INFO

‘Walden’ klasikoa euskaraz plazaratu du Katakrakek

Henry David Thoreauren 1854ko obraren itzulpena Danele Sarriugartek egin du eta hitzaurrea, Antonio Casado da Rochak. Nabarmendu dutenez, narrazio politiko eta poetiko bat da. Klasikoa eta garaikidea. Polifonikoa eta mezu argi bat duena, desazkundearekin, bizitza sinple eta etikoago batekin lotua.

Danele Sarriugarte eta Antonio Casado da Rocha, ‘Walden’-en euskarazko itzulpena aurkezten, asteazkenean Donostian. (Maialen ANDRES/FOKU)

Duela ia 200 urte obra argitaratu zuenean ez zuen bere asmoa ezkutatu Henry David Thoreauk (Concord 1817 - 1862), lehenengo orrian jarritako aipuan deklaratu baitzuen ez ziola etsipenari edo abaildurari poema bat idatzi nahi, baizik eta aldaketak eragin, probokatu, «besterik ez bada auzokoak esnatzeko».

30 bat urte zituela bere herri ondoko baso batera joan zen bizitzera, etxea eraiki zuen Walden lakuaren ondoan eta han bizitu zen bi urtez. Esperimentu bat egin zuen zibilizaziotik pixka bat aldenduz naturatik eta bizitzaren gertakari esentzialetatik hurbilago egoteko, eta horixe kontatzen du idazle bezala bere potentzia guztiarekin sortu zuen liburu honetan.

Katakraki esker, euskaraz irakur daiteke sakratutzat hartu izan den testu hau. Tradizio batentzat baino gehiagorentzat. ‘Biblia’, ‘Manifestu komunista’ edota ‘Bigarren sexua’-ren leku bera duena. Itzulpena Danele Sarriugartek egin du eta aitzinsolasa egile honen aditu handienetako batek, Antonio Casado da Rochak, idatzi du. Donostiako Liburutegi Nagusian aurkeztu zuten lana, asteazkenean.

Euskal Herrian interesa piztu izan du

«Liburu politikoa eta poetikoa da, polifonikoa, oso emankorra», deskribatu zuen Casado da Rochak. «Interprestazio asko, kontrajarriak eragin ditu, baina irakurri eta ikasiz gero bada mezu argi bat: desazkundearekin, bizitza sinple eta etikoago batekin zerikusia duena. Thoreauk berak bultzatzen du irakurle bakoitza bere bidea egitera liburutik abiatuz. Berak sustatu zuen polifonia hori, prosa poetizatuz, esanahi ezberdinak bata bestearen gainean jarriz».

Pozarren dago liburu hau argitaratu delako. Erran zuenez, bizitza eraldatu dio jende aunitzi, eta badu sakratutik. Bere ustez, klasiko garaikide bat da. Inoiz amaitzen ez den iturri bat. Bergaran jaio zen Justo Garate euskaltzaleak gaztelaniara itzuli zuen 36ko gerran Argentinara joan zenean, eta geroztik beti sortu du interesa Euskal Herrian.

«Thoureau asko dago: ekologistentzat interesa izan dezake, baita intsumisio mugimenduarentzat eta filologoentzat ere». ‘Walden’-ekin batera bertze bi lan garrantzitsu ditu, ‘Desobedientzia zibila’, Edu Lartzagurenek euskarara ekarria, eta ‘Walking’, Leire Zapiain Egañak itzulia. ‘Desobedientzia zibila’ izan daiteke gurean irakurriena, eta, adituaren irudiz, ‘Walden’-ek ifrentzua ematen dio. «Gertuko politika bat, positiboagoa dago hemen. Osagarri dira eta oso ongi ikusten da hori azalean. Hosto bat eta etxe bat ageri dira, gauza txiki bat eta handi bat. Objektibo aldaketa bat dago: mikrotik makrora eta alderantziz. Hosto batean geografia oso bat aurkitzen du Thoureauk».

Eguneroko bizitza, erdigunean

Lehen atalean, ‘Ekonomia’ izenekoan, non bizi, zer jan, nola berotu etxea, zer jantzi, zenbat denbora lan egin, aisialdia zertan erabili, eta horrek zer zentzu duen azaltzen du idazleak. Eguneroko bizitza erdigunean jartzen du, eta norbanakoa ekosistema zabalago batean kokatu. Hori politikoa dela azpimarratu zuen Casadok.

