INFO

«Astelenako Trilogia» Unai Lasok erabaki du Jaka eta Mariezkurrenaren aurka (21-22)

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelaria eta Ander Imaz beti aurretik ibili dira, baina bikote gorriak bere hasierako akatsak zuzendu ditu 21na berdindu arte. Lasok eskuin sotamanoz egindako bi hormako ikaragarri batek ezarri dio partidaren desenpateak merezi zuen urrezko zigilua.

Unai Lasok erabaki du Astelenako desenpatea. (Gorka RUBIO / FOKU)

Unai Laso izango al da Clint Eastwood? Ander Imaz Eli Wallach izango ote da –ez bera itsusia delako, baina bai bere lana–? Lee Van Cleef Jon Mariezkurrena izan ote da edota Gian Maria Volonteren lekua Erik Jakak hartu ote du? Sergio Leone handiak «Dolarraren Trilogia» filmatu zuen Almeriako basamortuan, Spaghetti Western delakoaren gailurretako hiru obra eginez eta Ennio Morricone maisuaren musikarekin apainduta.

Bada, Gabon jai hauetan Unai Lasok eta Ander Imazek «Astelenako Trilogia» osatu dute, hiru partidak 21na berdindu eta gero. Irribarria eta Rezustaren aurka Eguberri egunean 21-22 nagusitu ziren Laso eta Imaz; aldiz, Urte Beri egunez 22-21 galdu zuten Altuna eta Martijaren aurka. Errege eguna falta bazen, eskuin sotamano bikain batez amaitu du Unai Lasok Binakako Txapelketa honen historiara pasatuko den «trilogia». Bide batez, bosgarren puntua eta sailkapenaren gorengo partean kokatu dira bigarren itzulia hasteko.

Jakak eta Mariezkurrena II.ak asko estutu dituzte urdinak, aurreneko erdian hankasartze larregi eginagatik. Aipagarria izan da Berrizargo atzelariak sei tanto nola amaitu dituen, berdin atzean nola aurrean. Hori bai, huts larregi ere egin ditu, hasiera partean batik bat. Hala ere, bikote batek bakarrik irabazten du pilotan, eta zeinek irabazi behar dio Clint Eastwoodi?

Bi hormako batekin esnatuta

Hala ere, ezkerrez horma bikoa jota Unai Lasok urdinen seigarren tantoa egin arte, akatsa akatsaren gainean joan da Astelenako partida. Eguberri eta Urte Berri egunetako ikuskizunen ondotik, biharamonarekin baleude bezala, pilotariek asmatu ezin dezentekoa erakutsi dute, Mariezkurrena II.ak batik bat, joan den jardunaldia jokatu gabe pasa ostean eskuetako minez.

Hala, Lasok horma bikoa jota urdinen seigarrena egin duenean, gorriek derrigor atsedenaldia eskatu behar izan dute, ordurako 1-6 hasita egin baitute Lasok eta Imazek. Ez da erabaki txarra izan, halakoren baten Erik Jaka jokoan sartzen hasi baita, Lasoren erremate bikain bat nolabait erantzunez lehenbizi eta airez pare bat tanto eginda gero.

Partida hasi da berotzen, azkenean. Unai Lasok ezker airez sekulako perla utzi badu, oso oker hasi den Mariezkurrenak ia errebotean sartu den kanoikada batekin eta zabalera eskuinez nahita moztu duen eskuinkada batekin gorriak esnatu direla erakutsi du. Batez ere Berriozarko atzelariak pilota bizixeago bat bikain dantzatu du, Imaz errebotera ia iltzatuz. Aldiz, pilota motelagoarekin Imaz eta Laso nagusi izan direlako, 8na berdindu ostean Jakaren akats bat baliatu dute pilota motexeagoa atera eta berriz ere gorrien hutsegiteen kontura aldea hartzeko.

Lan erdietan 8-11 aurreratu dira urdinak, azken tantoan Lasok ezker sotamanoz aurkariak buruz gain gainditu eta gero. Aurreneko atsedenaldira, berriz, Mariezkurrenak bere seigarren akatsa bete ostean iritsi dira lau pilotariak, markagailua 8-12 dela.

