INFO

Euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu dute Iruñeko haur eskoletako guraso eta hezitzaileek

Haurrek euskarazko murgiltze ereduan hezitzeko duten eskubidea bermatzea eskatu dute gaur arratsaldean Iruñean haur eskoletako gurasoek eta hezitzaileek, Iruñeko euskalgintzako ordezkariek lagunduta.

Manifestazioa, elkarren arteko tartea gordez, Estafeta kaletik. (NAIZ)

Iruñeko euskalgintzak eta haur eskoletako langile zein gurasoek deituta, mobilizazioa izan da gaur arratsaldean Iruñean. Udaletxeko plaza eta nafar Parlamentua lotu dituzte, bi erakundeak interpelatuz, nafar hiriburuko haurrek euskarazko murgiltze ereduan hezitzeko duten eskubidea bermatzea eskatuz. «Inork justifika dezake barruti berean 4 gaztelaniazko murgiltze eredu izatea eta bakar bat ere ez euskaraz?», galdetu du Ainhoa Jauregik, gurasoetako batek.

«Haur eskola publikoen eredu linguistikoen banaketa geografikoaren mapari begiratu bat besterik ez zaio egin behar euskarak eremu hauetan pairatzen duen bazterketaz ohartzeko. Hego mendebaldeko (Mendebaldea-Ermitagaina, Etxabakoitz, Iturrama eta Donibaneko auzoak) eta hego ekialdeko (Arrosadia, Lezkairu, Zabalgune, Mendillorri eta Erripagainako auzoak) biztanleek ez dute euskarazko murgiltzearen eskaintzarik», salatu du Jauregik. Zentzu horretan Iruñea lau barrutitan banatzen dute eta horietako bakoitzean «behintzat murgiltze eredu bana» eskaintzea exijitu dute.

Bide horretan aurrera egin daiteke Lezkairun irekiko den haur eskola berriarekin edo Mendebaldean egiten ari diren berritze lanekin. Helburu horrekin, aurreko astean ehunka eskabide aurkeztu zituzten nafar Hezkuntza Departamentuan eta Iruñeko udaletxean. «Murgiltze eredu bakarra dago Iruñeko 16 haur eskolen artean. Euskarazko eskaintza, zonifikatu eta urria, eredu mistoetan eskainita dago gehienbat, non murgiltze erreala ez den ematen. Eredu mota hauetan gaztelania gailentzen da nabarmen eta euskararen transmisioa oztopatzen da».

Euskarazko eskaintzaren inguruko eztabaidak Iruñea edo Nafarroako mugak gainditu eta espainiar Kongresura edo Netflixera salto egin duen honetan, pribilegio eta eskubideez ere aritu dira gurasoak. «Askotan badirudi euskarazko murgiltze eredua eskatzen dugunok pribilegio batzuk eskatzen ditugula, baina ez da horrela. Nafarroako hizkuntza den euskara bizirauteko eta beste eremuetara zabaltzeko tresna eraginkorrena eskatzen ari gara».

Era berean, agintariek euskarazko eskaintza baldintzateko trikimailuak erabiltzen dituztela ere azaleratu du Jauregik: «Eskaintza-eskaria defendatzen dute eskaintzarik gabe, euskara profileko hezitzaile kopurua murriztu nahi dute gero hori euskarazko plazak handitzeko ezinezko aitzakiatzat erabiltzeko, euskal adarrerako hizkuntza eta normalkuntza proiekturik ez dute garatu, arkitektonikoki ez dituzte haur eskolen behar linguistikoak aztertu eta ez da linguistika eta pedagogia eztabaidarik egon. Desastre hutsa da, eta gainera, bizikidetza, inklusio eta berdintasun eredu bezala saltzeko marketina egiten dute».

Haiekin batera mobilizatu dira ere haur eskoletako hezitzaileak eta Nafarroan eskaintzen den hezkuntza eredua kritikatu du Edurne Lekunberrik. «Duela urte batzuk, hizkuntza eredu bat asmatu zuten (gaztelania, ingelesezko jarduerekin) beste eredu baten garapena geldiarazteko helburu bakarrarekin, euskaraz murgiltzekoa, alegia. Eta asmatutako eredu hori aditu bakar batek ere bermatu ez duen arren eta kritika asko jaso dituen arren bere egokitasunari dagokionez, Iruñeko Udalak haren alde egin du, eta bertan inbertitzen jarraitu du».

Orain, «esperimentu horrek ez zuela balio euskarazko murgiltze eredua daukaten eskolen eskaria geldiarazteko» konturatuta, euskarazko ereduari ere ingelesezko jarduerak gehitu dizkiotela ere arbuiatu dute.

Inbertsioak 0-3 zikloan lan egiten duten profesionalak prestatzera bideratu beharko liratekeela ulertzen dute, «datorkigun kasuistika konplexu guztiari aurre egin ahal izateko, era horretan haurrak eta familiak lehen lerroan artatzen ditugun langileei babesa emateko». Aldiz, inbertsio horiek langileek ingelesezko B1 titulua atera dezaten laguntzera izan dira bideratuak.

«15 urte lanpostuak betetzeko deialdi publikorik egin gabe egon ondoren, orain, ingeleseko B1 profila sartzen dute lanpostu guztietan, eta ahalegintzen dira langileen artean zabaltzen behar bezala prestatu beharra dutela eta titulazio hori lortu beharra dutela haur hezitzaileen lanpostu bat atera nahi badute, garbi baino garbiagoa egon arren titulu hori ez dela inola ere nahikoa hizkuntza bat irakasteko», gehitu dute. «Baina hori ez da hizkuntza bat inposatzea, ez, langileen prestakuntza-eskaerei egokitutako eskaintza bat baizik».