Hainbat estereotipo daude liburu honetaz. Thoreau Robinson bat, ermitau bat zela erran izan da, «baina ez da egia. Askoz konplexuagoa da. Ez zuen ermitaua izan nahi. Badago elkarrizketa bat basoaren eta herriaren artean. Ez da asoziala, gure erlazioei buruzko liburu bat da, munduarekin elkarrizketa bat nola ireki planteatzen duena».

«Poetikoa ere bada –jarraitu zuen–. Daneleri txalo jotzen diot, burutu duen lana oso zaila delako, XIX. mendeko autore bat da, ingelesa, geruza askokoa. Ezin dut sinetsi zein ondo egin duzun, zein ederra den irakurtzea, eta zein fidela jatorriarekiko».

Irakurtzeko gida bat

Espektatiba asko sortzen ditu liburuak. Irakurleak ilusioz hurbiltzen dira, aunitzi zaila egiten zaie, ordea, lehenengo ataletik aitzinera egitea, 80 orritik goiti baititu lehen atalak. Autorea bera ere kontziente zen horretaz, eta lerro huts batzuk utzi zituen arnasteko. Casado da Rochak gida bat proposatzen du hitzaurrean irakurketa arintzeko. Lehenengo atal hori eta gero puskaz arinagoa eta polifonikoagoa da lana, sinfonia bat bezalakoa.

«Klasikoei beldur izaten ahal diegu. Hau klasiko bat da, baina hamaika modu dago irakurtzeko. Nirea hauxe da, bigarren ataletik hastea. Adibide bat baino ez da, mapa bat. Aurreiritzirik gabe, ikono edo mitotik ihes eginez irakurtzeko gomendioa egingo nuke. Garaikidea balitz bezala irakurtzekoa», adierazi zuen.

Itzultzailearen lan kolektiboa

Danele Sarriugartek ere ohar bat idatzi du liburuan, itzultzailearen lan kolektibo horretan kokatzen gaituena. Eskerrak emanez hasi zuen hitzaldia itzultzaileak: «Ezin dut sinetsi liburua hemen dagoela; oso pozik nago, bukatu eta gero euforia garai txiki bat eduki nuen».

Eskerrak eman zizkion Hedoi Etxarte editoreari, eskaera egin ziolako eta hor egon delako zalantzak izan dituenean. Antonio da Rochari, ‘Walden’-i eta Thoreauri buruz dakiena partekatu duelako. Eta Koro Navarrori, berak irakurri eta zuzendu duelako itzulpena. «Lasaitasun eta berme handi bat izan da hori. Koro itzultzaile handi horietako bat zen ikasle nintzela, eta karrera bukatu eta hamar urtera poza hartzen dut ikusita nolako elkartasuna dagoen itzultzaileen artean».

Deskribapen ederrak, gogoetekin eta umore ukituarekin

Liburuari dagokionez, aipatu dugunez, Thoureau bere herri ondoko baso batera joan zen bizitzera. Walden aintziraren ondoan etxe bat eraiki eta han eman zituen bi urte. Liburuaren lehen eta bigarren ataletan, esperimentu hori egiteko arrazoiak azaltzen ditu, eta aipatzen du zenbat balio izan zuen materialak, zenbat lan ordu eskaini zizkion etxea eraikitzeari. «Esaten du badakiela bere etxeak zenbat kostatzen duen. Gutxiago kontsumituz bizi gaitezkeela frogatzeko nahi bat nabari da dena zehatz-mehatz esate horretan», azaldu zuen Sarriugartek.

Hirugarren ataletik aurrera gaika laburbiltzen du esperientzia: zer irakurtzen duen, zer jende etortzen zaion bisitan, urtaroen iritsiera, zer soinu aditzen dituen egunez eta gauez, deskribapen eder eta xeheak beti hausnarketekin datoz, tarteka umore kutsuarekin. Adibidez, bi inurri espezieren arteko gerra bat kontatzen du. Mexikarren eta estatubatuarren arteko gerra zegoen garaian, bera kontra zegoen. Eta deskribatzen du inurrietako batzuk besteak halako bi direla tamainan. «Oso pasarte polita eta dibertigarria da».

«Naturako gauzak aipatzen ditu, hezkuntzari buruzko iritziak ematen ditu, politikaren gainekoak ere bai, kritika bat egiten dio abiadurari trenarekin lotuta (gaur egun ere egin daitezke halako komentarioak), eta telegrafoa aipatuz AEBetako bi puntu urrunen artean hitz egin dezaketela esaten du, baina ‘ba al daukate elkarri esateko ezer?’ galdetzen du».

