INFO

Añorgako bulebarizazioan «txapuza» egin dutela salatu du EH Bilduk

Añorgako zeharbidearen bulebarizazioaren bigarren fasea «txapuza»-tzat jo du EH Bilduk eta azalpenak eskatuko dizkio Eneko Goia Donostiako alkateari. Izan ere, udal Gobernuak amaitutzat eman ditu lan hauek baina ingurukoak haserre dira, Añorga Txikitarrak auzo elkartea bezala.

Añorgako bulebarizazioaren bigarren fasearen egoera. (AÑORGA TXIKITARRAK AUZO ELKARTEA)

«Txapuza»-tzat jo ditu Donostiako EH Bildu udal taldeak udal Gobernuak bukatutzat eman berri dituen Añorgako zeharbideko bulebarizazioaren bigarren faseko obrak. «Azken egun hauetan bertatik igaro den edonork egiaztatu ahal izan du bukatu gabeko obra bat ematen duela, behin-behinezko elementuz betea», gaineratu du EH Bilduk.

«Auzoetan bizi diren pertsonentzat beharrezkoak diren aurrekontu partidetan ezin da horrelako murrizketarik egin eta are gehiago Donostiako erdigunean inbertitzeko partidak puzten direnean, eta gainkostuak onartzen direnean ia obra guztietan», esan du EH Bilduk.

«Añorgako bizilagunak ‘oso triste eta dezepzionatuta’ daude bigarren fase honetako emaitzarekin, eta azalpenak eskatu dizkiote Eneko Goiari. EH Bilduk gauza bera egingo du eta interpelazio bat erregistratu du alkateak udaletxean azal dezan ea uste duen obra publiko batean gutxieneko kalitateak erabili direla, eta esan dezan ea egindako akatsa zuzentzeko asmoa duen», erantsi du talde abertzaleak.

Lanen lehen fasea 2016ko uztailean amaitu zen, baina bigarren faseari ez zioten 2021eko abuztura arte ekin, bost urte beranduago eta, gainera, aurrekontua heren batera murriztuta (478.821,22 €). 2018ko ekainean, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen atzerapena eta diru saila murriztu izana salatzeko, eta eskatzeko Eneko Goiaren udal Gobernuari bigarren fasearen lanak esleitzeko beharrezkoak ziren urratsak eman zitzala berehala, eta egin zezala proiektuaren helburua gauzatzeko beharrezkoak ziren materialen kalitatea murriztu gabe.

Añorga Txikitarrak

Añorga Txikitarrak auzo elkarteko kideek haien etsipena adierazi diote Udalari Añorgako zeharbidea bulebar bihurtzeko bigarren fasearen lanen kalitate eskasarengatik. Jakin bazekiten arren proiektua birdimentsionatu egin zuela Udal Gobernuak eta ez zela bulebarraren lehen zatia bezain txukuna izango, emaitzaren inguruko balorazio oso eskasa egin dute, Udal Gobernuak txapuza handi bat egin duela irizten baitiote.

Adierazi dutenez, «Bulebarra amaitua egon arren, probisionala denaren itxura ematen du, material berrerabiliekin eta aurreko marka eta pinturak kendu gabe, argiztapenik jarri gabe eta dena zikin», eta hasieran aurreikusita zeuden berdegune eta zuhaitzak jarri beharrean aparkalekuak ezarrita.

Elkarteak zeharbidean egindako lanetan antzemandako gabeziak biltzen dituen txostena osatu du. Gogorarazi beharra dago auzoaren bizi kalitatea hobetzeko, zeharbidea bulebar bihurtzea giltzarrizkotzat jo dutela añorgatarrek aspalditik.