INFO

Valentzia, sorpresa polit eta jipoi gogorrenen kantxa da Bilbao Basketentzat

Miniotasek alde egin berritan, Goudelock, Rigo eta Galan min hartuta, Alex Reyes herrenka eta Inglis iritsi berri eta entrenatu gabe ekingo dio talde bilbotarrak FIBA Leihoengatik ACB Liga eten aurreko azkenengo jardunaldiari. Galtzekorik ere ez du Alex Mumbruren taldeak.

Ludde Hakanson lako jokalariei lana pilatuko zaie Valentzian. (Monika DEL VALLE / FOKU)

«Lau jokalari eta erdi gutxiagorekin jokatu beharko dugu», onartu zuen Alex Mumbruk ostegunean eskaini zuen prentsaurrekoan. Miniotas Kaunas aldera joana alde batetik, eta Rigo, Galan eta Goudelock min hartuta bestetik, ezin atarramendu onegirik espero Surne Bilbao Basketengandik zapatu gauean Valentzia Basketen kantxan.

Alegia, Rafa Luz, Rousselle, Hakanson, Bigote, Masiulis, Withey eta Delgado izango dituela bakarrik sano eta entrenaturik Valentzia Basketen kantxan larunbat gaueako 20.45etan jokatu ahal izateko. Horrez gain, Damien Inglis hegal-pibot iritsi berriak minutuak izango ditu ziurrenik taldekideekin entrenatu gabe badago ere, eta Alex Reyesek, joan den domekan Obradoiroren aurka legez, akaso minuturen bat edo beste jokatuko du, oraindik behar bezala osatuta ez badago ere.

«ACB Liga asteburu honen ondoren etengo da eta agian ongi etorriko zaigu min hartuta daudenak errekuperatzeko, baina taktikoki egiteke geratzen zaigun lana itzela izango da. Min hartutakoak osatzen diren bitartean, iritsi berriak taldeko jokoa ulertu ikasi eta beharko baitu. Valentziaren aurka ezin dugu besterik espero gure taldeak serio lan egitea baino, eta azkeneraino lehiakor izan dadin baizik», da Alex Mumbru entrenatzailearen desio bakarra.

«Real Madrilen aurkako partidan izan ezik, etxetik kanpo jokatu ditugun neurketa guztietan markagailu estu iritsi da azkenera, eta hortan saiatu behar dugu», gaineratu zuen, nahiz eta jakin Valentzia ez dela bilbotarrentzat plazarik egokiena.

Duela hamar urte, Fotis Katsikarisen eskutik, Bilbao Basket ACB Ligako finalera iritsi zen sasoian, Fontetan irabazteko gai izan zen, eta pandemiak gizartea astindu baino hilabete lehenago, 2020ko otsailaren 2an, Axel Bouteillek garaipen bikain askoa eman zion talde bilbotarrari, 78-81eko saskiratzea lortu baitzuen partida amaitzear zela.

Alegia, Valentziara joatea eta aldean jipoia hartuta itzultzea ez dela sinonimo Bilbao Basketentzat, baina era berean egia da muturreko galantzak ere hartu izan dituela; 2016 urtea bereziki petrala izan zen beltzezko gizonentzat: 85-49 aipatu urteko irtarrilaren 31an, eta abenduaren 3an, berriz, 83-61, denboraldi ezberdina eta jokalari zein entrenatzaile ezberdinak egonagatik talde bietan.

Iaz, edo hobeto esan da pasa den apirilaren 25ean, Bilbao Basketek hasiera aparta eman zion Fontetako demari, aurreneko laurdenaren amaieran 17-33 aurretik baitzen, baina azkenean 99-90 galdu zuen Dubljevic nola geratu asmatu ezinda, Montenegroko hegal-píbotak 18 puntu eta 10 errebote lortu baitzituen.

