Bergaran «ezkutuko erraustegi bat» zabaltzeko asmoa bertan behera uzteko eskatu du ELAk
Bergaran martxan jarri nahi duten pirolisi planta «ezkutuko erraustegi bat» dela uste du ELAk, eta horregatik proiektua bertan behera uztea eskatu dio Lakuari. Era berean, horren aurkako mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du.
Bergaran eraiki nahi den paper hondakinak kudeatzeko pirolisi instalakuntza «ezkutuko erraustegi bat» dela uste du ELAk. «Paper fabriketako hondakinak birziklatu edo beste modu batera tratatu beharrean, erre egingo dituzte, eta urtean 155.000 tona erre ahal izango dira», esan du sindikatuak, Zubietako erraustegiak 200.000 tona erretzeko gaitasuna duela argituz.
«Horrelako instalazioek ez dute lekurik gaur egun sufritzen dugun krisi klimatiko eta ekologikoan. Alternatiba hondakinak gutxitzean datza: ekoizpenean neurriak hartu behar dira horrenbeste hondakin ez sortzeko», adierazi du. Hala, uste du industria politika ekonomia zirkularra bultzatzean oinarritu beharko litzatekeela, baina egun ez dela ekoizpenean eraldaketarik planteatzen, bultzatzen den bakarra internazionalizazioa eta fiskalitatea jaistea delako.
Zaldibarko zabortegia behera etorri ondoren hondakin industrialentzat eman den lehen aukera erraustegi bat izatea «larria» dela uste du ELAk. Izan ere, erabaki hori «Europako ingurumen eta hondakin politiken guztiz aurka doa» sindikatuak esandakoaren arabera, eta gogoratu du Arantxa Tapia sailburua Glasgowko COP26 goi bileran izan dela klima aldaketaren aurkako jarrera adierazten. «Hemen, aldiz, larrialdi klimatiko eta ekologikoa areagotuko duen instalazio bat bultzatzen ari da», salatu du.
Era berean, ELAk esan du Bergarako proiektuaren berri komunikabideen bitartez izan duela. «Beti bezala, Eusko Jaurlaritza ezkutuan jokatzen du informazioa ematerakoan, eta medioak erabiltzen ditu propaganda egiteko», kexatu da.
ELAk dio erraustegiak, baita Bergaran iragarritako pirolisi instalazioa ere, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak direla, eta horregatik, herritarrek azaldu duten kezkarekin eta kontrako jarrerarekin bat egiten du sindikatuak, eta Bergarako erraustegia geldiarazteko mobilizazioetan parte hartuko duela iragarri du. Hala, «Bergaran jarri nahi den ezkutuko erraustegia bertan behera uztea eta ekonomia zirkularrean oinarritutako industria politika ezartzea» eskatzen du sindikatuak.