INFO

‘Euskararen herriaren mapa’, Baionako Etxepare lizeoko ikaslei laguntzeko

Baionako Bernat Etxepare institutuko ikasleek dantza giroa jarri dute Landakoko Gunean eguerdian. ‘Mapa bat baino gehiago’ ekimena aurkeztu dute Durangoko Azokaren baitan, Xabi Solano eta Esne Beltza taldearen laguntzarekin. 

Mapa dantzan aurkeztu dute Durangon Etxepare lizeoko ikasleek. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bi hamarkada zeramatzan agortuta Euskal Herriko mapa berezi bat berrargitaratu du Baionako Bernat Etxepare lizeoak. Neurri handikoa eta erliebean, «euskararen herriaren» dela esan daiteke. Lizeoko ordezkari batek aipatu duenez, Euskal Herria bere osotasunean islatzen duen mapa geografiko bakarra omen da, gainera. 

99 eurotan jarri dute salgai, ‘Mapa bat baino gehiago’ kanpainaren barnean. Ekimen honek Baionako lizeo euskaldun bakarraren eraikuntza handitzea du xede. Duela bost-sei bat urte, beste kanpaina baten bidez, lizeoa eraberritu zuten, baina txiki gelditu omen zaie, eskaera handitu delako.

Albiste on batetik abiatzen da, bederen, ‘Mapa bat baino gehiago’ ekimena, lizeoko arduradunek aipatu duten bezala. 

Salgai interneten

Lizeorentzat baliabide ekonomikoak biltzeko balioko duen kanpainaren hasiera gauzatu dute, beraz, larunbata eguerdian Landako gunearen barnean.

Prentsaurreko bat egin beharrean ekimen moduan prestatu nahi izan zuten agerraldia. Kanpainaren kanta egin duen Esne Beltza taldeko Xabi Solano bertan egon da, ikasleei bere babesa emanez, haiek dantzatu duten bitartean.

Durangoko Azokan solik ez ikasturtean zehar zenbait azoketan zuzenean ere eskainiko dute mapa berezi eta ikusgarri hau. Izan ere, salmenta nagusiki interneten bidez egitea aurreikusten dute.