Mariezkurrenaren gorabeherak

Urdinek lauzpabost tantoko aldea beti izan dute beren alde partidaren bigarren heren horretan, neurri handi baten Mariezkurrena II.aren gorabeherei esker. Alferrik nagusitu zaio Berriozarko semea Imazi piloteoan, gipuzkoarak ez bezala, goaik eta beheak ere astindu baititu bere borondatearen kontra. Bestalde, arratsaldeko pilotakadarik ikusgarrienak ere jo ditu, tartean bederatzi eta erdian! bote egin duen misil bat. Baina horrekin urdinen itzalean mantentzeko adina baino ez dute atera gorriek.

Are gehiago Unai Lasok erritmoa aldatzeko sartzea lortu duen bakoitzean. Ia laugarren koadrotik ezker gantxoz tanto pare bat sinatu ditu Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak, eta Imazek Mariezkurrenaren zartakoei eusteko adina indar atera badu, dexentez gehiago sufritu du Jakak Lasoren erasoei behar bezala erantzuteko. Ondorioz, Jakari goregi joan zaion pilotakada baten ostean, neurketa 12-18 iritsi da azkenengo atsedenaldi luzera.

Gorriek aukera bat nahi

Gorriak, hala ere, ez dira besterik gabe etsitzeko asmoz azaldu Astelenara, eta 3-0eko partziala erdietsi dute atsedenalditik bueltan, defentsa lanetan Jakak lan bikaina eginda eta zorte apurtxo bat ere alde izan dutela. Ondorioz, markagailua 15-18 jarri denean, urdinek badaezpada atsedenaldia eskatu dute.

Erik Jakak ere erasorako baliatu du alde olatu hau. Lizartzakoak bere atzelariari animoak eman eta aholkuak emateaz gain, Lasori hortzak erakutsi dizkio eta hala, gorriek defentsan asmatu duten tantoa Jakak berak amaitu du ezker gantxoz; zer da kontua eta 17-18 markagailuan... 18na Jakak berak ezker gantxoz ezarri arte.

Ez dute aurretik jartzerik lortu gorriek, ordea. Mariezkurrenak gaizki emandako pilotakada bat baliatu du Lasok urdiren hemeretzigarrena egiteko eta pilota berri batekin azken esprinta jotzeko. Hala ere, Mariezkurrenak eta Jakak ezinezko zirudiena lortu dute hurrengo tantoan: Imazi kale egin araztea, alegia: 19-19.

Ezin Laso pasa, ordea eta ezkerrez txokoan hogeigarrena egin du aurrelari nafarrak, baita hogeita batgarrena ere sake bueltan zabalean. Baina Astelenan orain arteko azken bi jaialdian 21na berdindu badute, Errege Egunez ezin gutxiago izan. Hogeigarrena bederen egin dute gorriek, Mariezkurrenak bi hormakoa efektoz jota! sartu baitu tantoa. Eta Imazek, astelenak «eskatzen» duen moduan, 21nakoa ezarri du, berak nahi gabe.

«Astelenako Trilogia» ezin hobeto amaitu azkenean Unai Lasok baino: eskuin sotamanoz bi hormakoa jota. Sergio Leonek berak gustura zuzenduko zituzkeen hiru partida hauek.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 578.

Iraupena: 68:58 minutu.

Markagailua: 0-1, 1-1, 1-6, 2-6, 4-6, 4-8, 5-8, 8-8, 8-12, 9-12, 9-14, 10-14, 10-16, 11-16, 12-16, 12-18, 13-18, 18-18, 18-19, 19-19-19-21, 21-21, 21-22.

Sakez: 2 Jakak eta 1 Lasok.

Tantoak jokoan: 7 Jakak eta 6 Mariezkurrenak; 8 Lasok eta 0 Imazek.

Galdutakoak: 4 Jakak eta 9 Mariezkurrenak; 3 Lasok eta 2 Imazek.

Gorabeherak: Sarrera erdia pasatxo Eibarko Astelena frontoian. Aurreneko sakea, urdin.