INFO

Ia 170 buruzagi sozial eta bake-akordioaren 48 sinatzaile hil dituzte Kolonbian 2021ean

326 hildako utzi dituzten 92 sarraski zenbatzeaz gain, 168 buruzagi sozialen eta bake-akordioaren 48 sinatzaileren erailketak erregistratu dituzte amaitzear den urtean Kolonbian, Indepaz Bakerako Ikasketen Institutuak argitaratu duen urteko balantzearen arabera.

Manifestari bat lurrera erortzen ur kanoi batekin kolpatua izan ostean Duqueren aurkako protestetan. (Julian BARRETO | AFP)

‘Cifras de la violencia en las regiones 2021’ izeneko txostenak Kolonbian erregistratu dituzten buruzagi sozial eta bake-akordioaren sinatzaileen hilketen balantzea argitaratu du astelehen honetan. Txostenaren egilea den Indepaz Bakerako Ikasketen Institutuak jakinarazi duenaren arabera, 170 buruzagi sozial, bake akordioaren 48 sinatzaile eta 326 hildako eragin dituen 92 sarraski izan dira aurten Kolonbian, orotara. Sarraskiak 20 departamentuko 70 herri desberdinetan izan dira.

Era berean, erakundearen balantzeak Cauca lider sozialentzat Kolonbiako departamentu arriskutsuena dela ohartarazi du. Izan ere, bertan hil dituzte giza eskubideen defentsan lanean zebiltzan aktibista gehien, 31. Txostenean Sandra Liliana Peña, Wilson Lopez eta Sebastian Jacanamijoyren heriotzak nabarmendu dituzte. Caucaren ostean, Antioquia departamentua da Kolonbiako arriskutsuena. Bertan, beste 23 ekintzaile hil dituzte.

Sarraskien harira, Cauca eta Antioquiak pairatu dituzte gehien, 14 departamentu bakoitzean. Hori horrela, Antioquiako sarraskiek utzi dituzte biktima gehien, 52 konkretuki eta 30 urte baino gazteagoak gehienak. Feminizidioei dagokienez, 26 lider sozial eta bake prozesuaren 4 sinatzaile hil dituzte guztira Kolonbian.

Hildakoen jatorri sozialari dagokionez, jatorri indigenako eragileak dira hildako gehienak. Hori horrela, aurten hil dituzten 168 liderretatik 55 sektore indigenetakoak izan dira, 37 sektore zibikoetakoak, 29 sektore komunalekoak eta 12 nekazaritza sektorekoak. Gainerako biktimak, sindikalistak, ingurumenaren defentsako aktibistak, funtzionarioak eta bestelako zeregin sozialetan ibilitakoak izan dira.

Datuak lazgarriak dira. Izan ere, Ivan Duqueren gobernupean erregistratu dira inoizko heriotza gehien, alde ikaragarriarekin gainera. 2016an, esaterako, giza eskubideen aldeko 21 liderren heriotzak zenbatu ziren Kolonbian. Duqueren legegintzaldia hasi zenetik, aldiz, 885 heriotza erregistratu dira. Hala ere, iazko datuekin alderatuz gero, ia erdiraino jaitsi da hildakoen zifra, 311 heriotzatik 168ra.

Greba nazionala

Apirilaren 28tik ekainaren 30a bitartean, geldialdi nazionala egin zen Kolonbian Ivan Duque Kolonbiako presidentearen Gobernuak ezarri nahi zuen erreforma fiskal eta politikoaren aurka. Erreformaren bidez BEZaren %19ko igoera ezarri nahi zuen oinarrizko produktuetan Duqueren exekutiboak.

Ikerketak jakinarazi duenaren arabera, protesta horien baitan 79 pertsona hil zituzten. Ustez, heriotza horietako 44 estatuko polizia indarrek eragindakoak izan ziren. Era berean, 1.661 pertsonek indarkeria fisikoa sufritu zutela salatu du Indepazek eta, gainera, indar polizialak 4.687 agresioren egileak izan zirela deitoratu du.

Hori gutxi balitz, Indepazek salatu du 35 pertsona indarkeria sexualaren biktimak izan zirela. Atxiloketei dagokienez, ikerketak 2.005 atxiloketa arbitrario eta 833 interbentzio oldarkor erregistratu ditu.