INFO

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek bat egin dute Arabako Metalaren hitzarmen duina lortzeko

Arabako Metalgintzako langileen lan baldintzen aldeko mobilizazio bateratua egin dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Hirurek plataforma bateratua osatu dute patronalaren aurrean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko.

Arabako Metalgintzako langileen lan baldintzen alde mobilizatu dira LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. (Raul BOGAJO/FOKU)

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek bat egin dute Arabako Metalean patronalaren aurrean hitzarmen duin bat eskatzeko. Hain zuzen, plataforma bateratua hitzartu dute, honako eskariekin: KPIz gaindiko soldata igoerak; gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea; Azpikontratetako langileen subrogazioa; Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak; behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatu; lan osasuna bermatzeko neurriak...

Hiru sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute astearte honetan SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean, Gasteizen, salatzeko 3 urte daramatzatela hitzarmena negoziatzen Araban 25.000 langilek lan egiten duten sektore batean, aurrerapenik egin gabe.

Ohar batean salatu dutenez, SEA «geldirik dago sektoreko arazoak pilatzen diren bitartean», eta langileak bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatekin eta lanaldi eta malgutasun handiekin daudela.

Sindikatuek SEA patronalari aurkeztuko dizkiote haien aldarrikapenak eta urtarrilaren 10ko astean Negoziazio-Mahaia biltzeko dei egingo diote.

Gainera, mobilizazio dinamika bateratu bati ekin nahi diote, eta urtarrilean egongo diren deialdietan eta manifestazio batean parte hartzera dei egin diete beste sindikatuei, baita beste sektore eta eragile sozialei ere.

«Azkenik, ohartarazi nahi dugu egungo blokeoa amaitu ez eta sektoreko langileen arazoei erantzunik ematen ez bazaie, Arabako Metalean lanuzte eta grebak egitea beste aukerarik ez dugula izango. Horregatik, sektoreko langileei gonbitea luzatzen diegu lan baldintza duinen aldeko mobilizazio dinamika honetan parte har dezaten», adierazi dute sindikatuek.