INFO
Entrevue
Amets Arzallus
Bertsolari eta idazlea

«Gauza bat da txapela lortzea, baina zerbait uztea horren gainetik dago»

Saran bizi da egun bertsolari hendaiarra, Euskal Herri osoan ezaguna, errespetatua eta miretsia, barneko arazoei bezala kanpokoei beha, barnean eragiten duten minak azaleratu eta sendabideen xerka. Amets Arzallus, Xilabako laugarren txapelaren jabe.

Amets Arzallus, Xilaba txapelketaren laugarren txapelaren jabe. (Bob EDME)

Euriak ez dio eragiten Sarako herriaren edertasunari. Igande goiza herriko plazan; aterkiaren beharrik ez, ordea, langarraren aitzinean. Okindegian herritar batzuk, arkupeetan bisitariak eta beste herritar batzuk hitz-aspertuan, Amets Arzallusi begira jarri dira. Atzo txapela irabazi zuela erran dio batek xuxurlaka ondokoari, bertsolari hendaiarra patxadaz etorri da gugana, telebistako elkarrizketa bat amaituta. Lasai dago, goxo.

​Finala bukatu bezain laster zer sentitu zenuen?

Lasaitu eder bat hartu nuen, egia esan; poza ere bai, noski. Tentsio batean bizi duzu finala, zure buruarengandik espero duzu, jendeak espero duenak ere harrapatzen zaitu, eta orduan, ardura sentitzen duzu. Eta arduraren zama hori bukaeraraino eramaten da. Beraz, lanak ondo beteta, helburuak lortuta, lasaitasuna, liberazio moduko bat.

​Irabazi ordez, galtzeko arriskua izan bazenu bezala?

Saioan zehar epaiketa tipi bat egiten diozu zure buruari, ariketa bakoitzean, isilaldi eta eserialdi bakoitzean. Gero, psikologo txiki bat behar duzu hurrengo lanerako animoak biltzeko. Hasteko, lehen poza eta emozioa buruz burukora pasatakoan sentitu nuen, Mirenekin han bizi izan nuena ikusiz. Saioa nola piztuta egon zen ikusiz, Mirenek zenbat eman zuen eta bukaera arte tentsioan eta jokoan sentitu nintzen.

​Baina bertsoaldi bakoitzean jendearen txaloekin neurgailu moduko bat duzu, ongi egiten ari zaren edo ez jakiteko…

Bai, bai, noski, baina kanpotik jasotzen duzunetik eta baita zure barne inpresiotik ere, bi osagai horiekin kozinatzen da zure momentuko epaia eta psikologia. Eta sentsazioa neukan ofizioetan, puntu-erantzunean, bakarkako lana arte iraupen lan batean ari nintzela. Eta nahi duzu igual bordatu ariketa bat, eta esan dezagun batzuetan zuk igual nahiko argi eduki ez duzulako, nahiz eta igual txukun josi, baina distira ez diozula atera, beste batean gaiak ez duelako hainbeste pisu, bategatik edo besteagatik bete-betean ezin eseri nenbilen, ezin lehertu bezala, ez balorazio txarrekin, baina final bat izanda nahi duzu zerbait utzi. Gauza bat da puntuak jasotzea, eta txapela lortzea beste bat, baina zerbait uztea nik uste horren gainetik dagoela.

​Guri zure abiadurak egin zigun inpresioa, zein laster hasten zinen kantuan eta zein erraztasunarekin planteatu zenituen ideiak…
Ez dakit gaia eman ondotik zenbat denborara hasi nintzen. Uste dut batzuetan denbora gehiago pasa dudala, bai, lehen aipatutako sentsazio-kumulu horretatik banuen nire buruarekin estimulazio moduko bat, eta antsietate puntu bat ere; orduan zaila da hotz mantentzen eta prezipitazio puntu bat izaten dut nik halakoetan. Gero, ez nuen amildegira saltatu, nahiko ondo atera zitzaidan, baneuzkan harriak pausatuak bidean, baina ez denak, bidean bilatu behar izan nituen. Abiadurarekin lotuta, behin kantuan hasita, nire buruari askotan esan behar izaten diot saiatzeko pixka bat… ez moteltzen, baina pixka bat eusten bai, zeren eutsiz igual bidean falta zaizun hitz bat bilatzeko arnasa gehiago izan zenezake eta jendeak entzun dezan egokiago da. Norbere estiloaren araberakoa da halere, baina azkar kantatzea bertute bat izan litekeen legez, azkarregi kantatzea ez dut hala ikusten.

​Finala aztertzeko, zortziko handitik hasiko gara, lehen ofizio puntuagarria Odei Barrosorekin.

Gaia entzun bezain laster, aurrekoarekin konparatu nuen, arinagoa zela sumatu nuen, eta zailtasun bat ikusi nion. Baditut surflariak diren lagun batzuk, eta haien problematikarekin enpatia izatea ez zait ariketa erraza iruditzen. Beraz, kontzientzia hori baneukan, eta olatu horri indarra non bilatzen ahal genion, lehen kezka. Odei kantuan hasi zenean ea berak niri etorritako ideia bera ez ote zuen botako, melodiarekin surfeatu behar izan nuen bestalde… utzi behar den hori utzi gabe, baina egindakoarekin aski kontent eseri nintzen.

