INFO

Etxean topatzen ez duenaren bila doa Sanse Tenerifera

Donostiarrek euren bidaietako itxura onena berreskuratu nahi dute, jaitsieratik berriro irten ahal izateko. Bigarren postura igo daitekeen Tenerife bisitatuko dute igande honetan (18.15).

Azken lau jardunaldietan lau porrot jaso ditu Sansek, jeitsiera postuetara itzuliz. (Gorka Rubio/Foku)

Denboraldian bosgarren aldiz, eta azken aldi honetako bolada txarrari jarraitutasuna emanez, Sansek Anoetan galdu zuen joan den astean. Bertan topatzen ez duena kanpoan bilatu beharko du beste behin ere talde donostiarrak. Aurrekariei eutsita, baikortasunez bidaiatu daiteke, bere lau garaipenetatik hiru Reale Arenatik urrun ospatu baititu. Aurkariak, berriz, animoa epeltzen du, Ligako talde onenetarikoa izan baita orain arte.

Tenerifek, izan ere, motibazio ezinhobea izango du zelairatzean, irabaziz gero bigarren postuan lo egingo baitu. Ez da txikiagoa izango txuri-urdinena, sailkapenaren beste puntatik badator ere: jaitsiera postuetatik berriro ihes egiteko, ezinbestekoa dute Heliodoron hiru puntuak eskuratzea.

Bere jokalariengan presio larregi ez jartzeko-edo, Xabi Alonsok «sailkapenarekin erotu behar ez» direla esan du, «dena oso berdinduta baitago, estu dago, eta garrantzitsuena bizirik jarraitzea da, engantxatuta eta lehiatzen». Baina horretarako, eta «porrota jokoaren partea dela» onartu arren, ezinbestekoa da ere puntuak eskuratzea, hirunaka ahal bada. Asmoa, noski, hori da. Etxetik kanpoko ibilbidea oinarritzat hartuta, baikor agertu da Alonso baina Teneriferen aurka «oso partida ona» egitearen beharra gogorarazi du. «Oso erronka handia da guretzat. Tenerifek oso argi dauzka gauzak, uneoro daki zer nahi duen, neurketaren uneak maneiatzen daki… Oso talde lehiakor eta intentsoa da, baloiarekin min egiten dizuna. Eta gainera etxean eraginkortasun handia izaten ari da».

Hala ere, teknikari gipuzkoarraren esanetan, bere taldeak aurkariari eta egoerari aurre egiteko mentalizatuta dago. «Kolpeen ondoren berriro altxatzeko gaitasuna lantzen ari gara. Taldea mentalizatuta dago, oso ondo jaiki da eta horrek konfiantza ematen digu, badakigu beti egongo garela hor, maila ona emanez eta lehiatuz».

Urko Gonzalez de Zaratek min hartuta  jarraitzen du eta etxean geratu behar izango da gainontzeko lesionatuekin eta Imanolek lehen taldearen deialdian sartu dituen futbolariekin batera. Azken orduan, Julen Lobetek Bartzelonara bidaiatuko duela adierazi du klubak, lehen taldearen deialdira batuz. 

TENERIFE
Hasierako hamaikakoa: Soriano; Mellot, Sergio Gonzalez, Leon, Muñoz; Aitor Sanz, Corredera; Mollejo, Ruben Diez, Elady; eta Enric Gallego.
Bajak: Alex Bermejo eta Carlos Ruiz, min hartuta.

SANSE
Hasierako hamaikakoa: Ayesa; Blasco, Peru, Arambarri, Martin; Sangalli, Pokorny, Olasagasti; Alkain, Marton eta Djouahra.
Bajak: Zubiaurre, Sola, Ezkurdia eta Gonzalez de Zarate, min hartuta.

Epailea: Lopez Toca (Kantabria).
Zelaia: Heliodoro Rodriguez Lopez
Ordua: 18.15 peninsular (Movistar+LaLiga)