INFO

Flandria eta Euskal Herriko eragileek bat egin dute kultur harremana sendotzeko

Hiru egunetan Flandriako eragileek EAEko hainbat zentru ezagutuko dituzte, eta euskal eragileekin topaketa egingo dute, elkar ezagutu eta elkarlana sustatzeko asmoz. Bi herriek dituzten antzekotasunak oinarri, hitzarmen bat sinatu dute.

Gasteizko Santa Maria elizara egin duten bisita. (ETXEPARE)

Etxepare Institutuak iragarri duenez, Euskal Herriaren eta Flandriaren arteko kultur trukaketa martxan da. Lehen urratsa, eragileen arteko topaketa profesionala da, azaroren 15etik 17ra egiten ari direna. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira, eta lan bilerak egiteaz gain, hainbat jarduera kulturaletan ere parte hartuko dute. Hizkuntza, kultura eta sormen industrien alorreko 15 erakundetako ordezkariek hartuko dute parte, 30 euskal eragile ingururekin batera. Flandria eta Euskal Herriaren arteko kultur harremanak estutzea du helburu, euskal kulturari leihoa irekitzeko xedez.

 

Asteazkenera arte, eragileek aukera izango dute ezagutzeko Gasteizko Santa Maria katedrala eta Artium, Bilboko, Guggenheim, Arte Ederren Museoa eta Alondegia, Donostiako Tabakalera, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria eta Hernaniko Chillida Leku, besteak beste.

Elkar ezagutzea areagotzeko, bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatzeko, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatzeko, esperientzia eta ezagutza trukatzeko, eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin antolatu ditu topaketa hauek Etxepare Institutuak.

Guztira, arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko hamabost flandriar eragile, publiko zein pribatu, eta hogeita hamar bat euskal eragile bilduko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon antolaturiko jardueretan.

Harrera

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin elkartu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin zien astelehenean Lehendakaritzan. 

Eragileokin batera bertaratu da Euskal Herrira Jan Jambon Flandriako ministro-presidentea. Izan ere, elkar ulertzeko memorandum berria sinatu zuten Urkulluk eta biek astelehenean, 2015ean sinatu zuten lankidetza akordioa indartzeko. EAEk eta Flandriak orain arte izan dituzten lankidetza esparruak errepasatu zituzten, eta bi lurraldeek dagoeneko lankidetzan ari diren arloen balantzea egiteko ere balio izan zien topaketak, hala nola kultura eta sormen industriak, bioteknologia, adimen artifiziala, klima aldaketa edo turismoa. Lan eremu berriak aztertu zituzten, digitalizazioa eta zibersegurtasuna, besteak beste. Gainera, pandemiaren ondoriozko egoerari eta etorkizuneko aurreikuspenei buruzko ikuspegia partekatu zuten bi presidenteek.

«Flandes eta Euskadi integrazio europarrarekin konpremitutako bi errealitate nazional gara», adierazi du Urkulluk. Flandriak Quebec eta Eskoziaren lekukoa hartuko du.

Flandria-Euskadi hitzarmena

Astelehenean sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren arabera, Euskal Herriak eta Flandriak identitate kolektiboaren eta beren historia, kultura eta hizkuntza propioaren zentzu sakona partekatzen dute. Hori dela eta, bien arteko harremanak sakontzeko asmoa adierazi dute, interes komuneko hainbat eremutan lankidetzan aritzeko.

Horrela, dokumentuan, hasiera batean, bi gobernuen arteko lankidetzaren oinarri izango diren 15 arloak jasotzen dira. Besteak beste: digitalizazioa; ingurumena (bereziki ekonomia zirkularrari, klima aldaketari eta itsas ikerketari dagokienez); garraioak (batez ere portuei, logistikaren garapenari, mugikortasunari eta obra publikoei dagokienez); gizarte politikak; genero berdintasuna; turismoa; kultura eta sormen industriak; osasuna; eta enplegua eta enplegurako zerbitzu publikoak.