​Zortziko txikian arrebarekin, saio bizia, betea…

Arrebarekin kantatzen dudanean, finaletan, soltura hartzen kostatzen zait. Hari asko gurutzatzen dira, emozioak eta abar. Polita da, baina era berean zaila. Ondo ikusi nuen arreba, bertsoak ere hurrengo egunean irakurrita hobeak iruditu zitzaizkidan, ofizioaren barruko dialektikara jotzean, elkarri erantzunez; bertsoaren magia horretan datza, hala uste dut, baina txapelketan nahi gabe ere zure bertsoak aurrez armatzen saiatzen zara eta erantzunekin lotzen gero.

​Puntuen erantzunak, azkar, zuzen, gaia azalduz...

Sei bertsolarirentzat hiruko sorta jarri behar denean tematika desberdinekin dantzan ibili behar da, eta lehen hitzetik Zinegin jaialdia entzun nuenean, zalantza neukan ea nik saiatu behar nuen publikoari aurkezten, ea hegoaldetik etorritako entzuleak kokatuko ote ziren gai horretan, indarra zeri eman behar nion, lehen kolpetik Hazparnera eraman, informazioa eskaini eta osatu, eta gero bigarrenetik aurrera mami gehiago sartu. Pozik eseri nintzen egindako lanarekin.

​Hamarreko txikian Maddi Anerekin, ohikoan luzitu ohi duzun neurria...

Oso barrutik ukitzen nauen gaia, txertoaren inguruko eztabaida, etxean modu kritikoan bizi duguna eta ondorioak pairatuz gainera, eta horrek eragin zidan pentsamenduan: «Uf, hemen nire tripako minak atera daitezke; beraz, ea asmatzen dudan egoki formulatzen gauzak», baina ideia dispersoak neuzkan. Maddi Aneren papera ez zen batere erraza bestalde, txertoa hartu ez duen bat eta lana galdu duena, dialektikaren espaziorik ez zeukan; ni beste aldean nengoen, eta buruan neukana, bizitzen ari garen guztia... frustrazio moduko batekin eseri nintzen gustatzen zaidan metrika baita hamarreko txikiarena.

​Lehen kartzelakoan nola ikusi zenuen zeure burua?

Normaz kanpora bizi diren pertsona batzuen egoerak etorri zitzaizkidan, haien pairamenak. Hurbiletik bizi dut gai hau harreman batzuk direla medio, eta lehen bertsoan esan nuena, adibidez, askotan esan didate, eta barne hausnarketa eta autokuestionamendu asko eragiten dit pertsona bezala begirada nola darabildan, inkontzientziak nola darabilen begirada hori, askatu ezin dituzun zenbat inertzia dauzkazun, atzean zenbat estruktura dauden, norbaitek niri begira nahi gabe esan nahi balit bezala: «Hau ez da nire lekua». Pertinentea iruditu zitzaidan horrekin jokatzea eta begirada horien katetik askatzeko nahiko sinpleki formulatuta pozik gelditu nintzen egindakoarekin.

​Buruz burukora Mirenekin?

Epaitzen joan nintzen, arriskuak ikusten, aukerak aztertzen. Banekien kantatzen segi nezakeela, kartzelan inpresioak aldatzen ditugu eta horrek errealitatean kokatzen laguntzen dizu... Arrebak esan zidan garbi ikusten ninduela. Miren polborarekin ikusten nuen eta berezia izaten da halakoetan, Odeiren kartzela ez nuen entzun, arreba... azkenean Mirenekin, eta emozionantea izan zen. Seiko motzean egoera komikoan hasi ginen, zortziko txikian ere bai, eta Miren beti estutzen sentitzen nuen; berak gaiari ikusten ez diozun zerbait ateratzeko gaitasuna du.

​Azken bakarkakoa maisulan bat...

Gustatu zitzaidan gaia, nahi nuen halako zerbaiti buruz hitz egin. Doinua ere berezia erabili nuen, Unai Agirreri entzundako bat, lau puntu motzekin hasieran, eta gustura gelditu nintzen.

Eta txapela berriro, azken agurra, ama...

Azkenaldiko bizipenak biltzen saiatu nintzen, etxeko egoeratik, oroitzapen keinu bat eta maitasun aitormen xume bat egitetik hasi. Horrek Biriatuko mendira eraman ninduen eta zerbait badu mendi horrek da azpian Bidasoa duela, muga, azken urteotan bihurtu denarekin kezkatuta, minduta, eta interpelaziorako baliatu nahi nuen, inguruari, arduradunei, alkateei, migrazio politikarekin ardura zuzena dutenei. Gure leihopean bere bizitzari eusteko bizitza arriskuan jarriz dabilen jendea ikustea ezin sinistuzkoa iruditzen zait, eta bukaera tragikoa dagoenean baizik ez zaio arreta eskaintzen.