Elgoibarko itzultzaileak esplikatu zuenez, nahiz eta erreferentzia eta hausnarketa aunitz dagoen, abiapuntua nitasuna da, hasieratik aldarrikatzen du hori eta erraten du liburu guztiak irakurri nahiko lituzkeela urruti bizi den ahaide batek idatziak balira bezala. Hala idatzi zuen berak, eta berarekin batera zoaz inurrien arteko gerra ikusten edo basoko soinuak entzuten. Abentura liburu bat dirudi, hagitz hurbilekoa.

Polisemiari eta tonu bereziari eusteko erronka

Itzulpenari helduta, erronka handi bat izan zela aitortu zuen Sarriugartek. «Lan handia izan da, baina gozagarria. Lagun onak eduki ditut ondoan, horrek asko lagundu dit. Liburuak badu tonu berezi bat, musikala. Orain dela ia 200 urteko liburu bat da, hori ere nabaritzen da, eta horri eusten saiatu naiz. Hain testu polisemikoa izanik, saiatu naiz esaldiak bide askorako aukera ematen bazuen hori zabalik mantentzen, batzuetan itzulpena interpretazio bat baita».

Oin-oharrak jarri dizkio. «Batzuk oin-oharren oso kontra daude, baina nik erabakiari eutsi diot, oso liburu aberatsa delako, aipamen pila dago, eta ahalik eta bertsiorik osoena eman nahi nuen». Aipu batzuk bere garaikideak dira, baina beste batzuk hagitz urrunekoak, eta elkarrizketan daude Europako mitologia ez kristauak eta Asiakoak. 

Energia gazte eta probokatzailea

«Thoureauk dio hiltzen den momentua iristean ez duela konturatu nahi ez dela bizi izan. Heldutu ahala horretan pentsatzen dut nik ere. Esperimentu hori egiteak beste bizimolde batera eramango du», adierazi zuen itzultzaileak.

Antonio da Rochak erantsi zuenez, liburu honek badu «energia gazte bat, probokatzailea da. Oilarra bezala zarata eginez jartzen da auzoak esnarazteko. Eta basora joaten da. Ez betirako, itzultzen da, baina basoan dagoela hainbat esperimentu egiten ditu, literaturan, baratzearekin… Jendeak galdetzen dio: ‘Ez zara bakarrik egon? Ez zara beldur izan gauez?’ Hainbat izaki, harreman topatu ditu basoan, ez dago bakarrik. Liburua politikoa da, bakardadearen esperimentu horrekin harremanak kontatzen ditu, gizakiak ez diren animaliekin, edo aurretik zeuden beste biztanleekin, adibidez bertan aritu ziren esklabuekin».

«Norberak bere bideari jarraitzen badio ez da inoiz iritsiko portu okerrera», dio idazleak. Ahalduntze esperimentu bat da, arreta handiagoz begiratzera eraman zaitzakeena.

Hona pasarte bat, adibide gisa:

«Gau beltzean etxera bidean nindoalarik basoan barna, nire arrain-sorta eskuan eta kanabera herrestan, marmota bat begiztatu nuen nire bidea zeharkatzen, eta halako plazer salbai batek inarrosi ninduen; bulkada bizi bat sentitu nuen marmota hura harrapatu eta gordinik irensteko, ez goseak nintzelako, ezpada animaliaren izaera basatiak grina pizten zidalako. Nolanahi ere, lakuan bizi nintzelarik, behin edo birritan behintzat suertatu nintzen basoan miaka, txakur gosetuaren antzera, halako abandonu bitxi batek hartzen ninduelarik, irents nezakeen oreinkiren baten bila, eta halako egoeran egonda, ehiza bat bera ere ez litzaidake irudituko gordinegia. Eszenarik salbaienak guztiz ezagunak bihurtu zaizkit ezin adierazteko moduan. Neure baitan aurkitzen nuen, eta aurkitzen dut oraindik, bizitza goragoko baterako joera, edo, jendeak esaten dion moduan, bizitza espiritual baterakoa, gizon gehienei gertatzen zaien moduan bestalde, eta beste joera bat, berriz, maila primitibo edo salbaiarekikoa, eta bi-biak gurtzen ditut. Neurri berean maite ditut basatia eta ona. Arrantzak dakartzan basatasuna eta abentura egokiak dira oraindik ere niretzat. Batzuetan gogoko dut bi oinak finkatzea bizitzan eta animalien erara igarotzea eguna».