INFO

Euskal proiektuetan ziharduten bi zibil saharar hil izanaz akusatu dute Maroko

SEADen Lagunen Elkarteak bi zibil sahararren heriotza leporatu dio armada marokoarrari. Bere esanetan, Marokok dron batetik botatako misil baten bidez eragin ditu hilketak. Euskal Herritik finantziatutako egitasmoetan ari ziren lanean eta horren inguruko isiltasuna salatu dute.

Erasoaren ostean gelditutako zisterna kamioiaren hondakinak. (SEADen Lagunen Elkartea)

Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteak ostiral honetan salatu du Marokoar armadak bi zibil bonbardeatu zituela joan den asteazkenean, hauek EAEko erakundeek finantzatutako azpiegitura batzuetan lanean zebiltzan bitartean. Era berean, gertaeren inguruan «isiltasun mediatiko eta politiko onartezina» egon dela deituroatu du SEADen Lagunen Elkarteak.

Zehazki, SEADen Lagunen Elkarteak ohar baten bidez honela azaldu ditu gertaerak: «Pasa den abenduaren 15ean marokoar Armadak bi pertsona hil zituen dron batetik jaurti zuen misil batez. Bi sahararrak zisterna kamioi baten gidaria eta laguntzailea ziren eta populazioaren ur banaketa lanetan ari ziren erasoa gertatu zenean».

Bi zibilen heriotzaren harira, jasotako irudiek erasoak «pertsonak hiltzeko asmo argia» zuela erakusten dutela gaitzetsi dute elkartetik. «Ez soilik ibilgailua suntsitzeko, misila kamioiaren kabinara baino ez baitzen joan», zehaztu dute.

Hori horrela, elkarteak gogoratu du Marokok gutxienez «20 zibil saharar hil» dituela bonbardaketa ezberdinetan. Eraso hauek 2020ko azaroaren 13an Marokoko armadak Mendebaldeko Saharako Guerguerat esparru desmilitarizatua inbaditu zuenean hasi omen ziren eta, horrela, Marokok 29 urteko su-etenari «amaiera» eman zion.

Oraingo honetan, aldiz, SEADen Lagunen Elkarteak salatu du EAEko erakundeek, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Euskal Fondoak, finantzatutako lankidetza-proiektuei eragin diela erasoak. Biztanleria nomada eta errefuxiatuaren ur-horniduraren azpiegitura hobetzeko proiektuei, konkretuki.

Hortaz gain, SEADen Lagunen elkarteak Euskal gizartea SEADeko kanpamenduetan eta eremu liberatuetan sahararren bizi baldintzak solidarioki hobetzen ahalegintzen den bitartean, «Gobernu eta enpresa batzuek Marokoko erregimenarekin zuzenean kolaboratzen» dutela adierazi du.

Gobernu espainiarrari mezua

Hori horrela, espainiar Gobernuko koalizio kideei gatazkan erantzukizunez jokatzeko exigitu die: «Premiazko deia egiten dugu gatazkan erantzukizunak dituzten erakunde eta instituzioek, bereziki PSOE eta Podemosen koalizioko Espainiako Gobernuak, premiaz eragin dezaten gerrari amaiera emateko eta saharar herriak bere askatasun eta independentziarako dituen eskubideak bermatzeko».

Bukatzeko, Marokoko erregimenaren eraso militar guztiak «gogor salatzen» dituela jakinarazi du elkarteak, eta, gainera, Estatu espainiarrak Marokoko erregimenari ematen dion «laguntza militar diplomatiko eta ekonomikoa» eten dezala exigitu du.