandezek ere parte hartu du topaketan.
Hizkuntza zinematografikoaren historian zeharreko ibilbide pedagogiko bezain zorrotza omen da liburua, maisu handien bideari jarraituz: Edwim S. Porter, David W. Griffith, Fritz Lang, Jean Renoir, King Vidor, Jacques Tati, Robert Bresson, Stanley Kubrick eta Paul Thomas Anderson. Ibilbideak eszenaratze zinematografikoaren tresna nagusiak agerian jartzen ditu, eta sormen-askatasunaren adibideak eskaintzen ditu.
Enrique Urbizuk, 1987an zuzendu zuen bere lehen film luzetik (‘Tu novia está loca’), hainbat film zuzendu ditu. 1991eko ‘Todo por la pasta’, ‘La caja 507’ –bi Goya Sari eta hainbat jaialditan sari ezberdinak lortu zituen thrillerra–, ‘No habrá paz para los malvados’ (2016an), hainbat Goya saria eskuratu zituenak.
Iganderako proposamen gehiago
Bestalde, iazko jaialdian telematikoki parte hartu ondoren, CINE_ILEGALA ekimena Bilbon ezarri zeneko hamargarren urteurreneko ekitaldian, Marta Popivoda zinegile eta ekintzaile serbiarra Arte Ederren Museora itzuliko da igandean Bulegoa z/b arte-bulegoko kideekin beste topaketa bat egiteko.
‘Landscapes of Resistance’ (‘Pejzaéi otpora’, 2021) aurkeztuko du. Rotterdameko Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen eta, besteak beste, eta Cinéma du Réel (Paris), Jeonju (Hego Korea), Beldocs (Serbia), Salónica (Grezia) edo Sarajevo (Bosnia) bezalako jaialdietan sarituta izan da. Popivodak Miren Jaio, Leire Vergara eta Beatriz Cavia Bilboko arte eta jakintza Bulegoko kideak izango ditu lagun.
Era berean, Golem-Alondegia zinemetan estreinatuko da Estatuan ‘We’ (‘Nous’, 2021). Alice Diop zinemagile frantsesak zuzendu du, eta Berlinaleko aurreko edizioko Dokumental Onenaren saria jaso zuen. Gainera, Encounters ataleko Film Onenaren saria ere jaso zuen.
Gaur egungo Parisko metropoli-errealitatearen erretratua da ‘We’: hiria zeharkatzen duten aldirietako trenbideetako linea baten ibilbideari jarraituz, Diop-ek garbitzaile baten, txatar-merkatari baten, ehiza maite dutenen talde handi baten, monarkiko frantziarren, erizain baten bizitzak aurkezten ditu eta, are gehiago, zuzendariak Pierre Bergounioux idazlearekin (Godard-en ‘Notre musique’-n egin zuen lehen zinema-ibilaldia, eta ‘B-17G’ eta ‘Una habitación en Holanda’ saiakeren egilea da) batera egindako hausnarketa aurkezten du.
Beautiful Docs sailean, bestalde, Golem-Alondegia zinema-aretoetan aurkeztuko dira ‘Taming the Garden’ (Salomé Jashi, 2021) eta ‘A Night of Knowing Nothing’ (2021), urteko proposamen dokumental erradikalenetako bat, non Payal Kapadia zinemagile indiarrak fikzioaren klasiko bat erabiltzen duen, genero epistolarra, protagonistak bizi den gizarteari buruz duen begirada ezagutarazteko.
Film dokumental onenaren Golden Eye saria jaso zuen Cannesen film luze honek, eta Zinebin estreinatuko da gurean.