INFO

Saioa Alkaizak txapela jantzi du bere lehen finalean, zorrotz eta fin

Aparteko finala osatu zuen Saioa Alkaizak. Lan itzela egin zuen, oso hari finarekin josi zuen ale bakoitza eta gai bakoitzari nahi zuen tokitik begiratzen asmatu zuen. Estitxu Arozenak jantzi zion txapela, bere bertso irakasle izandakoak eta duela 26 urte txapel hori jantzi zuen lehen emakumeak.

Estitxu Arozenak jantzi zion txapela, bere bertso irakasle izandakoak eta duela 26 urte txapel hori jantzi zuen lehen emakumeak. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Finalaren aurreko pronostiko guztiak hankaz gora jarri zituen Saioa Alkaiza iruindarrak bere lehen finalean. Ariketa guztietan langile, begirada zorrotzarekin, kokatu nahi zuen tokian kokatuz eta oholtzara interesatzen zitzaizkion ikuskerak igoz. Buruz burukora Saioa Alkaiza eta Eneko Lazkoz pasatu ziren. Ireki samarra zegoen kontua, puntu gutxiren barruan geratu baitziren Lazkoz, Soto eta Joanes Illarregi. Baina Alkaizaren izena seguru samar ikusten zen, saioan egin zuen lana ikusita. Anaitasuna berotzen zuten pankartetan Alkaizaren aldeko batek esaten zuenez, «ez gaude txikikeriatarako». Eta horixe erakutsi zuen Alkaizak saioa hasi orduko, lanerako zegoela eta konbentzituta zegoela ondo egingo zuela. 

Finalaren azken partea Alkaizaren eta Lazkozen lana izan zen. Biek eutsi zioten goran saioari. Zortziko txikian puntuka aritu ziren lehendabizi, sokatira lehiaketa batean ari ziren bi tiralariren azalean, zein baino zein, biak aurrez aurre. «Eta azkenean soka neronen aldera», bota zion Alkaizak tartean, gero gertatuko zenaren seinale.

Seiko motzean, ospitaleko gela berean heriotzaren atarian zeuden bi eriren azalean aritu ziren. Eneko, egindakoez damututa. Saioa, egin gabekoez damututa. Hiru ale biribil osatu zituen Alkaizak, «...ez baitakit zer den poza/ bizitza hau nola goza/ carpe diema iritsi aurretik heldu da heriotza» lehena. «...bizi izan naiz hain serio / orain damutzen dedio / arren bigarren aukeraren bat eskaini herio», bigarrena. «...tamalez bi begi idor/ orain bai noa derrigor/ mundu hontara ez baita sortzen ta hiltzen ez den inor». Lazkozek ere utzi zuen bere arrastoa, hirugarren bertsoko amaiera hau horren adibide; «... ta ni aurretik bi zango/ nautenean eramango/ ez naiz deskantsu hartuko duen bakarra izango».

Kartzelakoan, honako gaiari abestu behar izan zioten: Pilula hartu duzu aurrera jarraitu ahal izateko. Saioa Alkaizak abortatu duen neska gaztearen ahotsa ekarri zuen oholtzara. Horretan sekulako lana egin zuen arratsalde guztian, interesatzen zaizkion ahotsak ekartzen oholtzara. Hauxe, hirugarrena, «Hamazazpi urte dauzkat berez naiz neska gaztea / eta haur batek lekarke nere baitan desgastea/ ikasketak utzi behar eta hori desastrea/ fardelak aldatzen pasa beharko nuke astea/ baina akabo problema ta orain normalitatea/ irri erdi bat eginez utzidazu esatea/ zeinen gauza polita den pertsona libre izatea».

Eneko Lazkoz berriz goi mailako txirrindulari baten azalean sartu zen, irabazteko pilula hartu duena. «Nahiz ta behingoan iritsi naizen nere ametsa lortzera/ tranpak eginda irabaztea irabaztea ote da». Ondo aritu zen Lazkoz buruz burukoan. Bere izena entzundakoan harridura adierazi zuen, agian ez zuen bere burua hor kokatzen, baina esan bezala lehia estu egon zen.

