INFO

Adinekoen aurkako indarkeria matxista ikusarazi beharra: «Erori egingo zela uste dute batzuek»

Emakumeen indarkeriaren aurkako egunaren atarian, Emakundek adineko emazteen aurkako indarkeriaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu astearte honetan Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, adinekoek sufritzen duten inbisibilizazioa salatu dute batik bat.

Anna Freixas, ‘Adineko emakumeak, indarkeriaren aurrean boteretsuak’ jardunaldietan eman duen hitzaldian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Adineko emakumeak izan dira astearte honetan, azaroaren 25a heltzear dagoela, Emakundek Bilboko Euskalduna Jauregian antolatu dituen jardunaldietako protagonistak. ‘Adineko emakumeak, indarkeriaren aurrean boteretsuak’ lelopean adineko emakumeek pairatzen duten inbisibilizazioa eta indarkeria, sarritan inkontzientea, izan dituzte hizpide.

Jardunaldietako ondorio orokor eta garrantzitsuena adineko emakumeek eta haien aurkako indarkeriak erabat normalizatuta eta inbisibilizatuta jarraitzen dutela da. Izan ere, hizlari moduan aritu diren Monica Ramos, Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleak eta zahartzaro zein generoan aditua den antropologoak, eta Anna Freixas idazle eta gerontologoak, bat egin dute ondorio horretan.

Bi adituek salatu dute emakume heldu asko ez direla kontziente genero indarkeriaren biktimak direla. Izan ere, genero indarkeriaren kontzeptua fisiko bezala soilik ulertzen dute adineko emakume askok eta psikologikoa, ekonomikoa eta sexuala «normaltzat» hartzen dituzte haien bikote harremanetan.

Are gehiago, haien inguruak ere, bai sozialak, bai familiarrak eta bai osasun alorrekoak, genero indarkeria hori antzemateko arazoak dituela plazaratu du Torok: «Osasun profesionalek biolentziak eragindako lesioak eta portaerak zahartzaroarekin lotzen dituzte, ez genero indarkeriarekin. Zaharra denez, erori egingo zela pentsatzen dute».

Beraz, arreta psikologikoa eman beharrean, medikuek indarkeriak eragindako mina (fisiko zein psikologikoa) baretzeko beharrezkoak ez diren farmakoak errezetatzen dituztela salatu du: «Biologiari erreparatzen diote, baina ez biografiari».

Kasu askotan, senideek ere ez dute biktimen egoera errazten. Torok azaldu du genero indarkeria sufritzen duen beste edozein adineko emakumeri erasotzailearengandik banatzeko aholkatuko litzaiokeen bitartean, senideek, seme-alabek zehazki, harremana hautsi ordez «erasotzailearekin jarraitzera» animatzen dutela biktima.

Tratu txarrak, kasu gehientsuenetan, psikologikoak izan ohi dira eta bai senide eta bai biktimek erabat naturalizatzen dituzte denboraren poderioz, askotan 30-40 urte luzez irauten duten harremanak baitira. «Tratu txarren identifikazioa falta da biktimen beraien aldetik. Ez dute beraiek soilik biolentzia naturalizatu, baita haien inguruak ere: seme-alabek, auzokoek…», azaldu du Torok. Hori horrela, adineko pertsonen arteko ezkontzetan «harremanean senarraren dominazioa normaltzat» ematen dela esplikatu du antropologoak, eta hori oso «arriskutsua» dela gehitu.

Zahartzaro duina

Anna Freixasek, bere aldetik, adineko emakumeen ahalduntze beharra nabarmendu du: «Oraindik egiteke ditugu diruaren, edertasunaren, garbitasunaren eta zahartzaroaren iraultzak».

Diruaren esparruan, Freixasek era sutsuan azpimarratu du independentzia ekonomikoa ezinbestekoa dela «boterea eta askatasuna» izateko. «Txirotu egiten gara lan merkatutik eta pentsioetaik aldentzen gaituzten ibilbideak aukeratzen ditugunean», azaldu du.

Edertasunaren alorrean, aldiz, Freixasek esan du ahalduntzea ez dela «Barbie-z mozorrotzea» eta «gazte plantak» egitea, baizik eta «zahartzaroa duintzea, parte hartzea, iritzia ematea eta sugeritzea», adineko emakumeen ereduak falta baitira: «Denok Barbiez mozorrotuta goazen bitartean, neskatoek oso zail daukate adineko emakumeen modelo duinak izateko».

Bestalde, ezetz esaten eta nork bere burua aurretik jartzen ikasteko beharra azpimarratu du Freixasek. Izan ere, adineko emakumeek beraien familien ongizatea lehenesten dute, «harreman desorekatuak» urte luzez arrastaka eramanez. «Mundu guztiaren ongizatearen pisua arrastaka eramatea guztiz nekagarria da», gaineratu du.

80 urtetik gorako emakumeak, ikusezinenak

Torok bere kezka plazaratu du gaur gaurkoz egin diren inkesten inguruan, hauek ez baitituzte 80 urtetik gorako emakumeen datu zehatzak batzen. Zehazki, adineko emakumeen erantzunak 60 urtetik gorakoen taldean sartzen dituztela azaldu du eta, ondorioz, «begirada heterogeneoago bat lortzeko» ikerketa kualitatiboak falta direla.

Era berean, estereotipoek biktimek beren burua biktima bezala ikustea asko zailtzen dutela ohartarazi du antropologoak: «Oraindik errotuta daukagu haur txikiak dituen emakume heldu edo gaztearen estereotipoa, ez dugu imaginatzen biktima batek seme-alaba helduak izan ditzakeela».

Estereotipo hauekin amaitzeko eta indarkeria sufritzen duten emakume adindunak beraien egoeraz jabetu daitezen, haiei bideratutako «kontzientziazio kanpaina gehiago» egin daitezela eskatu du Torok.