INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Garbitzaileen borroka: patronalaren eta Guggenheimen jarreraren parodia

ELA sindikatuak deituta, Guggenheimeko garbitzaileak museoaren sarreran elkartu dira soldata arrakala bukatu dadin exijitzeko. Ferrovial garbikuntza enpresako langileen greba mugagabeak 159 egun bete ditu astearte honetan.

Grebalariak Guggenheim museoaren aurrean egindako mobilizazioan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ferrovial enpresaren azpikontratazioaren bidez, Guggenheim museoaren garbiketaz arduratzen diren langileek 159 egun bete dituzte greban astearte honetan. Garbitzaileak museoaren aurrean elkartu dira soldata arrakalaren behin betiko ezeztapena aldarrikatzeko. Ezohiko elkarretaratzea izan da; izan ere, parodia eta performancez beteta egon da. Hori horrela, ‘Enpresa Moderatuen Asoziazioa’, Gipuzkoako garbitzaileen ordezkaritza batek antzeztuta, ere bertan izan da Guggenheim museoko zuzendaritza «emakumeen zapalkuntzaren alde egindako lanagatik» zoriontzeko.

Museoaren sarreran egindako elkarretaratzean, ELAren aldarrikapen nagusiak garbikuntza sektoreko soldata arrakala deuseztatzea izan du oinarri. Izan ere, garbitzaileen arteko bi azpisektoreak alderatuz gero, bata, gizonezko gehien biltzen dituen kale garbitzaileena, eta, bestea, erabat feminizatutako eraikinetako garbitzaileena, sindikatuak ondorioztatu du «garbi ikusten» dela urteko soldatan «8.000 bat euroko aldea» dagoela.

«Kontuan izan behar da Bizkaian garbitzaile baten oinarrizko urteko soldata 16.000 bat eurokoa dela, lanaldi osoa izateko ‘zortea’ badu. Hortaz, Bizkaiko garbitasunean arrakala %50ekoa da, gutxi gorabehera», gehitu du ELAk.

Une honetan, negoziazioak blokeatuta daude joan den astean Ferrovial enpresaren aurka izandako epaiketa batengatik. Garbitzaileek enpresa greba eskubidea urratzeagatik salatu zuten. Epaitegiko ateetan, grebalariek 2025erako gutxi gorabeherako 1.000 euroko soldata igoera izateko eskaintza jaso zuten enpresaren aldetik, baina Ane Zelaiak, ELAko Bizkaiko garbikuntza sektoreko arduradunak, azaldu du grebalariek «aho batez» eskaintzari uko egitea erabaki zutela hori ez zelako «aldarrikatzen zutena» ezta «pauso bat soldata arrakalarekin amaitzeko bidean».

Hala ere, Zelaiak nabarmendu du aldarrikapen zuzena Ferrovial enpresa kontratatzailearen aurkakoa den arren, Guggenheim museoak erabakitzen duela «zenbat diru jartzen den azpikontratazio horretan» eta langileek «zer lan baldintza dituzten».

«Azken erabakia Guggenheim museoak dauka. Guggenheim museoaren atzean Bizkaiko Aldundia, Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza daude eta, orduan, langile hauek greban izatea eta soldata arrakala hau oraindik ere existitzea erabaki politikoa da. Zentzu horretan, aldarrikapena ia-ia Ferrovial enpresaren kontrakoa baino, administrazioaren aurkakoa da», zehaztu du Zelaiak.

Performancea borroka metodo gisa

‘Enpresa Moderatuen Asoziazioa’ ELAren Gipuzkoako 40 bat garbitzaileko ordezkaritza batek antzeztu du. Garbitzaile hauek Guggenheimeko grebalariei babesa erakusteko hurbildu dira Bilbora eta performancean bete-betean sartu dira. Hauek, patronalarekin izandako negoziazio bileretan mahaigaineratutako ideia nagusiak parodiatu edo antzeztu dituzte, jantzi dotoreak eta diru faltsuz betetako maletinak soinean jarriz.

Hori horrela, ‘Enpresa Moderatuen Asoziazioak’ «soldata arrakala, gezur sindikala», «moderazioa, soluzioa» eta «pagando en precario nos hacemos millonarios» bezalako leloak erabili dituzte. Hots, leloak patronalarekin izandako bileretan entzundako argudioetan inspiratuta egon dira.

Ekitaldiaren amaieran sokatira erronka bat antzeztu dute bi taldeek, non grebalariek irabazi duten. Azkenean, elkarrekin ‘Bella ciao’ dantzatuz itxi dute performancea.