INFO

Esku pilotaren etorkizuna hemen da, laino ilun kezkagarri eta guzti

Azken urteetan egosten ari zen pilotaren ordena berria hemen da eta urtarrilaren 29an erabat gauzatuko dela esan dezakegu, Oinatz Bengoetxeak, pilotaren urrezko belaunaldiko azken bertso libreak, profesional moduan –enpresa handietan bederen– azken partida jokatzen duen egunean. 

Oinatz Bengoetxea, Bizkaia pilotalekuan jokaturiko azken partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Leitzarraren agurrarekin esku pilota profesionalaren arorik oparoenari amaiera emango zaio, frontoi beteena, telebistaren sarrerarekin heldutako “futbolari” kontratuena, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo buru pilotariek izar estatusa zutenekoa. Nostalgiari lekurik utzi beharrik gabe, zorionez bada izar handion lekua hartzeko prest den belaunaldi berri eta prestatu bat. Harrobiak, adibidez, bi egoera traumatikori aurre egiteko modua eman die bi enpresa handiei azken urteotan. Aspek, Martinez de Irujoren ustekabeko agurrari Jokin Altunaren eta Iker Irribarriaren leherketarekin erantzun zion, batez ere Buruz Burukoan, eta atzeko koadroetan Jose Javier Zabaletak ezarritako nagusitasuna aspaldian ikusitako handiena da, azken atzelari handia izan zen Ruben Belokirena txiki uzteraino.

Eibarko enpresan belaunaldi aldaketa “naturalagoa” izan den bitartean, izen aldaketa baina askoz korapilatsuagoa izan da Asegarce/Baikorentzat Aimar Olaizolaren erreleboa aurkitzea. Paradoxikoki, hasiera batean enpresatik kanpo nahi zuten Unai Lasok ekarri dio Bilboko enpresari grebaren ostean behar zuen freskotasun eta haize berria, erabaki hura planteatu zuten arduradunen artean ondoriorik, edo gutxienez autokritikarik, eragin gabe gainera. Urrutikoetxearen errekuperaziotik edo Jakaren fitxaketatik harago, Bizkarreta-Gerendiainekoa da, ezbairik gabe, Baikoren erreferentzia nagusia uneotan. Izan ere, bere joko maila apartaz gain, pilotazaleekin bat egiteko ahalmen izugarria du bere izaera eta joko oldarkorrarekin.

Ezkurdia, Albisu, Rezusta, Mariezkurrena, Elezkano, Artola… bezalako pilotari multzo konpletoarekin, esku pilotaren etorkizun hurbilak ziurtatuta behar luke epe ertainari begira, baina aurrerago sor daitezkeen beste “egoera traumatikoen” aurrean, eta arriskuak bat baino gehiago izan daitezke, prest egotea da kirol honek aurrez aurre duen erronka handiena.

​Erronka eta lan ugari

​Eta hor, zerumugan antzeman daitezkeen laino ilunak kezkatzeko modukoak dira, lan baldintzen prekarizazioa ez baitzaio arrotza pilotari: koadroak gero eta txikiagoak dira, jaialdiak gero eta gutxiago, pilotari profesionalen partida kopurua gero eta eskasagoa... Noski, kirolariak “profesional” izatea bera ere gero eta gehiago zailtzen du horrek guztiak.

Piramide demografikoa etengabe estutzeak, urte luzez bizia frontoietan utzi duten boluntarioen errelebo faltak, futbolak beste kirolekiko ezartzen duen nagusikeriak, federazioen, kluben eta enpresen arteko harreman urriek, egutegi bateratu baten faltak, azpiko lanaren ikusgarritasun ezak –hedabideek ere badugu zer pentsatua horretan guztian–, barne bekaizkeria eta ezinikusiek… uzten duten egoera ez da baikorra izateko modukoa. Bizitza aldatu digun pandemiak une egokia zirudien gelditu, hausnartu eta pilotak, orokorrean hitz eginda, behar zuen reset handi horri ekiteko. Baina ez dirudi momentuz inork horretarako betarik edo asmorik izan duenik eta mehatxu gehienek bere horretan jarraitzen dute, hurrengo belaunaldi aldaketa kolokan jarriz. Momentuz, badirudi atzelari faltari erantzuteko belaunaldi polit bat badatorrela, baina azpiko mailetan, eskola eta klubetan, lan egitea funtsezkoa da gure ondarearen parte garrantzitsu den esku pilotari eutsi nahi badiogu.

Egoera are kezkagarriagoa da erremintari edo emakumeen pilotari buruz arituz gero. AEBetako azken frontoiaren itxierarekin, zesta-puntak izan du dagoeneko bere inflexio puntua eta ausardiaz, formula berritzaileekin eta berriz ere harrobiko pilotariekin, argi printzak ikusten ari direla ematen du. Bere “pribilegio” egoera horretatik, esku pilotari ere ez litzaioke gaizki etorriko oraindik are “marjinalagoak” [Punctuation Space] diren modalitate horietatik ikastea, betiere, ahaztu gabe erantzuna ezkutuko, isilpeko, lan eskerga indartzean egongo dela.