Reale Arenan jokatuko da Reala eta Athleticen euskal derbia laugarren aldiz
Reala eta Athleticen arteko euskal derbia Reale Arenan jokatuko da, halaxe iragarri du klub txuri-urdinak. Edukiera kontuetan egon diren murrizketak direla-eta, sarreren inguruko informazioa hurrengo astean emango du. Bazkideentzat sarrera doan izango da.
Bosgarren aldiz irekiko ditu ateak Anoetak goi-mailako emakumezkoen futboleko partida bat jasotzeko, eta laugarren aldiz euskal derbia jasotzeko. Datorren urtarrilaren 9an Reala eta Athleticek jokatu beharreko derbia Reale Arenan izango dela iragarri du klub txuri-urdinak ostegun honetan. Partida 12.00etan hasiko da.
Lehendabiziko itzulian, San Mamesek lehen aldiz jaso zuen emakumezkoen futboleko Reala eta Athleticen arteko euskal derbia (0-1 irabazi zuen talde donostiarrak eta 6.000 zaletu hurbildu ziren) eta bigarren itzuliko lehen neurketa hau ere estadio handi batean jokatuko da. «Emakumezkoen futbolaren hazkunde geldiezina babesten jarraitzeko» emandako beste urrats gisara ikusten du Realak erabaki hau.
2018an ireki zituen ateak lehendabizikoz, orduan ere Athleticen aurkako partida hartzeko. 2019an ere erabaki bera hartu zuen eta 22.000 pertsona batu ziren harmailetan. Urte berean, Sevillaren aurkako finalerdia ere Donostiako futbol estadio handian jokatu zen –gerora irabazi zen Kopa gogoangarria– eta urte berean baina hurrengo denboraldian, 2019ko urrian, euskal derbiarekin ireki zituen ateak.
Asteazkenean Gobernu espainolak pandemiagatik iragarritako murrizketak direla-eta –futbol estadioetako edukiera %75era nahi du gutxitu–, ikusteke dago zenbat sarrera jarriko dituen eskuragai Realak.
Bide horretatik jarraiki, adierazi du hurrengo astean emango dituela xehetasun guztiak. Bazkideek doan izango dute sarrera.
Telebistaz ikusteko aukera ere egongo dela iragarri dute, ETB-k eta kataluniako TV3-k emango dute goi-mailako lehia hau. Hauez gain, aurten jada ohikoa bilakatu den Realeko Youtube kanalean ere ikusi ahal izango da.
Goian dauden taldeen arteko lehia
Realak eta Athletic-ek sailkapenaren goialdean daudela bukatu dute 2021. urtea. Zinez gogoangarria ari da izaten talde txuri-urdinaren denboraldia, izan ere soilik Bartzelonak dauzka berak baino puntu gehiago. Espainiako Futbol Federazioak jarritako zigorra aplikatuta, 34 puntu batu dituzte –berez, hiru gehiago–. Bi porrot eta berdinketa bat izan ezik, gainontzeko partida guztiak garaipenekin kontatzen dituzte.
Zuri-gorrien ikasturtea ere nabarmentzekoa ari da izaten. Iraia Iturregik, pasa den denboraldiaren erdian iritsi zenetik, beste lehiakortasun bat eman dio taldeari eta lehen itzulia bosgarren postuan bukatu du 23 punturekin.
Hala, ezin erakargarriagoa aurkezten da urtarrilaren 9ko euskal derbia.