INFO

Fentanil gaindosia: covid-19ak areagotutako heriotza tsunamia

Ez dira betiko garai onenak drogen erabiltzaileentzat, batez ere kalean lortzen badituzte. Fentanila suelto dabil, heriotzaren sega zorroztuta. Heroina baino 50 aldiz boteretsuagoa den opiazeo sintetiko hilgarri horrek ia ehun mila lagun hil ditu aurten AEBetan, iaz baino %30 gehiago.

Fentanilaren hedapena kezka iturri bilakatu da, batez ere, Ameriketako Estatu Batuetan. (Yuki IWAMURA | AFP)

Amaitzear den urtea heriotzak markatu du. Pandemia betean izanik, covid-19ak aztoratuta dauzka bazter guzti-guztiak, heriotzen estatistikak eta ZIUetako egoerak egunero ditugu albistegietan, ia arreta osoa bereganatuta. Baina badaude bestelako izurrite hilgarri batzuk ere, milaka eta milaka pertsona hiltzen dituztenak. Ez dira, agian, hain mediatikoak, baina sarraskiaren eskala ezin ezkutatuzkoa da.

Covid-19aren ondoan “Fentanilaren krisiak” ez dauka, oraingoz, horrenbesteko sonarik. Baina osasun publikoko arazo gisa ez do atzean geratzen. AEBetako osasun agentzien datuak ikusita, joera beldurgarria da zinez: egin kontu, amaitzear den urtean, eta historian lehen aldiz, AEBetan gaindosiagatik 100.000 pertsona baino gehiago hil dira, iaz baino %30 gehiago. Duela bi urtetik hona, bikoiztu egin dira heriotzak. Pentsa, auto istripuetan eta armek tirokatuta hil direnak batuta baino gehiago dira hildakoak. Eta heriotza horietako gehien-gehienetan (%72), erruduna fentanil opiazeo sintetikoa izan da, morfina bera baino 100 aldiz boteretsuagoa dena. Edo heroina baino 50 aldiz boteretsuagoa. Adituek diotenez, covidak areagotutako antsietate eta bakardadeak disparatu du opiazeo abusua. Pandemiak jende mordoaren osasun mentala txikitu du.

Ñabardurak egin behar dira, noski: kontua ez da pandemia heldu aurretik drogen hornidura katean aurreikusi ezin diren egoerak kontuan hartzen zirenik, eta lehenesten ziren politikak arrakastatsuak zirenik, ez; kontua da garai zailak direla egungoak droga erabiltzaile izan eta kalean drogak lortzeko. Hornidura katea gero eta iragarrezinagoa da, kateok gero eta pozoituago daudelako. Droga hornidura fentanilarekin kutsatuta dago eta gero eta zailagoa da jendeak benetan zer kontsumitzen ari den jakitea. Gaindosiek eragindako heriotzak gutxitzeko ez dira tratamendu eraginkorrak, minen aringarriak bultzatu, ezta diruz lagundu ere. Eta covidak dena korapilatu du, opiazeoen mendekoak tratatzea, edo minak arintzea, zailago, edo bigarren mailakoago, bihurtuz.

Covida, biderkatzaile

Pandemia etorri eta gauza asko biderkatu dira: traumak handitu egin dira, bakartze soziala areagotu egin da, aukera ekonomikoen galera gertatu da, aspermena eta desesperantza hedatu dira. Noski, substantzia kaotikoen erabilera ugaritzen duten faktoreak dira horiek guztiak. Baina beste droga ilegal batzuekin gertatu diren osasun krisiak baino hilgarriagoa izateaz gain, “Fentanilaren krisiak” baditu bestelako berezkotasunak ere. Hasteko, biktima gehienek ez dutela fentanila propio hautatzen. Izan ere, trafikatzaileek pozoituta hiltzen dira, fentanila heroina dosietan nahastuta edo opiazeo pilula faltsuetan zanpatuta salduta. Produkzioa merkatzeko eta “kolokoia” biderkatzeko.

