INFO

Jende bilkura handiak saihesteko gomendioa berretsi du Prefekturak Urtats Gauari begira

Frantziako Gobernuak ez du finean etxeratze agindua ezarriko abenduaren 31n. Abenduaren 27an Jean Castex ministroak egin zuen agerraldiaren ostean Pirinio Atlanikoetako Prefekturak agiria plazaratu du gaur pandemiaren bilakaera ikusita Urtats Gauen ospakizun jendetsuak saihestea gomendatuz.

Jende pilaketak saihesteko su artifizialak ez dira antolatuko. (Juanan RUIZ | FOKU)

Frantziar Gobernuak abenduaren 17an iragarri zituen covid-19aren kontrako neurri berriak. Horien artean Eguberri garairako aholkuak eta debekuak jaso zituen.

Prefekturen esku utzi zuen, edonola ere, lurraldez lurralde irizpideak ezartzeko ardura.

Horren ondotik Pirinio Atlantikoetako Prefekturak jakinarazi zuenez, «urte bukaerako opor garaian lasaitasuna eta segurtasun publikoan nahasmenak saihesteko», debekatua da petardo, ke sortzaile, suziri edota material piroteknikoa saltzea, garraiatzea eta erabiltzea.

Erabakia dagoeneko indarrean izan zen abenduaren 23tik 26ra bitarte eta hilaren 30etik urtarrilaren 2ra bitartean debeku bera ezarriko da. Hau da, Urtats Gauean (Urte Zahar Gauean) ohiko material piroteknikoa erabiltzea debekatzen da.

Etxeratze agindurik ez, baina jende bilkura «salbaiak» debekatuta

Abenduaren 27an Defentsa Kontseilua eta ministroen gabinetea bildu ondoren, Jean Castex lehen ministroak murrizketak iragarri ordez zuhurtziari buruzko mezua hobetsi zuen.

Hala, etxeratze agindua ez dela izanen urteko azkeneko gauean jakitera eman zuen. Hala ere abenduaren 17an adieraziakoaren harira, kalean jan eta edan, eta bereziki «jende elkarretaratze salbaiak» ekidin behar direla azaldu zuen, egoera horien aurrean Prefekturek neurriak hartuko dituztela gehituz.

Edonola ere, urtearen bukaerako ospakizunak gehienetan etxean edo leku itxietan egingo direla aintzat harturik, osasun neurriak (maskara erabiltzea, aretoen aireztatzea, besarkadak murriztea... ) betetzeak duen garrantzia nabarmendu zuen Castexek, eta gomendio horri heldu dio abenduaren 28an Paueko Prefekturak bere webean zabaldu duen agirian.

Jende elkarretaratzeak saihesteko gomendioari indarra emateko «gero eta gutxiago izanik, kutsatzeko gero eta arrisku gutxiago dagoela» oroitarazi du Estatuaren ordezkaritzak.