INFO

Droga-gaindosiak eragindako heriotza bat bost minututik behin AEBetan

Ameriketako Estatu Batuetan 100.000 pertsona baino gehiago zendu dira urtebetean pandemia garaian droga-gaindosien ondorioz. Osasun-agintariak asaldatu dituen aurrekaririk gabeko krisi hau fentaniloaren legez kanpoko salmentarekin lotuta dago, batez ere.

Herioinaren antzeko efektua eragiten duen opioide indartsua da fentaniloa. (Joaquin CORBALAN/GETTY IMAGES)

2020ko apirila eta 2021eko hil beraren artean, droga-gaindosiek eragindako 100.306 heriotza zenbatu dituzte AEBetan, aurreko hamabi hilabeteetan baino %28,5 gehiago (78.056 kasu izan ziren orduan), Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroek (CDC) zabaldutako behin-behineko zifren arabera.

100.000 heriotzen muga sinbolikoa gainditzen den lehen aldia da. Bost minututik behin pertsona bat zendu dela esan nahi du horrek. 

Opiazeo sintetikoak, bereziki fentaniloa, izan ziren berriz ere gandosien ondoriozko heriotzen arrazoi nagusiak, guztien ia bi heren (%64) eragin baitzituzten, hau da, aurreko urtearekin alderatuta %49 hazita.

CDCek ohartarazi dutenez, fentaniloa morfina eta heroina baino 50 aldiz indartsuagoa da, eta sarri legez kanpo saltzen da, heroinaren antzeko efektuak dituelako.

Argitaratutako zifrek erakusten dute metanfetamina eta beste psikoestimulatzaile batzuen gaindosien ondoriozko heriotzak ere nabarmen hazi direla, %48 gehiago 2021eko apirilean amaitu zen urtean, aurreko urtearekin alderatuta.

Kokainak eta errezetatutako analgesikoek eragindako heriotzak ere igo egin ziren aurreko urtearen aldean, baina ez hain nabarmen. 

Adituen arabera, jada hazten ari zen fenomeno bat bizkortu du pandemiak, populazioaren zenbait sektoreren isolamendua areagotu baitu.

«Ezin dugu ez ikusiarena egin»

Datu horien berri jaso ondoren, Joe Biden AEBko presidenteak «mendekotasunei aurre egiteko eta drogen gaindosi izurriteari amaiera emateko eskura dagoen guztia» egiteko konpromisoa adierazi du ohar batean.

«Prebentzioa indartzen ari gara, kalteak murriztea sustatzen, tratamendua zabaltzen eta sendatzen ari diren pertsonei laguntzen, bai eta gure komunitateetan substantzia kaltegarrien hornidura murrizten ere. Eta ez dugu etsiko», gaineratu du Bidenek.

Agintariak azpimarratu du, era berean, bere Administrazioak 4.000 milioi dolar esleitu dituela AEBetako Erreskate Planaren bidez (Kongresuak joan den martxoan onartutako 1,9 bilioiko estimulu-paketea), substantzien erabileragatik eta osasun mentalagatik sortutako nahasmenduetarako zerbitzuak indartzeko eta hedatzeko.

«Ezin dugu heriotzen epidemia honen aurrean ez ikusiarena egin», ohartarazi du Bidenek.

Bestalde, Xavier Becerra Osasun idazkariak kazetariei esan dienez, «okerrera egin duen krisi honi aurre egiteko garaia da».

«Doluan dauden familien aurpegietan ikusten dugu, baitan lanez gainezka dauden zaintzaile guztiengan. 911 telefonoan izu dei bat jasotzen duzun bakoitzen sumatzen duzu», esan du Becerrak, lanari ekiteko ordua dela gaineratuz.