Bolada onean

Bilbao Basketek badaki Valentzian irabazteko neurri handi baten etxeko taldeak kale ere egin beharko duela. Egia esan, lesioak tarteko, Joan Peñarroyaren gizonek ez dute urte hasiera samurrik izan eta batez ere etxean asko sufritu dute, ezusteko zenbait porrot jasanez, Baskonia, Murtzia edo Betisen aurka, esaterako.

Alabaina, azken aldian lesionaturiko zenbait jokalari berreskuratu dituzte –eta hala ere Dimitrijevic, Claver eta Mike Tobey falta zaizkie– eta min harturikoak pilatuta izan dituzten sasoian Pradilla, Puerto edo Millan Jimenez lako jokalari gazteek mailarik gorenean lekua badutela erakutsi dute. Horrez gain, Xabi Lopez-Arostegi hegaleko getxoztarrak behingoan orkatilako arazoak atzean laga eta bere mailarik onena berreskuratu du.

Azken aldian gainera etxean ere irabaztea lortu dute. Joventuti 71-70 irabazi zioten partidako azken minutuetara 61-68 atzwetik heldu ostean, eta astean zehar Eurocupeko partida gogoangarria aurrera atera dute Bourg talde frantsesari 98-95 irabazita.

Ondorioz, ez dirudi Valentzia Basket gainditzeko argudio askorik duenik talde bizkaitarrak. Dena den, galtzekorik ere ez du eta Obradoiro, San Pablo Burgos eta Fuenlabradaren aurkako garaipenetan ezer erakutsi badu Bilbao Basketek, etsi gabe borrokan jarduteko adorea izan da, neurketa guztietan atzetik aurrera egin beharra egokitu baitzaio.

«Gertatzen dena gertatzen dela, 40 minutuan kontzentraziorik galdu gabe partida egiteko kapaz izan behar dugu. Horixe da gure aukera bakarra ACB Ligan eta Eurocupean urrutirta iristeko pentsatuta dagoen talde honi aurre egiteko», ondorioztatu zuen Mumbruk.

Leia Dongue, jardunaldiko MVPa

Endesa Ligari arreta jarriaz, bestalde, esan behar osteguneko euskal derbia bikain atera zitzaiola Kutxabank Araskiri. IDK euskotreni 62-81 irabazteaz gain, jardunaldiko Jokalari Baliotsuenari dagokion MVP saria Leia Donguek eraman du.

Mozanbikeko hegal-pibotak airean eraman zituen jokalari donostiarrak, eta hala 23 puntu, 5 errebote eta 4 asistentzia erdietsi zituen, eta 24ko balorazioa lortu zuen.

Horrez gain, Lointek Gernika Bizkaia taldeko Melisa Brcaninovic ere jardunaldiko onenen artean egon da. Baxi Ferrolen aurkako garaipenean, pibot bosniarrak 14 puntu, 9 errebote eta 4 asistentzia lortu zituen eta 22ko balorazioarekin amaitu zuen.

Osteguneko jardualdiaren ondotik, sailkapen nagusiko bosgarren postura igo da Kutxabank Araski eta zortzigarrenera Lointek Gernika Bizkaia. Aldiz, IDK Euskotren hamargarren lekura erori da.

Domekara begira morala eta gehiago beharko dute Endesa Ligako hiru euskal taldeek, oso aurkari zailak izango baitituzte aurrez aurre.

Kutxabank Araski izango da etxean jokatuko duen bakarra, baina aurkaria Perfumerias Avenida egungo Liga txapelduna izango da. Partida hau igandean 18.00etan hasiko da. Bost minutu beranduago, IDK Euskotrenek Spar Gironaren kantxan jokatu beharko du. Azu Muguruzarenek lan txarrak izango dituzte, Teneriferen aurka 59-98 irabaztetik baitator talde katalana.

Bestalde, 19.00etan ekingo dio lanari Lointek Gernika Bizkaiak Lugoko Ensinoren aurka. Lesioekin sekulako gurutze-bidea ari da nozitzen talde galiziarra, eta ostegunean 89-39 galdu zuen Perfumerias Avenidaren kantxan. Dena den, etxean obetu egin beharko lukete galiziarrek.