INFO

Turista-olde Handiko Eremuaren handitzearen kontrako protesta egin dute sindikatuek

‘Jaietan denok jai’ plataforma osatu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, eta Donostiako Udalak merkataritzaren inguruan hartutako azken erabakien aurkako maniestazioa egin dute gaur, langileen eskubideen kontra eta merkataritzagune handien mesedetan eragiten dutela iritzita.

Turista-olde Handiko Eremuaren handitzearne kontrako manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, ‘Jaietan denok jai’ plataforman bat eginez, manifestazioa egin dute Donostian, igande eta jaiegunetan merkataritza-establezimenduak irekitzearen aurka egiteko, Donostiako Udalak Turista-olde Handiko Eremua handitzeko hartu duen erabakia dela-eta.

Igande eta jaiegunetan merkataritza-establezimenduak ez irekitzeko eskatu dute sindikatuek. Azaldu dutenez, «Donostiako Gobernu Taldeak abenduaren 21ean onartutako Turista-olde Handiko Eremuaren mugaketa berrian, Bretxako gunearen barruan dauden saltokiek ordutegi askatasuna izango dute eta 2022an eta 2023an igande eta jaiegun guztietan ireki ahal izango dute».

‘Jaietan denok jai’ ekimenak «2015ean zegoen Turista-olde Handiko Eremuaren mugaketara itzultzeko» eskatu dio tokiko gobernuari, izan ere, «egin diren aldaketa berriak langileek igandeetan eta jaiegunetan atseden hartzeko duten eskubidearen aurkakoak dira».

Gainera, adierazi duenez, «ordutegi-luzapen horiek lotura zuzena dute izan nahi dugun hiri, lan eta kontsumo-ereduarekin. Merkataritzagune handien eta multinazionalen mesedetan diseinatuta daude, eta denda txikien eta lan-eskubideen aurka».

«Merkataritza jaiegunetan eta igandeetan irekitzeak ondorio kaltegarriak ditu, ez bakarrik lanaren ikuspegitik, baita gizartearen ikuspegitik ere», amaitu du plataformak.