Txapela janzteko unea ederra izan zen. Estitxu Arozenak jantzi zion txapela Saioa Alkaizari, esanahi handiko unean. Arozenak kantatu zuenez, «...alaba gisa hasi nintzen ni gaur aunitzen bertso ama/ ohore bat da familia hau hazten ikusi izana». Eta Alkaizaren eskaintza, «Besarkada bat langile auzoetako aldera/ erdaldunen seme-alabok hor ikasi dugu euskara/ eta mundu bat jaso duguna horrekin batera/ euskerak behar du ofiziala Lesakatik Kaskantera/ eta orain muxu handi bat iraultza den gorputzera/ ez bitarra, queer transa, marika eta bollera/ mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera».

Denek izan zuten beren argia, denek izan zuten finala sinatzeko aukera

Ederra izan zen Anaitasunako finala eta horretan partea izan zuten oholtzara igo ziren zortzi bertsolariek eta paretik goratu zituzten 1.750 bertsozaleek. Finalista guztiek izan zuten beren distira unea, finalari sinadura propioa jartzeko talentua. Julio Soto izan zen hirugarrena, buruz burukoaren atarian geratu zena bi puntu eta erdi tarteko. Ariketa guztietan eutsi zion, baina koska bat gora egin zuen agian hamarreko txikian, Eneko Fernandezekin batera oso goitik osatutako ofizioan. Errepideko bizikletan ibiltzen diren bi lagunen azalean, Soto beldurrez ateratzen da errepidera eta Fernandez, lasai. «Bizikletan betitik ibiliak bixi/ orain galga jotzea ez al da hain bitxi/ irten naizen guztitan ongi naiz iritsi / nahiz guztia den kaos ta apokalipsi/ bizitza hau beldurrez ezin dugu bizi», ireki zion bidea ondo Fernandezek. Eta Sotoren erantzuna, «tortilla pintxo eta azukre kafesne/ txirrindak hartzen dira zure eta ene/ bildurrez bizitzea nahiz ta ez den berme / errepide ertzean zenbat lore ene/ esaten digutenak zabiltzate erne». Eneko Fernandez puntutan zortzigarrena izan zen, baina puntuek ez dute inoiz ondo kontatzen final bat eta nabarmentzekoa da, beste behin ere, zein txukun eta dotore aritu zen Fernandez eta zein ofiziokide ona den.

Laugarrena Joanes Illarregi izan zen, oso final serioa osatuz. Puntuak erantzuten goitik eta bakarkakoan ere fin. Lantegi bateko enkargatuaren azalean aritu zen. Zuzendariak eskatu zion langileak gehiago estutzeko. «Paper fabrika batean hasi hemen hartu nuen babes/ urteak joan dira joanez / enkargatua izatea ez nuen txikitako amets/ estutu itzazu, estutu itzazu esaten da oso errez / ta hemen nago dardarez/ langile hauek nik diodana nahiz ta ez ulertu berez / lana egitea ez da errexa baina agintzea ere ez», bota zuen lehen alean.

Bosgarrena Xabier Silveira izan zen. Akaso ez zen oso erregular aritu, baina bakarkakoan izan zuen distira une handiena, puntutan bigarren ariketa onena josiz. Bost urte alargun zeramanaren azalean, beste pertsona batenganako desira sentitzen hasi da. Hau, hirugarrena: «Zu joanaren dolua bortz urte luzetan landu/ baina orain gutxi arte ez dut pozikan izandu / etorkizun beltza etzen ezer inoiz begitandu / ta nahiz bertze bat etorri beti izanen gara gu/ hau ez hartu traiziotzat etzaitu deusen truk saldu/ baina nik uste nahikoa direla bost urte galdu/ berriz pozik bizitzeko ezin du izan berandu».

Seigarrena, Xabat Illarregi. Hasierako ariketetan kostatu egin zitzaion, baina behetik gora etorri zen eta oso goian bukatu zuen, bakarkako oso propioa osatuz. Betidanik sare sozialetan oso aktibo izan denaren azalean aritu zen, estresarengatik dena kentzea erabaki duen unean. Hirugarren alea, perla hauxe, «Esaldi eder aurpegi guapo/ beti gustora ta beti bapo/ baina limite bat pasa eta orduan guztia papo/ argazki bat ez da marko/ batzutan dira bi malko/ beraz hau utzi beharko/ ez dut ordurik gastatu behar ikusten nautenentzako/ orain denbora bat hartu nahi dut nere jendearentzako».

Josu Sanjurjo, beste finalista berria. Benetan langile eta ondo bertsotan, irudikatzen zuenaren azalean barruraino sartuz. Bakarkakoan, adibidez, banandu berria den gurasoaren ahotik bertsozalea hunkitzea lortu zuen. Sinesgarri eta bikain.