Erabakitzeko eskubideari hauspoa Arantzazutik: «Esku guztiak norabide berean»
Euskal Herriko izen-abizen garrantzitsuak barnebiltzen ditu Arantzazun Gure Eskuk eguerdi honetan aurkeztu duen adierazpenak, erabakitzeko eskubidearen alde. Egingarria dela nabarmentzera dator: «Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz. Erabakian gara, bidean gaude».
Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria ozen entzun da gaur larunbatean Euskal Herriko toki oso esanguratsu batetik: Arantzazuko Adierazpena aurkeztu du Gure Eskuk, aurkezpenik behar ez duten dozenaka sinatzaileek bere eginda: Juan Jose Ibarretxe, Rafa Diez Usabiaga, Iñaki Goirizelaia, Nekane Balluerka, Olatz Salvador, Paul Bilbao, Ramon Zallo, Ugo Mayor, Unai Pascual, Iñaki Soto, Martxelo Otamendi, Amaia Goirigolzarri, Amets Martinez de Heredita, Andoni Aizpuru, Eneritz Zabaleta, Gaizka Aranguren, Garbiñe Aranburu, Gemma Zabaleta, Gorka Espiau, Helena Franco, Kiko Caballero, Laura Mintegi, Lorea Agirre, Iñigo Urrutia, Ximon Fuchs... eta abar luze bat.
Andoni Aizpuru eta Pilar Kaltzada kazetariek irakurri dute adierazpena, santutegiko Gandiaga Topagunean, edukiera mugatuko agerraldi batean, mezua izenpetzen duten 50 bat eragileren aurrean.
Aurretik Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak hartu du hitza adierazpenak jaso duen «babes zabal eta anitza» nabarmentzeko. Adierazi duenez, «aurrerapausoak emateko garaia da», eta bide horretan, «hemen gauden guztiok, gutariko bakoitza, aktibo bat» gara «gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko».
Esan duenez, beharrezkoa den legezko markoa lortzeko indarrak biltzeak jarraitzen du erronka nagusia izaten, baita arlo guztietan «ekitea» ere. Testuinguru horretan, 2022ak izango dituen bi «mugarri» aipatu ditu: urtarrilaren 29an, katalanekin batera 400 mendi argiztatzeko, eta uztailaren 2an, Pirineoetara egingo den igoera.
Izan gaitezen «artisau eta zubigile»
Etxabururen hitzen ostean, adierazpena irakurri dute euskaraz Kaltzadak eta Aizpuruk. «Gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen dugu –adierazi dute aurkezpen honetan–. Gaur Arantzazun bildu garen herritarrok, norberak bere alorretik, gure alea jartzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta era berean, erronka honi eusteko dei egin nahi diogu gizarte osoari», jasotzen du testuak.
Zehatzago, «eragileei dei egiten diegu norabide honetan inplikatu daitezen; erakundeei, herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten; eta herritar guztiei dei egiten diegu herri gogoa errealitate bilakatzeko lan egin dezaten. Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta kate-begi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz. Erabakian gara, bidean gaude», laburbiltzen du adierazpenak.
Politikagintzan, sindikalgintzan, zientzia arloan, unibertsitatean, kulturgintzan, euskalgintzan, hedabideetan eta abar luzean duten eragina baliatzeko asmoa agertzen dute adierazpenean, beraz, norbanako konpromisoa agertzeaz gain.
Beren ustetan, «burujabetzarako bidean jauzi bat egitea gure esku dago. Gu guztion esku dago. Sinestu dezagun». Eta indarrak batzeko deia da adierazpen honen beste gako garrantzitsu bat: «Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da –ziurtatzen dute–; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea».
«Gehiengo zabal bat osatzen dugu»
Egungo zenbait krisiri aipamen eginez abiatzen da adierazpena: «Aurrez-aurre ditugun erronkei eusteko unea da. Ez diogu krisi klimatikoari behar bezala erantzungo goi gailurrez gailur, neurri eraginkorrak hartzeari uko egiten badiogu. Ez diogu osasun krisiari behar bezala erantzungo, mundu mailako erantzun bat emateko gai ez bagara. Ez diogu krisi sistemikoari behar bezala erantzungo ez badugu sistema denon bizitzetara egokitzen. Bistan da erronka globalek mundu mailako neurriak eskatzen dituztela, baina sinestuta gaude tokian-tokiko erantzunen eskutik etorri behar direla. Gertuko burujabetzatik, herri kohesioa bermatzen duen burujabetzatik jarduteko garaia da».
«Krisien eta ziurgabetasunaren aurrean, batzuek jarrera autoritarioetan topatzen dute ziurtasuna, ustezko etsaiak baztertuz bilatzen dute babesa. Guk ez dugu norabide hori hartu nahi. Inork gure izenean agintzeak baino, gure bizitzen jabe izateak ematen digu guri ziurtasuna», jarraitzen du.
«Gure herriak behin eta berriz egin du», ekartzen dute gogora sinatzaileek, «60ko hamarkadako loraldia» aipatuz, zeinean «tresna burujabeak sortu» zituen Euskal Herriak «garai ilunenetan».
«Herri bat gara, eta herri gisa, gure etorkizun politikoa gure esku nahi dugu. Gehiengo zabal bat osatzen dugu, hamar euskal herritarretatik zazpi gara, baina hamarretatik hamarrentzako proposamena da gurea, erabakitzeak egiten gaituelako nor, eta elkarrekin erabakitzeak, herri», eransten du adierazpenak.
Ideia horretan sakonduz, hauxe irakur daiteke beherago: «Herriari hitza emateko garaia da, edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa. Euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea dugu. Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Horrenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste erreferendumak».