INFO

Euskal Elkargoak bi milioi euroko inbertsioa eginen du Mauleko Agerria eremuan

Mauleko Agerria eremuaren geroak zeresan asko eman du azkeneko hilabetetan. Izan ere, haren jabetza noren gain geldituko zen izan baita ezbaian. Finean argitu da afera. Paueko merkataritza auzitegiak bere deliberoa eman du, Euskal Elkargoak egin proposamena ontzat emanez.

«Lurraldearentzat laborantza, turismo eta kultur proiektu» gisa definitu dute Agerriako egitasmoa. (@Kazetaeus)

Laburbildurik, proposamen bi baziren mahai gainean. Alde batetik, Zuberoko hainbat enpresariren ekimen pribatu bat eta bestetik Euskal Hirigune Elkargoarena. Finean, azaroaren 16an, Paueko merkataritza auzitegiak bere hautua egin zuen. Hala, Euskal Elkargoak egin proposamena ontzat eman zuen erakundeak.

Prokuradoreak Ipar Euskal Herriko erakundearen proiektuaren «sendotasuna» nabarmendu zuen. Era berean, Zuberoako hainbat enpresarik aurkezturiko proiektua «anbiziotsuegia eta gaizki estekatua» zela iradoki zuen.

Azken urteotan lan hadiak egin dituzte Agerriako eremuan. Izan ere, zailtasun handiak izan dira bertan jarduera iraunkorra bermatzeko.

Ipar Euskal Herriko instituzioak bi milioi euroko inbertsioa proposatu du ostatu hartzeko eremua berrabiatzeko eta haren kudeaketa egiten duen ekonomia mistoko Agerria sozietatea (SEM) berrindartzeko.

Euskal Elkargoaren kontseilu iraunkorra joan den azaroaren 9an bildu zen Agerriaren erosketan hautagai gisa aurkezteko. Bi milioi euroko inbertsioarekin garapen ekonomikoa segurtatzeaz harago, «lurraldearentzat laborantza, turismo eta kultur proiektu» gisa definitu zuen bere eskaintza.

Bere asmoa hotel-jatetxearen, laborantzaren eta arnogintzaren aktibitateak atxikitzea da eta Zuberoko dinamika kulturala ere balioztatzeko baliatu nahi du, «alde anitzeko arte sorkuntzarako tresna» bilakatzeko. Ikasleentzat bizitegiak ere sortzea aurreikusten du proiektuak.

Aferak tentsioa eta desadostasuna sortu du azken hilabeteetan eta Euskal Elkargoko bozketan ez zen aho bateko iritzirik izan.

Kontseilu iraunkorrean 37 hautetsik egin zuten egitasmoaren alde, 18k abstentziora jo zuten eta 14 izan ziren kontrako boza eman zutenak.

EAJ-PNB Euskal Elkargoko hautuaren aurka

Hain zuzen, EAJ-PNBk oharra plazaratu du gaur Euskal Elkargoak Mauleko Agerriako eremua bere baitatik berpizteko hartu duen erabakia auzian emanez.

Jeltzaleen esanetan, «Hiri Elkargoak ez du lurraldeko eragile ekonomikoekin lankidetza bat lehenetsi, hautetsiekiko mesfidantza areagotzeko arriskuan».

Hainbat tokiko enpresen eta 180 akziodun pribatuen parte-hartzearekin osatutako "Fraideak" izeneko «xiberotar eskaintza pribatu batekin» lehiatu izana egotzi dio aipaturiko alderdiak Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundeari.

Bestalde, Euskal Hirugune Elkargoko egitasmoak izanen duen kostua aipagai izan du EAJ-PNBk. Era berean Iparraldeko erakundeak aurkezturiko eskaintza ez dela «ez eztabaidatu ez da bozkatu ere» Zuberoko poloaren kontseiluan salatu du EAJ-PNBk.