«Txikituta baina pozik» esnatu zen Altuna «tentsio handiko» finalaren ostean
Amezketarrak harro erakutsi zien hedabideei bere bosgarren txapela, finalaren biharamunean. Era askotako sentipenak pilatu ziren igandean Bilbon, egindako txapelketa ongi laburbildu zuen partidan.
Jokin Altunari ohitura ederra bilakatzen ari zaio finalen osteko astelehen arratsaldeetan komunikabideekin hitzordua jarri beharra. Bakarkako segidako hirugarren txapela bereganatu zuen amezketarrak igandean Bilbon, eta, atzo onartzen zuenez, pozik baina nekatuta zegoen biharamunean. Baina ez ospakizunengatik bereziki, nahiz eta hori ere asko eskertu zuen.
«Berandu samar etorri nintzen. Partida amaitutakoan elkarrizketa asko juntatzen dira, arnasa hartzeko denborarik ere ez, eta gogoa izaten duzu apur bat lasai egoteko. Takoak kentzen lasai egon nintzen, nire denbora hartu nuen, hirugarren partidako pilotariak dutxatu eta alde eginda zeuden frontoitik irten nintzenerako; azkena joan nintzen. Lasai afaldu nuen lagun eta senideekin, eta pozik nago. Oso eskertuta jendeari, batzuk gaur jaieguna hartu zuten, besteek laneko txanda aldatu… Egun polita izan zen».
Nekea igandeko finalak utzi zion, aitortu zuenez tentsio handiko finala izan zelako beretzat. «Daukadan gorputzaldiagatik bakarrik sentitu egiten dut atzoko finala [igandekoa] tentsio handikoa izan zela. Jokatu izan ditut fisikoki atzokoa baino partida gogorragoak, baina agujeta edo minik ez dut izan hurrengo egunean. Donostian Lasoren aurka jokatutako buruz buruko hura, adibidez, fisikoki gogorragoa izan zen, baina tentsioa ez dago konparatzerik. Orain, aldiz, gorputz guztia minbera daukat, eta ez da parrandagatik, partidagatik da».
«Zailtasunak bidean»
Finalak txapelketan izan dituen bizipenak ongi islatu zituela esan daiteke, zailtasunak aurkitu arren aurrera egiteko gaitasuna erakutsi zuelako. «Ezkurdiaren aurkako finalerdian 18 tanto egin nituen, pilota guztiak nahi nituen lekuan jartzen nituen. Horrelako egunetan ia pentsatu gabe dena ongi ateratzen zaizu, eta iruditzen zaizu dena erraza eta polita dela. Baina atzokoa bezalako final batek kirolari bati asko ematen dio, sentsazio desberdin asko dira, zailtasunak aurkitzen dituzu bidean, eta horiek gainditzeko gai izatea garrantzitsua da. Atzo gauean esan zidan bat edo bestek: ‘gaizki jokatu eta irabazi’. Ez da horrela. Uste dut hori esatea errespetu falta dela aurkariarekiko, eta, gainera, badakit gaur egun gaizki jokatuta ezin zaiola Unai Lasori irabazi. Txapelketa bakoitzean partida desberdinak daude, batzuetan dena irteten da, besteetan sentsazioak ez dira horren onak izaten, eta atzokoari horregatik ematen diot hainbesteko balioa eta horregatik ospatu nuen hainbeste».
Altunak ez du uste esperientzia kontua bakarrik denik, nahiz eta argi duen azken urteotan ikasitako guztiak bere balioa duela kantxa gainean. «Finalak bi zati oso desberdin izan zituela iruditzen zait. Aurreneko zatian ni oso gustura sentitu nintzen, piloteoan ere nagusi nintzen. Eta bigarren zatian bera izan zen nagusitu zena. Zu ongi zaudenean saiatu behar duzu ahalik eta alde handiena ateratzen, eta alderantziz denean partidari ahalik eta ongien eusten. Hori ikasi dut urte hauetan beteranoengandik. Asko hitz egiten da egindako tantoez, baina gutxi oparitzeak ere asko balio du eta nik uste atzo horregatik irabazi nuela».
