INFO
Entrevue
Paulo Iztueta
Soziologian Doktorea eta EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Irakasle titular erretiratua

«Elebitasunak lurra jo du eta terapia murgiltze metodoa izan behar da»

Euskal liburugintzaren inguruko datuak jaso ditu eta bilakaera nondik doan azaldu du, Jon Diazekin batera, ‘Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa’ liburuan Paulo Iztuetak. Ekoizpenean zein liburu mota lehenesten den eta zein gutxiago zehaztu du Soziologian doktoreak. 

Paulo Iztueta. (Gorka RUBIO/FOKU)

Paulo Iztueta (Berastegi, 1941) Filosofian lizentziatu zen 1967an Erromako Angelicum Unibertsitatean. 1969an Parisera erbesteratu zen. Han, Paris VIII Unibertsitatean Soziologia eta Historia ikasketak egin zituen. ‘Arnas’ eta ‘Zabal’ aldizkariak sortzeko prozesuetan ere egon zen, eta EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle titular izan zen, Hezkuntzaren Teoria eta Historiako eskolak emanez.

Erretiroa hartu ostean, euskal pentsamendu propioaren eraikuntzan lanean jarraitu du, eta ideia horrek bete-betean zeharkatzen du Jon Diazek koordinatu duen ‘Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa’ liburua.

Zure azterlan honetan euskarazko liburugintzaren egungo egoeraz aritu zara. Zein da euskal eliteekiko harremana?

Eliteak elikatzen dira hezkuntza sistematik eta liburugintzatik. Intelektualak hor daude; eliterik ez dago intelektualik gabe. Beraz, garrantzia ikaragarria da. Hemen asko aipatzen da unibertsitatea, baina horren atzean liburugintza dago. Ba al dago unibertsitaterik libururik gabe? Ba al dago prentsarik libururik gabe? Ez, eta hor eliteak daude.

Azken hamarkada honetako euskal liburugintzaren inguruko datuak jaso eta bilakaera nondik doan azaldu duzue. Ekoizpenean zein liburu mota lehenesten da, zein gutxiago?

Pentsamenduaren munduan, hezkuntza sistema banatuta dago ikasketa unibertsitarioaren eta ez-unibertsitarioaren artean. Hor garrantzitsua da zer produkzio kultural bideratu den eta zer ez, zeri eman zaion garrantzia, kulturgintza horretan fikzioari eta ez-fikzioari eskaintzen zaiona. Euskal Herrian, zoritxarrez, fikzioari garrantzi gehiago ematen zaio.

Eta zer esan nahi du horrek?

Ez-fikzioan daude pentsamendua, testu zailagoak, ekonomia, historia eta abar. Pentsamendua elikatu egiten da, eskolatu, eta herri batzuk aurreratuago daude beste batzuk baino. Estatu  espainoleko datuak hartuta, daukaguna da argitaratutako ez-fikziozko testuek dutela lehentasun nabaria %43,1eko portzentajearekin; katalanez egindakoetan %25,9koarekin. Azken bi hauek erakusten dituzte portzentajerik garaienak. Euskarak markatzen du beste hizkuntza horiekiko desberdintasunik handiena, bere ekarpena testu ez-unibertsitarioetan eta haur eta gazteentzako sailetan metatzen baita. Hor nabari da nola pentsamendu akademikoaren ahulezia dagoen euskara bezalako hizkuntza minorizatuetan.

Eta nola estatu baten babesa duten hizkuntza nazionalek oso ondo zaintzen duten ekoizpen zientifiko-akademikoaren esparru zabala osatzen duen ez-fikzioaren saila.

Bai, izan ere, hor eskolatzen dira gizarte egiturak kontrolatzen dituzten goi agintari publikoak. Estaturik gabeko nazio minorizatuak, galegoaren eta euskararen kasuetan bezala, koofizialtasunaren onarpena baduten arren, elebitasun desorekatuan bizitzera kondenatuta daude eta kultura akademikoa gaztelaniaz erreproduzitzen dute neurri handi batean.

Eta euskal pentsamenduak badu zerikusirik?

