Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Batuz aldatu’ akordio sozialaren jauzi berria iragarri du
Euskalgintzaren Kontseiluak ehun bat eragileekin sinatutako ‘Batuz aldatu’ ekimenak jauzi berri bat emango du aurki, Paul Bilbaok Azokan aurreratu duenez. Hezkuntza, administrazioa eta arlo ekonomikoan jarriko dute fokua etorkizunean hizkuntza-politika eraginkorrak bermatze aldera.
Euskalgintzaren Kontseiluak ehun bat eragileekin sinatutako ‘Batuz aldatu’ ekimenak jauzi berri bat emango du aurki, Paul Bilbaok igande honetan Azokan aurreratu duenez. Hezkuntza, administrazioa eta arlo ekonomikoan jarriko dute fokua etorkizunean hizkuntza-politika eraginkorrak bermatze aldera.
Pandemia iritsi aurretik, Euskalgintzaren Kontseiluak iragarri zuen euskalduntze prozesuak beste fase batera pasa behar zuela, indarrean dauden politikak berrikusi eta birpentsatuz. Lehenengo jauzia iazko abenduan izan zen. Ekainean alor desberdinetako eremuko ehun eragileekin (kultura, hezkuntza, sindikatuak, hedabideak...) sinaturiko dokumentu batean hiru ardatz amankomun eta helburu garbi bat adostu zuten: "Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermatu behar dira".
Paul Bilbaok aipatu duenez, «Euskaraldiak ere erakutsi digu hizkuntza-politikak bermatzea ez dela euskalgintzaren erantzunkizuna bakarrik, eragile bakoitzak badauka bere erantzukizuna, alegia, erantzunkizun partekatuaz ari gara hizkuntzak bermatzeko prosezuak ari garenean. Hortaz gure asmoa izan da goazen pixkanaka pixkanaka aliantzak lotzen normalizaziorako ‘hanka’ politikoan. Lortu dugu ‘hanka’ soziala, Euskaraldiarekin; goazen orain ‘hanka’ politikoan adostasunak lortzen».
Aitortu du nolabaiteko «bertigo» sentsazioa ematen duela fase berri honek. Hiru lehentasun markatu ditu: hezkuntzan (urte beteko irupena izango du, aipatu duenez, eragileekin zabalduko den eztabaida prozesua), administrazioan (eta hemen, Nafarroan egin den «atzerapausua» nabarmendu du) eta arlo ekonomikoan.