INFO

Euskal eliteen eta unibertsitateen arteko loturak ikertu ditu irakasle talde batek

2015tik 2020ra arteko datuak aztertu ostean, Hego Euskal Herriko elitea osatzen duten 3.953 lagunen curriculuma ikertu du EHUko irakasle talde batek. Elite horretan daudenak sailkatu,, non ikasi duten begiratu eta «Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa» liburua argitaratu dute.

Baleren Bakaikoa, Paulo Iztueta eta Jon Diaz. (Gorka RUBIO I FOKU)

Euskal Herrian etorkizun oparo bat eduki nahi baduzu pribatuan duzu bidea. Horixe da Jon Diaz Egurbide EHUko irakasleak zuzendu duen taldeak publikatutako “Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa” liburuaren ondorioetako bat. Mezu «zirikatzaile» horrekin aurkeztu zuten lana azaroan, eta ordutik GARAk eta NAIZek liburuaren eraketan parte hartu duten doktore eta katedradun batzuei egindako elkarrizketa sorta argitaratu dute. Hego Euskal Herrian gizarte eliteak zertan diren azaltzea da ikerketa talde honen asmoa eta azterlana Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen webgunean eskuratu daiteke dohainik.

Ikerketaren ondorioei erreparatu aurretik, zer ulertzen dugu elitetzat? Ikuspegi klasikotik ihes egiteko ahalegin batetik abiatu du ikerketa irakasle taldeak, eta Britainia Handian elite eta boterearen hezkuntza ibilbidea aztertzeko 2014an eta 2019an egin zen “Elitish Britain” ikerketa ospetsua eredutzat hartuta, egungo euskal elitismoaren egoera zein den azaldu dute. Beraz, euskal gizartea «ingelesek erabili duten betaurrekoekin» aztertu dutela dio Diazek, eta britainiar iturriek erabiltzen dituzten oinarri kontzeptualak hartu dituzte kontuan.

Zerrenda horretan bildu dira Hego Euskal Herriko eliteari egozten zaizkion eremu eta arlo gehienak: politikariak, goi kargudunak, erakunde publiko eta kulturalak, komunikabideak, enpresa publikoak eta pribatuak, eragin handiko emakumeak, osasuna, artea eta kirola, eta horien inguruko lanpostuetan dihardutenen unibertsitate prestakuntza eta ikasketak aztertu dituzte. «Eliteari buruz hitz egiterakoan, batzuek ulertzen dute hori sektore oso txikia eta itxia dela, baina egungo egoerak erakusten du askoz ere eremu zabalagoa hartzen duela elite ikuspegi horrek», nabarmendu du Diazek. Ildo horretan, 2015 eta 2020 urte bitarteko datuak aztertu ostean, elitea osatzen duten 3.953 lagunen curriculuma ikertu dute, batez ere formakuntzari dagokionez. Hori bai, batzuk ezin izan dituzte aztertu, lobbyak edo bankariak, adibidez, eta enpresen arloan ere zailtasun asko izan dituzte. Horrek ikerketaren lehen ondoriora eraman ditu: «Eliteek eta botereguneek ez dute beraiengan inolako kontrol sozialik nahi».

Neurriz gaineko zenbakiak

Ondorioztatu dutenez, goi mailako lanpostuak lortzen dituztenen artean, gehienek unibertsitate pribatuetan ikasi dute. Politikariei dagokienez, adibidez, EAEko legebiltzarkideen %35,6k ikasi dute unibertsitate pribatuetan; Nafarroako parlamentarien %48,5ek; Lakuako goi kargudunen %46,6k; eta Nafarroako Gobernuko goi kargudunen %44,9k. Beste arlo batzuetan ere, pareko: Osasunbideko eliteko kideen %46,7k egin dituzte ikasketak unibertsitate pribatuetan; EITBko %39,6k; eta enpresa pribatuetako eta kooperatibetako zuzendarien eta gerenteen %49,1ek. Argi ikus daiteke ehuneko horiek biztanleria orokorraren ehunekoen nabarmen gainetik daudela. Txostenaren ondorioetan zehazten dute irakasleek emaitza hauek «neurriz gaineko zenbakiak ematen dituztela eta biztanleriaren talde txiki batek menderatutako herrialde baten argazkia margotu dutela».

Diazek publiko eta pribatuaren arteko harremana deitoratu du, pribatuaren mesedetan izaten baita. Dioenez, zenbait kasutan, eragile pribatuek diru publikoa erabiltzen dute boterea eskuratzeko. Eta horrek eraman du ikerketaren atzean dagoen beste eztabaida piztera: instituzioek zer egiten dute eredu publikoaren alde? Eta eredu pribatuaren alde? «Ikusten dena da eredu pribatua askoz ere gehiago garatzen dela eredu publikoa baino, eta eredu publikoaren barruan sartzen dutela eredu pribatuaren hazia», adierazi du Diazek.

