INFO

Donostian merkatalgune handien irekiera mugatzeko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk Donostiako Udalari eskatu dio hiriko merkataritza-gune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko, eta, aldi berean, laguntza gehiago tokiko merkataritzarako.

EH Bildu taldeko zinegotzia Markel Ormazabal. (EH BILDU)

EH Bilduk mozio bat erregistratu du asteazken honetan Donostian, Udal Gobernuari  merkataritza-gune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak hartu ditzan eskatzeko, eta, aldi berean, auzoetako dendetan kontsumoa sustatzeko baliabide gehiago jartzeko.

Era berean, EH Bilduk salatu nahi izan du EAJk eta PSEk merkataritza-zentro handiei ematen dieten babes politiko eta teknikoa. «Babes horren eragin negatiboa ez da konpentsatzen, inola ere ez, Udal Gobernuak tokiko merkataritzari laguntzeko abian jartzen dituen kanpaina urriekin. Izan ere, kanpaina horiek abian jartzen dira, besteak beste, merkataritza-gune handi horiek auzoetako dendetan sortzen dituzten galera ekonomiko eta sozialak konpentsatzeko», kritikatu du.

Testuinguru honetan, arreta berezia eragin digu Garbera merkataritza zentroaren irekiera berriak. 2021eko urriaren 29an, «Garbera Revolution» izeneko kanpainaren harira, merkataritza gune honek azaroaren 24an egingo zuen lehen irekiera berrian parte hartzeko gonbidapena jaso zuten udal taldeek. Biharamunean, berriz, lehen alkateorde Nekane Arzallus irekiera ekitaldi honetan egon zen. Halaber, udal teknikariek proiektu honen sorreran egindako lana ere azpimarratu zuen.

Bestalde, eta Garberaren zabalpen honekin batera, hiriko beste eremu batzuetan ere horrelako gune gehiago irekitzeko asmoak bere horretan jarraitzen dutela salatu du EH Bilduk (hala nola, Belartzan). «Eta arreta berezia eragin digula diogu, izan ere, dagoeneko gauza jakina eta frogatua baita Garbera bezalako merkatalgune handiek komertzio txikiari sortzen dioten galera», nabarmendu du.

Bestalde, Marisol Garmendiak batzordean Garberaren zabalkundea balioan jarri zuen, bertan sortuko diren lanpostuak aipatuz. Bada, Donostiak hamarkada batean komertzio txikiaren %22 galdu du, eta Garberaren eragina nabarmena izan den ekialdeko auzoetan portzentai hau oraindik handiagoa da, EH Bilduk emandako datuen arabera. Are gehiago, Donostia Sustapenak Garberaren zabalkundeak izango zuen eraginari buruz egindako txostenean, besteak beste, zera zioen: irekiera honek 24 komertzio txikiren itxiera eta establezimendu hauetan 72 lanposturen galera eragingo duela.

Kanpainak, ez nahikoak

Gainera, Udal Gobernuak sustatzen dituen tokiko merkataritzaren aldeko kanpainak daude, berriki aurkeztu direnak bezalakoak: 'Oparitzeko. Donostia' edo hiriaren ekialdean Gabonetako erosketak egiteko banatzen ari diren bonoak (15.000 euroetako aurrekontuarekin). EH Bilduren hitzetan, jardun hauek «positiboak dira, baina ez nahikoak. Eta, nolanahi ere, ez dituzte konpentsatzen EAJk eta PSEk merkataritza-zentro handiei emandako babes esplizituak (baimenak, udal teknikariak eta multinazional horien interesen aldeko botoak udal osoko bilkuretan) sortzen dituen ondorio ekonomiko eta sozialak».

«Azken batean, auzo edo herri bizitza eta tokiko merkataritzaren osasuna loturik doaz. Bizitasuna, argitasuna eta segurtasuna ekartzeaz gain, egunerokotasunean behar ditugun produktu eta zerbitzuak etxetik gertu eskaintzen dizkigu. Konfiantzazko eta elkarrekikotasun harremanak sustatu eta sare sozialak sendotzen ditu, eta hauek bizitza asegarria ziurtatzeko ezinbesteko faktorea dira», baloratu du.

Horregatik guztiarengatik, mozio bat aurkeztu dute datorren asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatzeko, Donostiako Udal Gobernuari eskaera hau eginez: «Berehalakoan hartu ditzala Donostian merkatalgune handien irekiera eta zabalkunde berriak mugatzeko neurriak, beti ere kontsumo lokala, ekoizpen lokala eta banaketa lokala sustatzeko bitartekoak handitzearekin batera».