INFO

Mercedesek ekoizpena etengo du abenduko azken bi asteetan Gasteizko lantegian

Gasteizko Mercedesen lantegiak ekoizpena etengo du abenduko azken bi asteetan mundu mailaN bizi den krisiaren aurrean «material bilketa» egiteko. Printzipioz, urtarrilaren 3an hasiko da berriro ekoizten.

Mercedesek Gasteizko lantegiaren ekoizpena etengo du urteko azken bi asteetan. (Raul BOGAJO/FOKU)

Sindikatuetako iturriek azaldu dutenez, Mercedeseko zuzendaritzak ostegun honetan egindako bileran jakinarazi die, hainbat piezaren hornidurarik eza dela eta, Gasteizko lantegiaren aurtengo azken laneguna abenduaren 17a, ostirala, izatea adostu dutela, ordura arte normaltasunez lan eginez.

Beraz, egun horretatik aurrera geldituko du ekoizpena enpresak. Lehenago ere adostu zen abenduko larunbat guztietan ekoizpena geldituko zela Enplegu Erregulazioko Espedientearen kargura, eta orain gauza bera egitea erabaki da abenduaren 17tik (abenduaren 20, 21, 22, 23, 27, 28, 29 eta 30etik) aurrera geratzen diren urte honetako lanegun guztietarako.

Sindikatuko kideek azaldu dutenez, aurreikuspenen arabera, EAEko lantegirik handieneko ekoizpena urtarrilaren 3an hasiko da berriro «ziurrenik», baina «gaur egun ez dago bermatuta», erdieroaleen horniduraren ziurgabetasuna mantentzen delako.

Mundu mailan bizi den piezen horniduraren krisiak eragina izan du azken urtean Euskal Herrian finkatutako hainbat enpresatan. Volkswagenek Nafarroan duen lantegia itxita dago azaroaren 29tik, eta abenduaren 12an irekiko dute berriro, baina enpresak ez du baztertzen egun gehiago ixtea.

Sidenorrek urriaren erdialdean iragarri zuen Basauriko lantegian ekoizpena geldituko zuela 20 egun abenduaren 31ra arte, produkzio lanaldien %30. Kasu honetan, itxiera «elektrizitatearen prezio neurrigabeak» eragin du. Honek, eztabaida handia sortu du Iberdrolaren eta euskal industriako enpresa askoren artean.