Horrela, pentsamendu neoliberala hedatuz joan da gizartean eta, Diazen ustez, «horrek bultzatzen du Deustuko Unibertsitatean edo Nafarroako Unibertsitatean ikasiz gero nire bizitzan etekin gehiago lortu egingo dudala sinistera».

Ez hori bakarrik, unibertsitate pribatua publikoaren lekua hartzen ari dela ohartarazi du irakasleak. EAEn, azken zortzi urteetan unibertsitate publikoak ikasleen %7 galdu ditu, unibertsitate pribatuaren mesedetan. «Lehenago, lau ikasletik bat zihoan pribatura, gaur egun datuek hirutik bat joaten dela esaten dute, berdintzen ari dira. Europan, EAE hirugarren herrialdea litzateke sistemarik pribatizatuenen artean. Nafarroako datuak hartzen baldin baditugu, oraindik ez du lortu UPNAk Nafarroako Unibertsitatea berdintzea. Nola mantentzen dira egitura pribatu horiek? Berez publikoarekin ezin izango lukete lehiatu esklusiboa izango ez balira, baina lehia akademikoan pribatuak izugarrizko indarra eta eragina du», ondorioztatu du Diazek. Zergatik? Batik bat, babesa dutelako. EHUko irakasleak nabarmendu duenez, interes pribatu sendo bat dago Hego Euskal Herrian: «Agintea dutenek interes hori oso ondo zaintzen dute, badakite eredu pribatua bermatzea sinismen hori bermatzea dela. Publikoa da gastua eta bestea inbertsioa».

Arloz arlo: hautetsiak

Botereguneetan daudenen unibertsitate ikasketei buruzko azterketen ondoren, arloz arlo dituzten ondorioak analizatu dituzte hainbat adituk. Azken legealdi bietan hautetsi izan diren politikarien sexu banaketa, prestakuntza eta jakintza arloaren ikuspegitik erradiografia eguneratua lortu du EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasle katedraduna den Iñaki Antiguedadek. Aurreko zifrak kontuan hartuz, Hego Euskal Herriko hautetsien artean unibertsitate pribatuaren pisua handia dela dio, eta «oso argia» da Nafarroako Unibertsitatearen eta Deusturen presentzia.

Hala ere, Antiguedadek azaldu duenez, indarra beste alde batean jartzea erabaki zuten, ez bakarrik ea politikariak publikoa ala pribatuan ibiliak diren, baizik eta zer ikasketa dituzten. «Gobernantzaren koherentzia politiko-teknikoa neurtzeko irizpide bezala jarri genuen zertan dauden formatuta hautetsiak. Ba ote dago behar besteko jakintza arloen arteko oreka gaur egunean gizarte batek aurrean dituen erronkei erantzuteko? Pandemiaren erronka, klima aldaketa… Ateratzen diren datuak ikusita, ulertzekoa da batzuetan erakunde horietako eztabaidetan, maila politiko-teknikoan, ematen den maila eskasa», adierazi du. Izan ere, hautetsi gehienak gizarte eta lege zientzien arloan kokatu dituzte, eta, zehazki, zuzenbidearen arloan. «Oso desorekatuta daude instituzioak jakintza arloari dagokionez», ondorioztatu du.

Enpresa elitea

Euskal enpresa elitearen eraketa eta berorren formakuntza akademikoa aztertu du Ekonomia Aplikatuan katedraduna den Baleren Bakaikoak. Euskal Herriko enpresa elitearen eraketan unibertsitateek jokatzen duten paperari buruz galdetuta, Bakaikoak dio pribatuek «lan ona» egiten dutela. «Normalean, gurasoak ere elitekoak dira, goi mailako burgesiakoak, eta harremanak sortzen dituzte. Unibertsitateak, azken finean, balio du ikasleen artean ezagutza zabaltzeko, baina batik bat harremanak sortzeko. Horretan, unibertsitate pribatuak askoz ere iaioagoak dira publikoak baino».

Harreman horiek ere foro eta ekitaldi ezberdinetan garatzen dira. Repsol edo Iberdrolako agintariak, eta baita agintari politikoak eta elite akademikoak ere joaten dira horietara. «Hor negozioak egiten dira, bideak irekitzen dira eta eskaintzak egiten dizkiete politikariei. Sistema oso esker onekoa da berari zerbitzu ematen dion jendearekin».

