INFO

Elkartasuna jaso du Mikel Albisuk, Donostian Auzitegi Nazionalaren aginduz agerrarazi dutelako

2019an aske atera zen Mikel Albisu, zigorra beteta, baina orain bere kontrako auzi berri bat zabaltzeko saiakera ari dira egiten, Gregorio Ordoñezen hilketagatik hain zuzen ere. Donostian deklaratu behar izan du baina ez da bakarrik egon.

Hainbat lagunek babesa eman diote Mikel Albisuri Donostiako epaitegien kanpoan. (Maialen ANDRES/FOKU)

Donostiako Auzitegian agerrarazi dute Mikel Albisu preso ohia gaur asteartean. Auzitegi Nazionalaren aurreran bideokonferentziaz deklaratzeko agindua jaso du hortik, Gregorio Ordoñezen hilketan inplikatzeko saiakera abiatu dutelako. Albisuk ez ditu galderak erantzun, horretarako eskubidea baliatuz, baina adierazpen bat irakurri du akusazioak egozten dionarekin zerikusirik izan ez zuela esanez. Epaiketako datara bitartean, Estatu espainiarretik ateratzea debekatu dio epaileak neurri kautelar gisa.

Alejandro Abascal Auzitegi Nazionaleko epaileak eskatuta deklaratu behar zuen bideokonferentziaz Albisuk, 1995eko urtarrilaren 23an PPko Gregorio Ordoñez alkate-ordearen hilketan parte hartu zuela egotzita. Donostiako epaitegitik, ordea, preso ohiak ez deklaratzea erabaki du.

Bestalde, epaitegian hiru ordu igaro ondoren, Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan gogora ekarri du 25 urteko kondena bete zuela, eta «gezurretan eta torturan oinarrituta dauden» akusazio hauekin duen «harreman oro» ukatu duela epaitegian irakurritako adierazpen baten bitartez.

Bitartean, epaitegien kanpoaldean hainbat lagun elkartu dira Mikel Albisuri elkartasuna adieraztera, "Konponbidea eta bakea" eta "Mikel Albisu gurekin" pankartekin. Tartean ziren EH Bilduko hainbat kide, eta Sortuko Haimar Altunak kazetariei egindako adierazpenetan esan du asteartean egindako elkarretaratzearen bitartez «elkartasuna eta babesa» adierazi nahi izan diotela Albisuri.

«Gaurko gertaera hau ez da kasu isolatu bat, honen atzean salbuespeneko legedian oinarritzen den Espainiako Audientzia Nazionala dago. Hiru urte luze igaro dira Mikelek espetxea atzean utzi zuenetik, eta deialdi berri honek erakusten du berriro ere kartzelak bete nahi dituztela, Euskal Herria iraganera kateatuta mantentzeko», salatu du Altunak.

«Gaur, Aieteko adierazpenetik hamar urteren ondoren, ezker independentistak pausoak eman ditu, pausoak ematen ari da eta pausoak ematen jarraituko du bakea eta elkarbizitza helburu, eta irtenbide demokratiko bat emateko Estatuarekin dugun gatazkari», agertu du.

Bere ustez, «kontrara, betikoek, bide hori oztopatzen saiatzen jarraitzen dute». «Horregatik argi eta garbi diogu, herri honetan bakeak, elkartasunak eta irtenbideak behar du Mikel gurekin egotea, denon artean eraiki dezagun bakean eta aske biziko den herri bat», gaineratu du.

Neurri kautelarrak

Epaiketa egunera bitartean kautelazko neurriak aplikatzea eskatu du akusazioak deklarazio osteko konferentzian. Dignidad y Justicia elkarteak, AVTk, PPk, Donostiako Udalak eta Consuelo Ordoñezek (Gregorio Ordoñezen alarguna eta Coviteko bozeramailea) fiskaltzarekin batera osatzen duten akusazioak eskatu du Estatu espainiarretik ateratzeko debekua ezartzea Albisuri pasaportea erretiratuz eta hamabost egunean behin Auzitegi Nazionalean ager daitezela.

Neurri kautelarrik ez aplikatzea galdegin du defentsak; fiskaltzak, ordea, erabaki du Estatu espainiarretik ateratzeko debekua ezartzea, baina Albisuk ez du epaitegietan agertu beharko hamabostean behin.