INFO

Lurralde anbizioak dituen Euskal Elkargoaren metamorfosiaren gakoak

Pandemiak azkartu duen joerak lurraldearen gaineko presioa areagotu du Ipar Euskal Herrian. Higiezinen espekulazioak, batetik, eta AHT linea berriak eraikitzeko egitasmoek, bestetik, lurra eta etxebizitzaren gaineko eztabaida berpiztu dute. Baita Euskal Elkargoaren nahiak eta ezinak erakutsi ere.

Berdin karrikan zein erakundeetan etxebizitza eskubidea bermatzeko erronka eztabaidaren erdian izan da. (Guillaume FAUVEAU)

Behin eratze fasea gaindituta, lehen legealdi osoari hasiera eman zion 2020ko herri bozen ostean Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 158 udalerriak barnean hartzean dituen Euskal Elkargoak.

Joan zen ekainean egin ziren kantonamendu eta eskualde bozek, bestalde, euskal herritarren egunerokotasunean zer erran handia daukaten bertze administrazio eremuetan ondoko urteetan izanen den botere banaketa zehaztu zuten.

Paueko Kontseilu Nagusian zentro-eskuineko aliantza zabalak lortu zituen eserleku gehienak. Alain Rousset sozialistak bosgarren legealdia ziurtatu zuen, berriz, Akitania Berria eskualdean.

Ipar Euskal Herriko Alderdi Sozialistak Pauen zituen eserleku guztiak galdu ostean, EH Bai geratu zen euskal oposizioko ahots bakar gisa, bi ordezkarirekin, Biarno eta Ipar Euskal Herria barnean hartzen dituen erakundean.

Annie Povedak eta Iker Elizaldek osatutako binomioak ordezkatuko du ezkerreko mugimendu abertzalea bertan, hauteskunde egutegian sarturiko moldaketa dela medio, 2028. urtera arte luzatuko den legealdian.

Gizarte alorrean eskuduntza zabalak ditu erakundeak, hala nola laborantzari, osasunari, hezkuntzari, ingurumenari edo gazte migranteei begira.

Hain zuzen ere, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan ezarritako blokeoak pertsona migratzaileen bizitzak arriskuan jartzen dituela salatzeko adierazpena eraman zuen EH Baik Pauera urriaren 12an Donibane Lohizuneko tren geltokitik gertu hiru migrante hil ostean.

Beste eztabaida batek ere nabarmen utzi du azken hilabeteotan Paueren eta Baionaren arteko distantzia.

Bordele-Tolosa eta Bordele-Akize AHT linea berriak eraikitzeko Hego Mendebalde Handirako Trenbidea Egitasmoa (GPSO) diruztatzeko eskaera onartu zuen Pirinio Atlantikoen Kontseiluak hainbat baldintza jarrita, alta, gehiengo zabal bat aurka agertu zen Euskal Elkargoan.

3DS legea eztabaidagai

Etxebizitza eskubidea aldarri 8.000 lagun bildu ziren azaroaren 10ean Baionan. Lurraren eta etxebizitzaren defentsan harago joateko premia argi azaleratu zuen martxak, baita urtean zehar Arbona, Kanbo eta Hazparne bezalako herrietan espekulazioaren aurka abian jarritako ekimenek ere. Bere lehen Tokiko Etxebizitza Plana onartuz nahiaren eta ezinaren arteko oreka zaila bilatu zuen Euskal Elkargoak.

Lurralde anbizioak dituela aldarrikatzen duen erakundeak zer bilakaera izanen du? Erantzun bila, 3DS lege egitasmoari buruz Asanblea Nazionalean zabalduriko eztabaidari so egitea gomendaturik da.

Lurralde erakundeek lege esperimentazioaren bidez beraien eremuetara egokitutako politikak garatzeko ahalmena atxiki dezaten lan handia egin dute korsikar diputatu abertzaleek.

Urtarrilean argituko da frantses gobernuaren iritziaren kontra aurrera atera zen lege zuzenketaren etorkizuna. Nahitaez, bertan jokatuko da Euskal Elkargoaren geroa, eta ahots propioa izatearen balioa ere irudikatuko du eztabaidak.