Astebete osoko lana baliatu behar du Saski Baskoniak Zalgirisen aurka irabazteko
Zalgiris Euroligako azken postuan dago 2-10 balantzeaz. Baskoniak Costello berreskuratu du eta Kaunasen minutuak izango ditu. «Joko irakurketa eta erritmoa bizitzea» landu dute gasteiztarrek asteon. «Arin eta presaka jokatzea bi gauza oso ezberdin dira», dio Spahijak.
Joan zen ostegunean Real Madrilen aurka 60-88 galdu eta gero, astebete izan du Neven Spahijaren Bitci Baskoniak hurrengo neurketa prestatzeko, «FIBA lehioak» direla-eta, asteburuan ez baita ACB Ligako partidarik izan.
Hala, Gasteiza itzuli zenez geroztik aurrenekoz, lanerako denbora apur bat izan du entrenatzaile berriak. Hori gutxi ez eta, ostegunean Euskal Herrian 19.00ak direnean Zalgiris Kaunasen aurka Matt Costello ere berreskuratuko du Spahijak, Kanaria Handiaren aurka, Dusko Ivanovicen aginduetara, jokatuz geroztik belaunean min hartuta egon baita Boli Kostako hegal-pibota.
«Elkar hobeto ezagutzeko lan egin ahal izan dugu Real Madrilen aurkako porrot mingarria eta gero. Lan hori beharrezko izango zaigu, Zalgiris talde ona baita, eta oso arriskutsua beti, batik bat etxean jokatzen duenean. Egia da aurkariaren ‘scouting’ bat ere egin dugula, baina denbora honetan guztian zehar gure taldean zentratu gara; gure jokoa hobetzen eta sortzen zaizkigun arazoei konponbidea nola eman bilatzen, alegia», adierazi du Spahija entrenatzaileak berak, Kaunaserantz abiatu aurretxoan.
«Horrez gain, duela egun pare batetik hona Matt Costello ere elkartu zaigu lanean. Ez dago bere %100ean, baina sano dago, eta horrek balio du, taldeari errotazio bat gehiago emango baitio», gaineratu du Sibenikeko entrenatzaileak. Hasteko eta bat Costello «hegal-pibot moduan» ariko dela argitu du, «baina pibot postuan ere jokatu dezakeenez, ikusiko dugu partidak nora garamatzan», gaineratu du kroaziarrak.
Euroligako atzeko multzoan murgildurik daude talde biak ala biak. Zalgiris da Euroliga honetako azken sailkatua 2-10 balantzearekin. Aurtengo Euroligako bi jardunaldi bakarrik igaro eta gero kalera bota zuen Martin Schiller entrenatzaile austriarra –joan den denboraldian lan oso txukuna eginagatik–, baina Jure Zdovc esloveniarrarekin ere ez da praka berririk izan Kaunasen: entrenatzaile berriarekin ere hurrengo zazpi neurketak segidan galdu baitzituen talde lituaniarrak. Panathinaikosen aurka, hamargarrenean, lortu zuen aurreneko garaipena. Ostean Fenerbahçeri ere irabazi zioten, baina azken jardunaldian egurra jaso zuten ostera ere Bartzelonaren aurka.
Saski Baskonia ere ez dago kanpaiak jotzeko moduan, 4-8ko balantzearekin hamabostgarrena baita. Spahia aurkeztu zuten egunean bertan Izar Gorriari erraz irabazi zion. Moskuko CSKAren aurka galdu arren, azkenera arte lehiakor izan zen talde gasteiztarra, baina Real Madrilen aurka hondamendia etorri zen berriz, 60-88 galdu ostean.
«Gure taldeak gaitasun atletiko handia dauka, baina jokoari erritmoa nola aldatu ikasi behar du, baita jokoa hobeto irakurtzen ere», azpimarratu du Spahijak Real Madrilen aurkako partidako ikasgaiak zeintzuk izan diren galdetu zaionean. «Aurkarien saskiratze ‘merkeak’ ere saihestu behar ditugu nolabait, baita galdutako baloi kopurua murriztu ere. Arin jokatzea gauza bat da; presaka jokatzea, oso ezberdina», adierazi du gasteiztarren entrenatzaileak.
Zoran Dragicen mina
Zalgirisek iaztik hona Mariun Grigonis erreferentea galdu du, Moskuko CSKAk fitxatu baitu, eta Rokas Jokubaitis antolatzaile gaztea, berriz, Bartzelonara. Horrez gain, Geoffrey Lauvergne pibota sorbaldan min hartuta dago, eta urtarrilaren azken aldera arte ezingo du jokatu.
Hainbat aldaketa egin ditu talde lituaniarrak denboraldia hasi zenetik hona, tartean Zoran Dragic eskolta esloveniarra fitxatuz.
Dragic anaietan gazteenak azken urte eta erdia Saski Baskonian eman du; 2020ko otsailean iritsi zen Gasteiza eta covid-19a zela eta ACB Liga eten eta gero, 2020ko ekainean talde gasteiztarrarekin ACB Liga irabazi zuen. Pasa den urtean ere neurri ona eman zuen, baina ekainean kontratua amaitu zitzaion eta Baskoniak ez berriztea erabaki zuen, nahiz eta Olinpiar Jokoetan lan ona egin eta laugarren postuan amaitu.
Minduta eta penatan azaldu da Dragic ‘El Correon’ egin berri dioten elkarrizketan. «Felix Fernandez taldeko managerrarekin eta Dusko Ivanovicekin hitzegitekotan geratu nintzen, baina klubeko inork ere ez zidan deitu, ez esker onik erakutsi ezta zorte onik opa ere. Ulertzen dut taldeak Marinkovic fitxatu izana; lastima da, familia ere oso gustora zegoelako Gasteizen, baina jokoaren arauak dira eta onartu beharra daukat. Ulertzen ez dudana zera da: taldean jarraitu ez duten gainontzeko jokalariei ‘eskerrikasko eta zorte’ esan badie klubak, zergatik ez niri?», adierazi du.
Bada, joko mailaz apal, hobetu beharrean eta ezker txarreko tenorean, Zalgirisen aurka badu zer zuzendua Saski Baskoniak, Euroligako jarduna bosgarren garaipenaz bada ere.