«Hanka-sartzea izan zen»
Igandeko finalaren berritasunetako bat izan zen publikoarekin jokatzeko aukera aspaldiko partez, eta publikoaren jarrera ere albiste bilakatu zen azkenean, finala gelditu egin baitzuten zenbait pertsona musukorik gabe zeudelako. Jokinek argi erakutsi zuen bere haserrea finalaren amaieran, eta frontoira joaten den jendeari ere jarrera egokia izateko eskatu nahi izan zion gipuzkoarrak atzo.
«Uste dut 19-19koarekin finala gelditzea sekulako hanka-sartzea izan zela. Abisuak lehenagotik egon ziren. Gogoratzen naiz 12. edo 13. tantotik abisuak entzuten zirela. Batzuk nire afiziokoak izango ziren, besteak Unairenak, ez dut inor seinalatu nahi, baina jada helduak gara denok eta entzuten baldin badugu musukoa jarri egin behar dela ba jarri egin beharko da. Azkenean, 19-19koan gu aldageletan sartuta, sekulako tentsioarekin, eta batzuek berdin-berdin jarraitzen zuten kantari. Uste dut pilotariok eta sarrera ordaindu duen jendeak errespetua merezi duela eta gertatutakoa pilotarentzat itsusikeria dela. Etxetik ere milaka pertsona zeuden finala ikusten eta ez zen normala izan gertatutakoa. Inor seinalatu gabe, baina berriz ez dadila gertatu», eskatu zuen.
Gertaera horrek ere, nolabait, areagotu zuen kantxan zegoen tentsioa, eta Altunak onartu zuen ez zela erraza izan burua ez galtzea. «Bizitako une horiek ez ziren ederrak izan, eta normalak ere ez. Jokatzen ari zara, entzuten duzu megafoniatik finala geratu egingo dela esaten, zu isilik zure buruarekin nahiko lan daukazulako… Erraz esaten da partidatik ez ateratzeko, baina une horietan ez zen batere erraza. 19-19, iruditzen zaizu aurkaria oso gertu dagoela 22tik, baina zu ere hor zaude. Amaitutakoan tentsio piloa askatu nuen, lasaitu handia hartu nuen, eta oso pozik horregatik».
Unea bizitzeko gogoz
Bosgarren txapela 25 urterekin, Lau eta Erdiko hirugarrena... Argi dago Altunaren zenbakiak izar handienen pareko edo are ikusgarriagoak direla, nahiz eta berari horretaz jardutea ez zaion asko gustatzen. «Poza latza, baina atzokoagatik, ez aurrekoengatik. Aurrekoak hor daude, baina balio duena oraingo hau da. Unean unekoa bizi behar da, kirolean are gehiago, orain agian goian zaudelako baina hemendik hilabetera baxu edo horren ongi ez».
Ildo horretatik, asteburuko beste protagonista, Aimar Olaizola, gogora ekarri zuen. «Aimar oraintxe erretiratu da. Txikitan kirolari batzuk betirako izango zirela iruditzen zitzaidan, eta orain konturatzen zara hemen denak duela hasiera bat eta bukaera bat. Gauza onak eta txarrak daude, eta agian horregatik gehiago saiatzen naiz une bakoitza gehiago bizitzen».
Eta biziko duen hurrengoa asteburuan hasiko den Binakako Txapelketa izango da, gaur goizean Bilbon aurkeztuko dena. «Kirolariak bere buruari erronkak jartzen joan beharra dauka. Orain, adibidez, Binakakoa hasiko da, eta hor ere badauzkat oraindik lortu gabekoak. Ilusioa garrantzitsua da eta horregatik saiatzen naiz txapelketa bakoitzean nire motibazioa aurkitzen», adierazi zuen amezketarrak. Hasiera, behintzat, berezia izango da, Bartzelonan ekingo diolako Binakakoari.