INFO

Gabrielen gabonetako zuhaitza

Argazkilari baten kontakizuna duzue hau, irudi batek pertsona baten bizitza alda dezakeela erakusten duena. Brasilgo Maranhao estatura bidaiatu zuen Joao Paulo Guimaraesek, gora doan pobrezia dokumentatzera. 13 urteko gaztetxo berezi bat ezagutu zuen han, Gabriel Silva, eta arrastoa jarraitu zion.

Gabrielek altxor bat aurkitu zuen zaborren artean. (Joao Paulo Guimaraes | AFP)

«Picarreirara iritsi nintzenean, Pinheiroko hiriko Cidade das Aguas auzoko zabortegi bat (Brasilen, Maranhao estatuan), ez nuen susmatzen izugarri zabalduko zen argazki bat egiteko zorian nengoela. Ez nekien Gabriel Silva 13 urteko mutikoaren bizitza aldatuko zuela ere».

Hala hasten du kontakizuna Joao Paulo Guimaraes argazkilariak. Brasilen handitzen ari den pobrezia dokumentatzera joana zen, izurritean areagotu dena. Ailegatu zenean jendea zabor artean janari bila ikusi zuen, zakur eta putreekin borrokan, familientzat zerbait lortu nahian.

«Hondakindegiak infernua bezalakoak dira. Animalia hilen eta egoera txarrean dagoen janariaren usaina goragalea eragiteko modukoak dira. Putre, behi eta txakurrek elikagaia bilatzen dute pertsonekin batera. Ke handi batek aire guztia hartzen du eta arriskutsua da hori egunez egun bizirautea bilatzen dutenen osasunerako».

Agertoki izugarri horretan orduak ibili eta gero ezagutu zuen Gabriel. «Berarengatik kezkatuta nengoen, zabor artean baitzebilen, kristal hautsi eta animalien kaka artean. Jarraitzea erabaki nuen, bere borroka dokumentatzeko».

Altxor bat zabor tartean

Jarraian gertatu zena erabateko ezustea izan zen argazkilariarentzat. «Gabrielek poltsa urdin bat hartu eta zabaldu zuen: begiak handitu zitzaizkion eta irribarre erraldoi bat marraztu zitzaion. Zer aurkitu ote zuen? Plastikozko gabonetako zuhaitz txiki bat!».

Amari oihukatu zion: «Eguberrietako zuhaitz bat topatu dut! Konpondu eta eraman dezakegu». Bere atzean, keak airea betetzen zuen eta putreak hegan zebiltzan zaborrezko mendien inguruan. Baina Gabriel han zegoen, bere munduan, aurkitu zuen altxorrean kontzentratuta.

«Hain zoriontsu zegoen arbol zahar horrekin... Kartoizko kaxa batean sartu zuen eta behar zuen janaria bilatzen jarraitu zuen».

Guimaraesek AFPra bidali zituen argazkiak eta Julio Lancellot apaiz brasildar famatuarekin partekatu zituen. Kalean bizi diren behartsuen alde lan egiten du. Instagramen plazaratu zituen irudi batzuk eta azkar zabaldu ziren.

Mundu osoko jendeak komentatzen zituen, eta Gabrielen eta haren senideen inguruko albiste gehiago eskatzen zituen.

«Nire Instagrameko kontua erotu egin zen, egunkariak eta telebistak ni elkarrizketatu nahian zebiltzan eta jendea kezkatuta Gabrieli ekarpenak egiteko nola egin zezakeen galdezka. Inoiz ez zitzaidan antzekorik gertatu. Zoramena izan zen!».

Itzulera

AFPk Gabriel bisitatzera itzultzeko eskatu zion gero, buztinezko bere etxe xumera, berak eta familiak izandako aldaketak dokumentatzera eta jasotako ekarpenak ikustera.

«Berriz ikusi nuenean, Gabriel bizikleta berria behatzen ari zen eta hagitz umore onez zegoen. Aunitz mintzatu ginen. Amari etxe bat eraikitzeko bere ametsa kontatu zidan. Famatua sentitzen zela aitortu zidan».

Jakina, etxeko ohorezko leku batean gabonetako zuhaitza zegoen, apaindua, oraindik altxor bat zen Gabrielentzat.

Arasan bazen janaria eta Gabrielek ikasketekin jarraitu eta telefono batekin jolastu ahal izan zuen.

Crowfunding kanpaina bat

Denera janariz, arropaz eta oinetakoz betetako 70 saski, bizikleta bat eta bi mugikor berri jaso zituen. Enpresa batek crowfunding bat abiatu zuen, gainera, amari etxe bat eraikitzeko ametsa betetzen laguntzeko. 12.600 dolar bilduak zituzten jada.

Gabrielen amak, Maria Silvak, hala adierazi zuen: «Gure bizitza aldatzen ari da eta orain egunero dugu zer jana. Laster etxe bat eta teilatu bat izanen ditugu gure buru gainean».

Argazkilariak Gabrielekin harremanetan jarraitu nahi du. Etorkizunak zer ekarriko dion jakin nahi du. «Egunero milioika argazki atera eta kaleratzen badira ere, bere argazkiak erakusten du benetan irudi batek pertsona baten bizitza alda dezakeela».

Gabrieli laguntzeko crowfundinarekin bat egiteko helbidea honakoa da: https://sovaquinhaboa.com.br/menino-lixao-arvore-natal-vaquinha