INFO

Oinatz Bengoetxeak ez du 20 urtez profesional izateko ametsa bete ahal izango

Baikok gaur jakinarazi du ez diola kontratua berrituko Oinatz Bengoetxeari eta urtarrilaren 29an jokatuko du bere profesionaletako azken partida Labriten.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Azkenaldian sarri errepikatu du profesionaletan 20 urtez aritzea lukeela bere kirol ibilbideko azken erronka, baina amets hori bete ahal izan gabe agurtu beharko du bere kirol ibilbidea Oinatz Bengoetxeak, Baikok bere kontratua ez luzatzea erabaki eta urtarrilaren 29an jokatuko baitu bere azken partida Labriten.

2002ko urrian, Iruñeko Mundiala amaitu berri egin zuen debuta leitzarrak Iruñean bertan eta azken 19 urte hauetan pilotazaleen pilotaririk maitatuenetako bat izan da bere joko eta izaera biziarekin. Urte askoan Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujorekin kantxan aritu behar izan badu ere, askok nahi luketen palmaresa ere lortu du, bi aldiz izan baita Buruz Buruko txapeldun, 2008 eta 2017an –Baikoren lehen mailako azken txapela–, eta beste behin Lau eta Erdian (2016) eta Binaka (2015), hau da, hiru txapela nagusiak jantzi dituen talde murritzeko partaide da, Julian Retegi, Fernando Arretxe, Martinez de Irujo, Abel Barriola, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearekin batera. Oinatz Bengoetxearekin pilotaren urrezko aro baten azken kapitulua amaitzen dela esan genezake.

Enpresak bere webean zintzilikatutako bideo batean, Bengoetxea VI.a bera eskertuta eta harro agertu da urte hauetan guztietan lortu eta bizitakoagatik. «Azkenean kirolari baten bizitzan amaiera eman beharreko une bat iristen da, orain heldu da nirea, ia 20 urte egin ditut Baiko enpresan profesionaletan, niretzat ia bizi oso bat izan da. Oso harro nago egindako lanarekin, asko gozatu dut pilotaz, lorpen batzuk ere baditut, partida garrantzitsu asko jokatu ditut pilotari handien aurka eta egia esan oso harro nago urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta nire bizipenenegatik. Bihotzean eramango dut pilota dudarik gabe eta orain agurtzeko orduan partidatxo batzuk izango ditut, espero dut maila ona ematea kantxan eta gozatzea. Eskertu bakarra pilotazaleei, nire lagun guztiei, familiari eta bereziki eskertu nahi diotBixente Artolari, nire anaia Arkaitz, Txato eta Asierri», adierazi du.

Agur partidak

1.000tik gora partida jokatu ditu Oinatz Bengoetxeak eta pilotazaleei agur esateko bira moduko bat antolatu dio Baikok, orain gutxi Aimar Olaizolarekin egin bezalatsu; abenduaren 26an Bilbon, urtarrilaren 2an Gasteizen, 16an Donostian, 24an Tolosan eta 29an, azkena, Iruñean.