Euskal Herria herri emigratu bat izan da intelektualki, ez duelako izan sekula goi mailako unibertsitate publikorik; pribatuak bai. Euskal Herriko eliteak, garai hartan Salamancan, Valladoliden edo Zaragozan eskolatuak dira, eta pentsamendua emigratua izan da. Euskal Herriak ez du izan euskal pentsamendu propiorik. Izan duena da Deustu eta Nafarroako Unibertsitatea, ez bakarrik burgesiarekin eta oligarkiarekin izan duen harremanagatik; Europako eta mundu zabaleko intelektualekin harremanak ditu argitaletxe edo aldizkarien bidez. Kanpoko ikasleak ere asko dira proportzioan beste guztiekin alderatuz. Gaur EHUk ikasle gehiago eskolatzen ditu pribatuak baino, eta hala ere, gizartean lehentasuna daramate pribatuek. EHUn eskolatzen dena normalean erakunde publikoetara doa Euskal Herrian. Aldiz, gutxiago eskolatzen dituzte pribatuek eta, hala ere, eragin handiagoa dute gizarte mailan, sare zabal horretan, zeinetan dauden enpresak, azpitik eragiten duten horiek. Hor zabaltzen da elitismoa.

Euskarara itzuliz, oso kritikoa zara elebitasunarekin, zure ustez bere ezarpenak lurra jan diolako euskarari.

EAEko 2020-2021 ikasturteko datuen arabera, irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikasleen %67 D ereduan eskolatzen dira. Lerro horretatik elikatzen da unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko ikasle berriek egiten duten eskea. Baina esaten ez dena da Lanbide Hezkuntzako ikasle gehienek gaztelaniaz burutzen dituztela beren ikasketa urteak, %18 baino ez baita D ereduan eskolatzen. Hezkuntza publikoak ikasle kopuru gehiago eskolatzen ditu D ereduan, eta aurrerapausoak eman diren arren, aitortu behar da hezkuntza sistemak euskalduntzen duen ikasleen kopurua mugatua dela. Elebitasunak jo du lurra, ez du euskalduntzen. Gaurko egunean diru dexente gastatzen da euskara berreskuratzeko, eta niretzako hori denbora galdua da, ez dauka etorkizunik, herri menderatu baten botere autonomikoari dagokion neurriko euskalgintzak ematen du eman duena.

Egoera ezkor hau iraultzeko zein da aterabide egokiena?

Euskal hezkuntza nazionala eraiki nahi bada, eta hori da aintzat hartu beharreko abiapuntua, murgiltze metodoa aplikatu beste bide eraginkorrik ez dago; Israelen aplikatu zena, ez Kanadako eskolatik EAEko Gobernuak inportatu zuena. Nik proposatzen dudana da indarrean dagoen legedia hankaz gora bota, gizarte mugimendua indartu eta lege berri bat sortzea murgiltze metodoa guztientzako lortzeko. Noski, hori aplikatzeak inbertsio publikoak handitzea ekarriko luke, eta irakasle kopurua handitzea. Katalunian katalanarekin kezka baldin badute, kezkatuagoak egon beharko genuke askoz egoera larriagoan dagoen euskararekin.

Badago indar korrelazio nahikorik zuk diozun hori egiteko?

Elite politikoak euskara aintzakotzat hartu eta bere burua konbertitu, euskaldundu behar du. Sinistu. Ez diot esango Opus Dei bati sinisteko, Deusturi, baina Eusko Jaurlaritzak edo diputazioek erdaraz funtzionatzen dute... Eliteek ez dute euskaran sinisten. Pentsamendu propioa nola sortuko duzu literaturarekin bakarrik? Jauzi bat eman behar da... Inbertsio publikoak behar dira eta iraultza handiena kulturala da. Ez dut esaten orain arte egindako ekimenak txarrak direnik, ez; esan dut ez direla euskarak duen gaixotasunerako sendagai egokia. Baldin eta klase politikoak barneratzen badu hizkuntzaren egoera zein den, eta behar diren ahaleginak egiten baditu, terapia aplikatu beharko da. Eta terapia hori murgiltze metodoa da.