INFO

Maguette Mbeugou 83 labankadekin hil zuen senarrak; erasoa «basatitzat» jo du forentseak

Bara.N-ren aurkako bostgarren epaiketa saioa izan da ostegun honetan Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Biktimak, gutxienez, 83 labankada jaso zituela baieztatu du forentseak.

M.Mbeugouren senarra, Bara.N, ostegun honetako epaiketa saioan. (Miguel TOÑA/POOL/EFE)

Bara.N, Maguette Mbeugouren 39 urteko senarra zenaren aurkako epaiketaren bosgarren saioa izan da ostegun honetan Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Bertan, kasuko forentseak baieztatu du eraso «basati» baten biktima izan zela eta, gutxienez, «83 labankada» jaso zituela eztarri, buru eta torax inguruan.

Horrezaz gain, emakumeari eskuetan erasoaren aurrean bere burua defendatzen saiatu zela frogatzen zuten beste zauri batzuk ere aurkitu zitzaizkiola jakinarazi du kasuko forentseak.

Bara.N-rentzat, hilketaren egiletza aitortu duen gizonarentzat, Fiskaltzak eta akusazio partikularrek 40 urte inguruko kartzela zigorra eskatzen dute. Akusazio partikularrak Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta biktimaren nebak osatzen dituzte.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrek Mbeugouren bikotekideari hainbat delitu leporatzen dizkiete: «erailketa», «ohiko tratu txarrak» eta «adin txikikoak bakarrik uztea». Izan ere, emaztea hil ostean, Bara.N-k 2 eta 4 urte zituzten alabak abandonatu zituen familiak Bilbon zuen etxebizitzan. Haurrak egun bat baino gehiago egon ziren bakarrik etxean artatu zituzten arte.

Bitartean, defentsak esan du «homizidio» delitu baten aurrean daudela, hori baino ez, eta zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen du akusatuarentzat. Ildo horretan, akusatuak dio «biktimak eraso ziola lehenengo» eta ondoren berak «hil zuela» aitortu du.

Zauria, «bere buruari egindakoa»

Forentseak azaldu du senarrari 10,5 zentimetroko «lesio» bat aurkitu ziotela eztarrian, baina ziurtatu du zauria akusatuak «bere buruari egindakoa» eta «azalekoa» zela. Ertzaintzak larriagotzat jo zuen aurreko egunean.

Bestalde, epaiketa saioan alaba nagusiak, amaren heriotzaren ostean, psikologoarekin izandako sesio bat entzungai izan dute. Gaur egun, bi alabak Mbeugouren nebarekin, haien osabarekin, bizi dira Parisen.

Neba hau akusazio partikularraren parte da eta hilobaren grabazioa hasi denean epaitegitik irten behar izan da erasotzailearen aurka oihuka hasi delako.