INFO

Natalia Arroyo entrenatzaileak 2024. urtera arte berritu du Realarekin

Natalia Arroyo entrenatzaile katalanak 2024ra arte berritu du Realarekin zeukan hitzarmena. Pasa den urtean iritsi zen Donostiara eta iazko denboraldi paregabean lortutako emaitzak hobetzen ari da sasoi honetan. Urtea bukatzeko partida baten faltan, bigarren sailkatua da Reala. 

Natalia Arroyo en el banquillo de Zubieta. (Jon URBE/FOKU)

Natalia Arroyok Realarekin daukan hitzarmena berritu du 2024. urtera arte. Entrenatzaile katalana eta klub txuri-urdinaren sintonia erabatekoa denaren seinale da luzapen hau. Pasa den denboraldian iritsi zen Donostiara eta sekulako denboraldia egin zuen Realak. Urtearen zati handienean laugarren postuan egon zen baina azkenean bosgarren lekuan bukatu zuen. 

Orduan, helburu zehatz batzuk lortu zituelako, beste urte batez berritu zitzaion kontratua Arroyori. Udara, baina, nahiko mugitua izan da klub txuri-urdinean, 10 jokalarik utzi baitzuten taldea, eta beraz, ziurgabetasuna nagusitu zen inguruan.

Fitxaketek zein erantzun emango zuten zalantzarekin, Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirreren bihurtu ziren taldearen ipar-orratz eta iritsi berriek eman duten maila onarekin, lehen itzuli paregabea egin du Realak, zeinak urtea bigarren postuan bukatuko duen asteazkeneko jardunaldian Alavesen zelaian emaitza dena delakoa izanda ere. Atletico Madril da hirugarrena hiru puntu gutxiagorekin, Realari Federazioak hiru puntuko zigorra ezarri ostean, eta Athletic bisitatuko dute madrildarrek. 

Oraingoan, gabonen aurretik itxi dute luzapena entrenatzaile eta klubak eta gainera, ez da urte batekoa izango. Katalanaren kontratua 2022an iraungiten zen eta luzapen honekin, beste bi urterako jarraipena ziurtatu dute. Iazko denboraldia gogoangarria izan bazen, aurtengo emaitzak ere ez dira gutxiagorako: 14 partida jokatuta, 11 irabazi ditu, behin berdindu du (Huelvako Sportingen aurka) eta bi partida galdu ditu (Bartzelona eta Levanteren aurka). 

Arroyo «pozik eta ilusioz gainezka» azaldu da iragarpena egin bezain pronto. «Taldean daukaguna polita eta bizigarria da, aurrera begirako bidea marrazten du eta oso eskertuta nago. Oso eroso sentitzen naiz eta jarraitzeko gogotsu», adierazi du. 

Gainera, etorkizunera begirako proiektua dela ere nabarmendu nahi izan du, Realak emakumezkoen futbolean osatu nahi duen proiektuaren parte sentitzen dela ere azpimarratu du eta uste du «Realak inguru perfektua» eskaintzen diola lanean jarraitzeko; «gertutasunetik, ilusiotik eta gazteen talentutik abiatuta lanean jarraitzeko», alegia. 

Katalanak Mirari Uriak Unben sarturiko gola gogoratu du, harrobikoa izanik garaipenerako balio izan baitzuen. Hala, garaipen hori Ibaiako partidan «hauspoa» izan daitekeelakoan dago eta urte beste hiru puntu batuta agurtzeko desioa erakutsi du. 

Entrenatzailearen hitzarmena luzatu aurretik, Nerea Eizagirre kapitainarena ere iragarri zuen klubak, taldearen benetako giltzarriarena, alegia. Tolosarra asko hazi da Arroyoren gidaritzapean eta gutxienez 2023ra arte, Realeko elastikoa defendatuko du.