INFO

Jon Arretxek Toureren sagako zortzigarren entrega argitaratu du, ‘Dortokaren begirada’

Jon Arretxek ‘Dortokaren begirada’ nobela argitaratu du, Toure detektibearen sagako zortzigarren entrega. Madrilgo Lavapiés auzoan dago girotuta eta lehenengo nobeletako umorea berreskuratuko du.

Jon Arretxe Donostiako Udal Liburutegian, ‘Dortokaren begirada’ liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

‘Dortokaren begirada’ du izena Jon Arretxek idatzitako Toure detektibearen sagako zortzigarren nobelak. Ostegun honetan Donostiako udal liburutegian egin da liburuaren aurkezpen ekitaldia eta ale berriaren xehetasunak eskaintzeaz gain, bederatzigarren entrega bat ere izango dela iragarri du autoreak.

‘Dortokaren begirada’ Madrilgo Lavapies auzoan kokatuko da batik bat. Izan ere, aurreko aleetan ez bezala, Toure aberatsa izango da eta Lavapiesen etxe bat alokatuko du. Hori horrela, El Retiro parkean ezkutatuko ditu Parisen lapurtu zituen harribitxiak eta trama harribitxi horiek desagertzen direnean hasiko da. Tourek bere altxorraren lapurra aurkitu beharko baitu.

Liburuaren tonuari dagokionez, Arretxek aurreratu du sagaren lehenengo aleetako alaitasuna berreskuratzea erabaki duela, umorea eta kritika uztartuz. «Ez da erraza bi elementu hauek lotzea baina oso ondo ezkon daitezke», azaldu du idazleak.

Izan ere, Arretxek esplikatu du kritika soziala «ezinbesteko osagarria» dela nobela beltzaren barruan eta gaur egun «modan enigma poliziakoa» dagoen arren, berari horrek ez diola betetzen eta bere nobeletan kritika soziala uztartzea behar duela.

Ildo horretan, idazleak nabarmendu du «mezu xenofobo eta ultraeskuindarrek» asko «kezkatzen» dutela eta kezka horren baitan gizarte bazterketarekiko kritika sozialari inoiz baino indar eta protagonismo handiagoa ematea erabaki duela. Izan ere, kontuan izan behar da Toure, protagonista, egoera irregularrean dagoen etorkin beltza dela.

Nobela Madrilen girotzearen arrazoietako bat Arretxek, nahiz eta bertako agintariak «ez gustatu», hiria gogoko duela izan da: «Herria bera gustatzen zait eta baita hiria ere, hain handia izanda denentzako lekua baitago».

Tramari dagokionez, idazleak nabarmendu du irakurlea hasieratik amaierara harrapatuko duen zerbait sortzea ez dela batere erraza. «Dena jada idatzita dagoela iruditzen zait», hausnartu du. Horri aurre egiteko, Arretxek ondorioztatu du idazleak pertsonaien bidez «originalak izaten» saiatu behar direla.

Bukatzeko, Arretxek bederatzigarren entrega bat egongo dela eta hau San Frantziskon kokatuko dela aurreratu du.

Pantaila handiko adaptazioa

Dena ondo baldin badoa, 2023rako Tourek adaptazio zinematografikoa izatea aurreikusten du Arretxek. Izan ere, autorearen esanetan, Madrilgo bi ekoiztetxe «potentek» egin dute Toureren sagaren aldeko apustua.

Idazleak nabarmendu du ekoiztetxeek bere kezka nagusia, hau da, pertsonaia guztiak sartzea errespetatuko dutela baina adaptazioak, hala ere, aldaketa batzuk izango dituela: «Ekoizleek esan didate nire nobelak gogorregiak direla pantailari begira, ez direla komertzialak eta jendeak gauza naifagoak nahi dituela».

Hortaz, Arretxek azaldu du trama gogorrenak «leundu» egingo dituztela eta adaptazioa espainolez izango dela.