Fentanilarekin ez da min kronikoaren kontra ia kontrolik gabe errezetatu ziren opiazeoekin gertatu zena gertatu; ez, kontsumitzailea ez doa medikatuta bizi den bizilagunari pilulak eskatzera. Ez. Fentanilaren kasuan banatzaileak egiten du apustua, ez erabiltzaileak; izan ere, altxorra, ordezko merke-merkea, aurkitu du banatzaileak. Opiazeo sintetikoak laborategietan egiten dira, eta heroina baino askoz ere merkeagoak dira –%99 merkeago dosiko–. Eskuratzen oso errazak dira; pentsa, Internet konexio bat nahiko da Mexikon, Txinan edo nonahi erraz asko fentanila erosteko. Eta, noski, heroina baino 50 aldiz potenteagoa izanik, aski dira miligramo gutxi batzuk kolpe hilgarria hartzeko, hankaz gora zerraldo erortzeko.

Egin kontu eta imajinatu opil bat egiten ari garela. 100 gramo irin katilura, kikara erdi batekin nahiko. Gramo bat gatz gehitzen diogu, koilaratxo txiki-txiki baten laurdena. Beste osagai guztiak bota eta nahastu egiten dugu, eta ez zaigu gehiegi axola opil bat beste bat baino gaziagoa aterako den edo ez. Orain, baina, pentsa kokaina edo heroina bezalako kaleko drogak direla irina, eta, gatza, fentanila. Bada, gazitutako opilak hil egingo zaitu. Berehala. Eta fentanila gatza bezain merkea da.

Pozoiketa masiboa

Fentanilak hiltzen dituen milaka gazteen gehien-gehienek ez dakite zeren aurrean jarri dituzten ere, ez dakite zerk eraginda hil daitezkeen. Ez dakite zer erosten ari diren eta, ziurrenik, jakingo balute, ez lukete erosiko. Fentanilak ez du droga erabiltzaile kopurua handitzen, ez ditu mendeko gehiago sortzen: erabiltzaileen heriotza tasa biderkatzen du. Eta oraingoa, pozoitze masibo honen agerraldi hau, aurreko droga epidemien aurkako politika eta neurri berberekin tratatzea ez da aski. Horrek milaka gazte kondenatuko ditu heriotza goiztiar batera.

Estatistikek diotenez, 24 eta 54 urte artekoak dira hildako gehienak, gazte afro-amerikarrak batik bat. Eta egoerari aurre egiteko ezertarako ez du balio opiazeoen errezetak gehiago kontrolatzeak, mugak gehiago kontrolatzeak, DEA drogen kontrako poliziari diru gehiago bideratzeak, drogekin lotutako epaiketa kriminalak ugaritzeak. Indarrean den estrategiak, sarraskia arindu eta kudeatu baino, disparatu egin du.

Kasu askotan errazagoa da droga ilegalak lortzea brupenorfina eta metadona baino, hau da, opiazeoekiko mendekotasunaren kontrako farmakoak baino. Hori ere hor dago eta paradoxa izugarria da. Krisiak neurriak eskatzen ditu, politika errepresiboak sarraskia ez duela gutxitzen barneratzea, epidemia hilgarri bati ez zaiola zigor kodearekin aurre egiten. Urrats eta erabaki praktikoetatik hastea ezinbestekoa da: gaindosiak prebenitzeko eta ikuskatutako kontsumorako guneak sortzea, adibidez.

Arestian aipatu dugu, garai arriskutsua da droga erabiltze izan eta drogak kalean erosteko. Fentanila kontrolik gabe hedatzen ari da. Eta sarri opiazeoen mendekotasunaren aurreko tratamendua hartzea zailagoa da kalean gameluari gramo batzuk erostea baino. Horrela daude garaiak, osasun arazo itzela dena arazo kriminal bezala tratatuz, porrotaren gainean porrotak pilatuz.