INFO

Eraberritze lanen egokitasuna proban jarriko dute Baskoniak eta Bilbao Basketek

Gasteiztarrek oso irteera zaila dute Bartzelonaren aurka eta bizkaitarrek etxeko bolada onari eutsi nahi diote Breoganen kontra.

 

Laman Petersek ez du beragandik espero zen mailarik eman. (Endika PORTILLO/FOKU)

Denboraldia hasi eta gutxira aldaketa asko egin beharra ez da sekula seinale onena izaten, baina bai Baskoniak eta baita Bilbao Basketek ere euren hasierako ideiak dezente aldatu behar izan dituzte emaitza txarrek eta lesioek behartuta.

Gasteiz aldean taldearen dinamika irauli nahi izan zuten duela aste batzuk Dusko Ivanovic aulkitxotik kendu eta Neven Spahija jarriz. Hasiera batean nolabaiteko susperralditxo bat izan bazuen ere, aurtengo Baskoniaren gabeziak jokalariek entrenatzailearekin izan zezaketen harremanaz harago doazela argi geratu da, urrunegira joan gabe aste honetan bertan Kaunasen eta Granadako Kopan egon nahi izatera garaipenak pilatzen hasi behar du ahalik eta azkarren. Ez dirudi Palau horretarako kantxarik egokiena, baina egungo Baskoniak nahiko lan du bere buruarekin, gainontzekoez arduratzen hasteko.

Nick Calathes antolatzailea, Cory Higgins eskolta eta Alex Abrines hegalekoa bezalako baja garrantzitsuak dituen arren, Jasikeviciusen taldea oso lehiakorra izaten ari da normalean protagonismo gutxiago izan beharko luketen Sergi Martinez, Nico Laprovittola, Kyle Kuric eta Rokas Jokubaitis bezalako jokalariak eta ostiralean Euroligako txapeldunaren etxean irabaztetik dator.

Baskonia, ordea txanponaren beste aldea da, oso gutxi dira eurengandik maila espero zen maila ematen ari direnak eta igande hau, arratsaldeko 18.30tan jokatuko den partidan denen beharra du Spahijak kopara gerturatu nahi badute.

Miribillako gotorlekua

Denboraldi hasieran larri ibili baziren ere, urak bareagoak datoz Bilbo aldean, batez ere taldeak etxean lortutako azken garaipenei esker. Zaleen bultzadarekin, Miribillan jokatutako azken hiru partidak irabazi dituzte Mumbrurenek eta bolada horri eutsi nahi diote igandean Breoganen aurka 20.00etan hasiko den partidan.

Jaitsierako postuak oraindik ez daude beltzeko gizonek nahi bezain urrun eta borroka horretan aurrera pauso handia litzateke igo berria den taldeari irabaztea. Horretarako ikuskizun dago taldeko jokalari berriak, Stefan Peno antolatzaile serbiarra eta Khyri Thomas eskolta estatubatuarra nola moldatzen diren taldera, Valentzian bere lehen minutuak izan zituen Damien Inglis ahaztu gabe. Rafa Luz, Tomeu Rigo eta Alex Galanen lesioak izan ziren, Regimantas Miniotasen agurrarekin batera, talde bilbotarra fitxatzera eraman zutenak. Andrew Goudelock, taldeko eraso erreferentzia nagusia ere min hartutz egon da eta azken ordura arte zalantzan egongo da berak edo Thomasek jokatuko duten.

Covid kasu batzuk eta nazioarteko partiden erruz, azaroaren 14tik partidarik jokatu gabeak dira Paco Olmosenak eta ikusteke dago zein mailatan itzuliko diren lehiaketara. Hori bai zaleen babesik ez zaien faltakok 400 inguru izango baitira Miribillan.