Kopara begira, Estudiantes aurkari zuzena gainditu beharko du Kutxabank Araskik
Azken bi neurketetan jipoia jaso arren, zortzi onenen artean jarraitzen dute gasteiztarrek, eta bere aurkariak, liga hasiera txarra egin ostean, azken hiru partidak irabazi ditu. Madrildarren artean dauden Itsaso Condek, Umi Diallok eta Laura Quevedok Kutxabank Araskin jokatzea zer den badakite.
Endesa Liga aurreneko itzuliko azken txanpa hasten ari da. Bost jardunaldi falta dira Liga Erregularreko aurreneko erdia bete dadin eta Koparako txartela emango duen Top 8an sailkatzeko muturreko epelak espero dira falta diren neurketetan, arerio zuzenen artean batik bat. Esaterako, larunbat honetan Mendizorrotzan 18.30etan Kutxabank Araskik eta Estudiantesek jokatuko duten partidan. Lointek Gernika Bizkaiak –Gironan– eta IDK Euskotrenek –Logroñon, Campus Prometeren aurka– igandean jokatuko dute.
Gasteiztarrek 5-5eko balantzea dute eta egun Top 8 hori ixten dute. Alabaina, azken bi neurketetan jipoi galant askoak jaso ditu Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak: 44-92 Perfumerias Avenidaren aurka eta 69-47 Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako euskal derbian. Aldiz, Estudiantesek denboraldia nahiko baldar hasi zuen, baina talde madrildarrak kalitate handiko jendea dauka eta hala, azken hiru neurketak irabazita, ligako bederatzigarren posturaino igo da, arabarrek baino garaipen bat gutxiagorekin.
Zenbait jokalarirentzat partida berezia izango da. Esaterako, Kutxabank Araskiko Gracia Alonso hegaleko bilbotarrak Gasteizera iritsi aurreko azken bi denboraldietan Estudiantesen jokatu zuen. Estudiantesen berriz, Itsaso Conde hegaleko gasteiztarra Kutxabank Araskin izan zen 2014/15 denboraldira arte. Umi Diallo pibot kanariarrak ere 2017tik 2019ra Gasteizen jokatu zuen. Zer esan, bestalde, Laura Quevedo hegalekoari buruz! Cosladako jokalariak azken denboraldi biak eman ditu Kutxabank Araskiko elastikoa jantzita eta Madelen Urietaren joko sistema ezberdinen erreferenteetako bat izan zen.
Quevedo bera da, egia esan, Estudiantesen erreferente nagusiena, partidako 12,8 puntu saskiratzen baititu. Esan gabe doa Madrilgo hegalekoaz gain Arica Carter edo Melisa Gretter bezalako jokalariekin ere min handia eman dezakeela Alberto Ortegok zuzentzen duen taldeak. Dena den, Kutxabank Araskik badaki aurkari zuzen honi irabaziz gero, bi garaipeneko aldea aterako liokeela aurreneko itzulia amaitzeko lau jardunaldi eskasen faltan.