Elite akademikoa

Izan ere, aipatutako elite akademikoaren egoera aztertzeaz arduratu da Ane Larrinaga Soziologian eta Zientzia Politikoetan doktorea. Gaur egun unibertsitate publikoa «nazioartekotze» eta «desinstituzionalizatze» prozesu batean dago murgilduta Larrinagaren arabera, eta horren ondorioak nabariak dira: «Esparru pribatuko munduaren logika sartu da indarrez unibertsitatean. Irakasle eta ikertzaileek ere hori jasaten dute, ez dago batere argi zein den ikertzaile eta irakasleen rola, logika gerentzialarekin kudeatzen da unibertsitatea, produktibitatearen irizpidean sartu da irakasleen lana...».

Bikaintasuneko zentroak aipatzen ditu bere atalean. Azaldu duenez, ikerkuntza zentro horiek sortu dira unibertsitateko jendearekin, baina aldi berean unibertsitatetik kanpo eta modu autonomoan funtzionatzen dute. «Ez dute izaera publiko argia, korporazio edo fundazio gisa antolatuak dira juridikoki eta aparteko aurrekontuak dauzkate. Gainera, ez dituzte jasan unibertsitate publikoak jasan dituen murrizketa politikak». Bertan kokatzen da punta-puntako ikerkuntza, eta horregatik dio unibertsitatean zentratzen badira elite akademikoak, zentro horietan bikaintasuneko eliteak kokatzen direla.

Osasun eliteak

Pandemian zehar, osasun publikoa indartzeko eskatzen duten ahotsak agertu dira nonahi, eta, halere, duela bi urteko egoera berean dago sistema, edo okerrago, Angel Bidaurrazagaren iritziz. Medikuntzan doktorea eta EHUko Medikuntza Fakultatean irakasle titular denak, Lazaro Elizalde eta Oier Atekarekin batera, osasun eliteak aztertu ditu, eta, bere ustez, pribatizazio joera nabarmena da osasunaren arloan.

Ez hori bakarrik, publiko eta pribatuaren arteko sinbiosia aipatu du, azken hamarkadetan lortu baita «batak bestearen dependentzia izatea». Arlo pribatukoek osasun publikoko agintariekin duten «harreman estuak» zerikusia du horrekin, horiek erraztasunak baitituzte «euren zerbitzuak lortzeko» diru publikoarekin. «Hori ez da gertatzen osasun sindikatuekin, esaten dute Osakidetzaren %40 prekarioan dabiltzala, eta ez dute lortu beren eskaerak betetzea».

Euskal kulturgintza

Euskal liburugintzaren datuak jaso eta bilakaera nondik doan azaldu du Paulo Iztuetak Jon Diazekin batera, hots, ekoizpenean zer liburu mota lehenesten den zehaztu du Soziologian doktore eta EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle jubilatuak. Zergatik? Bere ustez, eliteak hezkuntza eta liburugintzatik elikatzen direlako.

Ondorioei erreparatuta, estatu baten babesa duten hizkuntzek ondo zaintzen dute ekoizpen zientifiko-akademikoaren esparrua osatzen duen ez-fikzioaren saila, «hor eskolatzen baitira gizarte egiturak kontrolatzen dituzten intelektual elitistak eta goi agintari publikoak». Bestalde, «estaturik gabeko hizkuntza minorizatuak dauzkagu, elebitasun desorekatuan bizitzera kondenatuak daudenak». «Euskal Herrian, zoritxarrez, fikzioari garrantzi gehiago ematen zaio, horrek suposatzen duenarekin», dio.

 

MERITOKRAZIA NON?

Jon Diaz irakasleak koordinatutako liburuak azken urteetan hain modan egon den meritokraziaren sinesmen naturalizatuaren aurka egiten du, zeinaren arabera mundu guztiak aukera berberak dituen eta irabazleek irabaztea merezi duten. Egia esan, guraso dirudunak gai dira beren pribilegioak seme-alabei transmititzeko, liburuan aztertu dituzten ia arlo guztietan ikus daitekeenez.

Baleren Baikaikoaren esaldi batek laburpen gisa balio dezake: «Meritokraziaren ideia saldu digute, baina teoria hori ez da betetzen, beste indar batzuk daude eta meritokraziak baino gehiago, jatorriak garrantzi handiagoa dauka. Unibertsitatean esaten zen jaiotzak ez zuela axola, baina orain ikusten da familia aberatsekoa bazara, aurrera egiteko aukera gehiago dituzula gizarte honetan familia xume batean jaiotzen direnek baino».