INFO

Alavesek Javi Calleja entrenatzailea kargugabetuko du urte berriarekin batera

Zenbait hedabidek ziurtatu dutenez, klub gasteiztarrak jadanik hartu du kargugabetzearen erabakia baina urte berriarekin batera egingo omen du ofizial, ordaindu beharreko zatia soilik denboraldi honetakoa izateko. Apirilean iritsi zen Gasteizera eta zortzi hilabete egin ditu karguan. 

Javi Calleja, Mendizorrotzako aulkian, Atletico Madrilen aurkako neurketa adi jarraitzen. (Endika PORTILLO / FOKU)

Ligan sei partida jarraian irabazi gabe egotea eta Kopako bigarren kanporaketan Linares talde apalak kaleratu izana ez da oharkabean pasa Alaveseko zuzendaritza taldetik. Javi Calleja entrenatzailearen jarraipena jada zalantzan egon zen denboraldi hasieran, bost porrot jarraian jaso zituenean, baina Atletico Madril taldeari ustekabean irabazteak airea eman zion, bai taldeari eta baita teknikariari berari ere. 

Hala, dinamika on batean sartu zen Alaves eta bazirudien taldea funtzionatzen hasia zela. Bost neurketetan 12 puntu batuta, jaitsieratik atera zen baina irudikeria hutsa izan zen. Joseluren bolada ona giltzarri izan zen –bederatzi gol egin ditu jada, iaz sasoi osoan baino bi gutxiago– baina ez da nahikoa izan. 

Sei partida jarraian irabazi gabe egotearekin jaitsiera postuetara itzuli da Alaves eta halako kasuetan, klubaren ohiko funtzionaenduari jarraiki, Javi Callejari agortu zaio zuzendaritza taldeko babesa.

Hala adierazi dute zenbait hedabidek, ostegun gauean Onda Cerok emandako albistea ontzat emanaz. Bertan, Aitor Gomez kazetariak adierazi zuen klubak jada hartu duela Calleja kargugabetzeko erabakia, nahiz eta ez duen iragarriko urte berrian sartu arte. Honen arrazoia, kargugabetzeagatik teknikariari eman beharreko diru kopurua: orain eginez gero, hitzarmenaren bukaeraraino dagokion zatia ordaindu beharko luke Alavesek, 2023. ekainera artekoa, alegia; 2022. urtean eginez gero, ekainera bitartekoa soilik. 

Calleja apirilean iritsi zen Alavesera, Abelardoren bigarren epata amaitu zenean. Lurjota aurkitu zuen taldea, bai emaitzen aldetik baina baita animikoki ere, aldagelan egon ziren zenbait gaizki ulertu tarteko. Lehen Mailan mantentzeko helburua beteta, klubak egoki ikusi zuen datozen bi urteetarako hitzarmena sinatzea madrildarrarekin. Iritsi eta 8 hilabete beranduago bukatu da Callejaren ibilbidea Alavesen.