INFO

Banaka iaz jokatutako partida epikoak Binakakora ekarri dituzte Altuna eta Lasok

Bizkarreta-Gerendaingoa eta Imaz fresko bat markagailuan aurretik joan dira partidaren gehien gehienean, baina pazientziaz eta senaz aritu den amezketarrak eta lehertuta amaitu duen Martijak azken unean irauli dute partida Eibarren (22-21).

Iaz bezala, lana beltz eginda gainditu du Altunak Laso. (Jon URBE/FOKU)

Emaitza norberaren gustuen aldekoagoa edo kontrakoagoa izanda, nekez eska dakioke zerbait gehiago urteko lehen estelar handiari; joko ona, erakustaldiak, emozioa, polemika –epaileek ontzat eman dute 17-19 zirela Imazek bigarren botean eramandako pilota bat–, arazo fisikoak, azken uneko iraultza markagailuan... hurrengo 12 hilabeteetan datorrenaren erakusgarri badira, pozik egoteko moduan gara pilotazale denak. Hori bai, gaurko Astelenako estelarrak iazko urteak utzitako onenaren jarraipena izan direla esan genezake, 2021eko unerik gogoratuenak Jokin Altunak eta Unai Lasok buruz buru jokatutako partidak izan baziren, 2022ko binakako lehen honek ere aurreko horien gidoi eta emaitza bera izan baitu; Lasok eta azkenaldian atzelaririk onentsuenetakoa izaten ari den Ander Imazek garaipena esku eskura izan dute partida guztian aurretik joan ondoren 17-21 ere aurreratu direnean, baina azkenerako, behetik gora nabarmen eginda, Altuna III.ak eta lehertuta amaitu duen Martijak eraman dute garaipena, sailkapenean gaurko arerioekin launa punturekin berdinduz.

2022 honetarako, pazientzia izango da denok zakuka beharko duguna, eta Altuna-Martijak biltegia ondo beteta dutela erakutsi dute, lehen tantotik erabat maldan gora jarri zaien partida aurrera atera ahal izateko. Izan ere, lehen tantotik Baikoko bikoteak beste txispa bat zuela erakutsi baitute. Aurrean zein atzean, pilota beste abiadura batez irteten zen Laso eta Imazen eskuetatik eta Aspekoek partida atzetik aurrera ikusi behar izan dute azken txanpara arte.

Aurrean, Unai Lasok sotamanoz eta baita botez ere, zuloak irekitzeko gaitasun itzela erakutsi du. Imazek ere, bizkarra askotxotan erakutsi dio partidetan sartzea kostatzen zaion Martijari eta, jokatzeko bazegoen ere, Altunak zailtasun handiak zituen jokoa bere aldera eramateko. Piloteoan nagusi izanagatik, aurrelari nafarrak ez zuen inolako presarik erakusten tantoa amaitzera itsu joateko eta partida une oro kontrolpean edukitzearen itxura eman dute 4-8, 7-11, edo 9-15 aurreratuta.

Une kritikoak

Unerik kritikoenetako batean eskatutako atsedenalditik, ordea, indartuta irten dira Altuna eta Martija. Ordurako partida nahikoa gogortua zegoen, pilotek ere hasierako distira galdua zuten eta Martija kantxan gero eta erosoago sentitzen hasi da, piloteoan ordura arte egondako nagusitasun urdina irauli edo, gutxienez orekatuz. Honek Jokin Altunari ere jokoan sartzeko aukerak biderkatu dizkio eta partidaren gidoia errotik aldatu da. Jokoan bezala, markagailuan ere gora egin dute Aspekoek.

Tanto bakarrera jartzeko modua ere izan dute, baina epaileek ez dute 17-19 zirela Jokin Altunak botatako dejadari Ander Imazek bigaren botean erantzun diola ikusi eta gauzak are eta zailagoak jarri zaizkie amezketarrari eta nekeak jota, giharretako arazoekin medikuaren laguntza behar izan duen Martijari (17-21).

Horrela ere ez dute etsi gorriek, Altunak bere momentua heldu dela ikusi du, Lasori iraganeko mamuren batek ere bisita egin dio eta pilotazaleek zinez gozatu duten partida amaiera zirraragarrian, Aspekoek sekulako garaipena eskuratu dute lehen itzulia lau punturekin amaitzeko.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 22

Laso-Imaz:21

Pilotakadak: 872. Partidaren iraupena: 93,36 minutu. Markagailua: 0-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-8, 5-8, 5-9, 7-9, 7-11, 9-11, 9-15, 12-15, 12-16, 13-16, 13-17, 14-17, 14-19, 17-19, 17-21, 22-21. Sakez: Ez da tantorik egon. Jokoan eginak: 11 Altuna III.ak, 2 Martijak, 13 Lasok eta 2 Imazek. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak, 4 Martijak, 6 Lasok eta 3 Imazek. Gertaerak: Sal zitezkeen sarrera gehien gehienak salduta Eibarko Astelenako urteko lehen jaialdian.