INFO

Xabi Tolosa, su txikian egositako aukera handia

Profesionaletako zortzigarren urtean heldu zaio Joseba Ezkurdiarekin Binakakoan titular izateko garaia.

Xabi Tolosak lan handia egin du aukera hau egia bihurtu dadin. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Afizionatuetan ikusmin handia sortu ondoren, 18 urte baino ez zituela egin zuen debuta Asperekin Xabi Tolosak 2013ko azken aurreko egunean. Lehen mailako Binakako Txapelketan lehen partida ere uste baino lehenago heldu zitzaion, hiru hilabete geroago, min hartuta zegoen Abel Barriolaren lekua betez Juan Martinez  de Irujoren atzelari gisa –22-15 irabazi zieten Olaizola II.a-Aretxabaletari Labriten–. Hala, Xabi Tolosarenak azken urteetan ohikoa bihurtu diren kirolari goiztiarren beste adibide bat zirudien. Patuak, ordea, beste plan batzuk zituen eta, lesio larriren bat tarteko –2018an izandako eskumuturrekoa esaterako–, zortzi urte behar izan ditu atzelarientzat txapelketa erreferentea bihurtu den Binakakoan leku bat lortzeko.

«Niretzat lehen aldia da horrelako txapelketa nagusi batean parte hartzen dudana, eta, egia esan, oso eskertuta nago enpresari. Are gehiago jarri didaten bikotea Joseba Ezkurdia izanda, ze denok dakigu ze maila duen, azken urteetako izar nagusietakoa da eta oso gustura», azaldu du anoetarrak.

Udako Mastersa Erik Jakarekin jokatzeko aukera izan ostean –2015eko Promoziokoa irabazi zuen Lizartzakoarekin eta 2016koa Gorkarekin–, Tolosak bazuen bere enpresako lau atzelaririk onenen artean sartzeko ilusioa. Azkenean, astelehen eguerdian baieztatu zioten titular postua berea izango dela, azken unera arte Bikuña eta Ladis Galarzarekin borrokan egon ostean. «Pilotaz ezer dakienak badaki Ezkurdiak asko laguntzen diola atzelariari bere bolea eta aireko jokoarekin. Gainera, esperientzia handia dauka, azken urteetan izar bat izan da eta horrek denak lasaitasuna eta konfiantza ematen du. Gainera, oso ondo moldatzen gara, elkarrekin aritu garenetan maila ona eman dugu eta hori ere oso garrantzitsua da, azkenean 14 jardunaldi dira eta», adierazi du.

Lehen mailan egonkortu ahal izatea hainbeste zergatik luzatu den galdetuta, pozik agertu da profesionaletan izandako garapenarekin. «Aspen urte askoan konpetentzia latza egon da. Debutatu nuenean Barriola, Zubieta, Merinotarrak, Rezusta, Zabaleta eta ahaztuko dudan besteren bat zeuden, atzelari latzak denak, eta oso zaila zen Binakakoan sartzea. Hortik aparte, 18 urterekin ez nuen oraingo maila, orain konstantzia gehiago dut. Eskuinarekin ere aurrerapauso bat eman dut, aurrean ditudan pilotak askoz gehiago aprobetxatzen ditut... Azkenean faktore askok dute eragina».  

Kontratu motzak

Pilotaren krisiak ere zuzenean eragin dionetako bat da Tolosa eta udatik hiru hilabeteko kontratuekin ari da. «Kontratu motzak dira, baina arrazoia garbia da; Aspe enpresak argi utzi dit pandemiaren osteko egoera honegatik izan dela eta beti eman dit lasaitasuna esanez nirekin jarraitzeko asmoa dutela erabat. Ez dago arazorik». Momentuz ez diote kontratu luzeagorik eskaini, baina, Binakakoan egonda, lasai egoteko modua dauka, teorian behintzat, hamalau astez ziurtatuta dauka eta astero partida bat gutxienez jokatzea.