INFO

Hezkuntza eta elikadura aztergai dituzte Nora Salbotxek eta Tasio Erkiziak bi liburutan

‘Askatu edo moztu’ eta ‘Jan eta jabe’ liburuak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren, Tasio Erkiziak eta Nora Salbotxek. Txalaparta argitaletxeak, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean, argitaratutako bi saiakerek hezkuntza eta elikadura dute mintzagai.

Nora Salbotxek eta Tasio Erkizak Iparrorratza bildumaren bi liburu berri argitaratu dituzte. (Txalaparta)

Txalaparta argitaletxeak, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean, Iparrorratza bildumaren bi liburu berri aurkeztu ditu astearte honetan Donostiako Udal Liburutegian: Nora Salbotxen (Iruñea, 1973) ‘Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak’ eta Tasio Erkiziaren (Lesaka, 1943) ‘Jan eta jabe. Elikaduraren bidez, herria eraikitzen’.

‘Askatu edo moztu’ eta ‘Jan eta jabe’ liburuak aurkeztu dituzte Nora Salbotxek eta Tasio Erkiziak. (Txalaparta)
‘Askatu edo moztu’ eta ‘Jan eta jabe’ liburuak aurkeztu dituzte Nora Salbotxek eta Tasio Erkiziak. (Txalaparta)

«Bidasoaren bi aldeetara, hezkuntza, gurea, egundaino ez zaigu emana etorri. Bi estaturen interesen zerbitzura eraikitako sistemen gainetik, herri honen behar eta nahiei erantzunez egin dugun eta egiten gabiltzan prozesua da euskal hezkuntza. Hori dela eta, euskal hezkuntzagintzaz hitz egiten da liburu honetan; bizirauteko behar gorrian sortu, bulkada komunitarioan hazi eta gaur egunean mehatxu eta erronka berriei aurrez aurre begiratu beharko diena. Euskal hezkuntza sistema publiko-komunitario euskaldun, feminista, demokratiko eta aske baten korapiloa dekolonitateetan askatzea dagokigu, kanpo, barne zein gure baitakoetan. Askatzea diogu... edo moztea!», dio Salbotxen liburuaren sinopsiak.

Tasio Erkiziaren liburuaren abiapuntua, hauxe: «Mendebaldean, jatea ekintza aski arrunta da, ohikoaren zentzuan, bai eta beharrezkoa ere; hain zuzen horregatik du dimentsio sozial eta politiko ikaragarria. Esperientziatik eta konbentzimendutik idatzitako saiakera didaktiko honetan, elikadura estrategikotzat aurkeztuko zaigu, nazio baten ekonomia, osasuna, kultura eta izaera uztartzen dituen esparrua delakoan. Egun nagusi diren nekazaritza intentsiboa eta agroindustria hizpide hartu eta, alternatiba gisara, zirkuitu laburraren, ekonomia zirkularraren eta saltoki kolaboratiboen alde egiten du».

«Egunez egun bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko bidean lanabes izan nahian», liburuxka honek Euskal Herrian martxan diren proiektuak ezagutzera eman eta plangintza-manifestu adostu baten beharra agertzen du, bai eta botere eraldatzaileen arteko sinergiak proposatu ere. «Elikadura baita, akaso, multinazionalen morrontzetatik askatzeko eta euskaldun jendea eta herria saretzeko alor oinarrizkoena», uste du egileak.

Salbotx eta Erkizia

Aurkezpen handirik ez dute behar bi egile hauek, baina hau da argitaletxeak nabarmentzen duena. Nora Salbotx Alegriari dagokionez, Haur Hezkuntzan eta Psikopedagogian graduatua da, Landa Eremuko Hezkuntzan aditua eta Hezkuntza eta Komunikazioan masterra egina du. Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle aritutakoa, gaur egun Amaiurko eskolako zuzendaritzan eta Baztango Herrietako Eskoletako koordinazioan dabil. Hik Hasiko, Herri Hezitzaileen sareko, Eusko Ikaskuntzaren hezkuntza lantaldeko eta Plaza Hutsako kide. Bertze hainbat elkarte eta eragilerekin kolaboratzen du hezkuntza aferetan. Irakasleen formakuntzan aritzen da hizkuntza idatziaren didaktika eta landa eremuko hezkuntzaren ildoak jorratuz.

Ibilbide luzeagoa egin du Tasio Erkizia Almandozek: «Apaiz ordenatu zen eta Psikologian lizentziatu. 1971. urtean Karmelo ikastolan eskolak ematen hasi zen eta bertoko zuzendari ere izan zen. Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen eta geroztik hamaika lan egin ditu ezker abertzalean eta herri mugimenduan; esate baterako, Errigora ekimenaren bultzatzaileetako bat da, eta Labore Oartso eta Labore Bilbo elikaduraren aldeko proiektuen garapenean parte hartu du».