INFO

Duintasunez jokatu arren, egurra jaso du Euskal Selekzioak Argentinaren aurka (21-35)

Ageriko deskoordinazioak baloi larregi oparitzea suposatu du, eta Hego Amerikako selekzioak kontraerasoen bitartez airean eraman ditu euskaldunak Berangon. Aurrez jokatu den neurketan, Finlandiak 18-30 egurra emanez irabazi dio Luxenburgori.

Finlandiaren aurka bezala, borondatea eta ahalegina ez ditu falta izan Euskal Selekzioak, baina Argentian askoz gehiago izan da. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Basque Country International Women’s Cup delakoak Berangon izan du hitzordua. Euskal Selekzioak Hegoamerikako bigarren talderik indartsuena, Argentina alegia izan du aurkari, bezperan Finlandiaren aurka galdu arren emandako itxura politaren ostean, bigarren jardunaldian ere itxura duina eman du. Hori bai, Argentinak maila handiagoa duela erakutsi du eta 21-35 nagusitu da, eta hasieratik erakutsi du bi selekzioen arteko aldea, ez baitu alperrik Munduko Txapelketan parte hartu behar.

Hala ere, euskaldunek, baloi larregi galdu badituzte ere, sekula ez dute besorik jeitsi eta ahalik eta duinen lehiatzen ahalegindu dira. Jokaldi askotxotan asko igarri da Euskal Selekzioko jokalariek elkarrekin behar beste lan ezin izan dutela egin, eta koordinazio falta horrek bakarrik abantaile itzela eman die argentinarrei.

Erasoan jokaldiak amaitzen lanak izan ditu euskal taldeak, neurri baten Argentinak 6-0ko defentsa oso gogorra ezarri baitu hasieratik. Hala ere, Hego Amerikarrak sarritan atera badira ere, ez dute beti emaitza onegirik lortu. Hala ere, 2-5 aurreratzea lortu dutenean, enegarren kontraerasoaren ondotik, hutsartea eskatu behar izan da Euskal Selekzioaren aulkitik.

Aurreneko minutuetako akatsak ahaztuta, Estitxu Berasategi aurkitu du Euskal Selekzioak, eta lateral gipuzkoarrak hiru gol bata bestearen atzetik sartu ditu. Baina Argentinak berak ere erasoan martxa hartu du, batez ere Bera Berako jokalari ohi Elke Karstenen eskutik. Hala, amerikarren abantaila hiru edo lau golen artean finkatu da, partidaren lehenengo laurdena 6-9 amaituz.

Tamalez, bigarren laurdena askoz latzagoa izan da euskal jokalarientzat. Gogoan izan behar da Argentinak Munduko Txapelketa jokatu behar duela eta talde eginagoa dela erakutsi du. Hala, Euskal Selekzioak erakutsi ez duen automatizazioa erakutsi du bere jokalarien artean. Horrez gain, Marisol Carratu atezaina baloiak geratzen hasi da eta amerikarren abantaila zeruetan zehar joan da. Hama minutu luzeren ondoren, euskaldunek bi gol triste baino ez dituzte sartu: zazpi metrotik June Loidiren bitartez eta Estibaliz Velascok hegaletik. Bien bitartean, Argentinak nahi bezala aurkitu du aterako bidea: 8-16.

Atsedenaldira bidean, 5-1eko defentsa irekiago bat ezarri du Euskal Selekzioak eta, egiari zor, Argentinari arazo batzuek sortu dizkio. Dena den, atsedenaldirako neurketa argentinarren alde erabat bideratuta geratu da: 9-18.

Ez da harritzekoa Argentinak bigarren zatian, hasieran batik bat, erritmoa moteldu izana. Eduardo Gallardo hautatzaileak minutuak jokalari guztiei eman dizkie eta Euskal Selekzioak, bigarren erdiko partzialean ere galtzaile izan den arren, askoz estuago eta parekatuago joan dira gauzak.

Uneren baten euskaldunek zazpi goletaraino murriztu dute argentinarren errenta, baina inori ametsetan hastea akordatu bazaio, amerikarrek berehala zapuztu dituzte ametsok. Malena Cavo eta enparauek laster baten zabaldu dute argentinarren errenta, hamar goletik ondotxo gora. Azkenean, 21-35 eta gustora talde biak.

Luxenburgo-Finlandia (18-30)

Euskal Selekzioak eta Argentinak jokatu aurretik Finlandiak eta Luxenburgok jokatu dute Berangon jardunaldiko aurreneko neurketa. Finlandiak sekulako egurra eman dio Europa erdialdeko selekzioari, eta 18-30 nagusitu da.

Bezperan euskaldunen aurka baino ondotxo lan errazagoa izan du talde «suomiak». Bestalde, Luxenburgok Brasilen aurka jasandako jipoaren antzeko beste egun bat bizi behar izan du.

Neurketa aurreneko erdian erabaki da. Luxenburgok oso astiro jokatu du neurketa guztian, erasoan batik bat, eta Finlandiak ez du lan handiegirik izan aurkariaren saiakerak ezerezean uzteko. Horrez gain, erasoan zein kontraerasoan «Suomiek» erauntia bailiran harrapatu du Luxenburgo. Hala atsedenaldirako neurketak ez du kolorerik izan, markagailua 5-18an laga baitute.

Esan gabe doa bigarren zatian Finlandiak erritmoa moteldu egin duela, baina egia da bestalde Luxenburgoko atezainak ere asko hobetu duela bere lana. Hala, partida erabakita egonagatik, gutxienez bigarren erdiko partziala 13-12 izan da Luxenburgoren mesedetan.