INFO

Martin Zubimendi Kopan baja izango da eskuin izterrean izandako gihar lesio batengatik

Celtaren aurkako partidan lesionatu zen jokalari gaztea eta, ondorioz, datorren astean Atleticoren aurkako Kopako kanporaketa ezin izango du jokatu. Bestalde, Barrenetxeari gorabeherarik gabeko ebakuntza egin diote gaur goizean ezker izterreko atzeko aldean.

Martin Zubimendi, baloia jotzeko prest denboraldi honetako partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Realak bi albiste eman ditu astearte honetan. Bat ona eta bestea ez hain ona. Azken honi dagokionez, Martin Zubimendiren lesioa izan da. Klubak ohartarazi duenez, Celtaren aurkako partidan lesio bat izan zuen erdilari gipuzkoarrak «eskuin izterreko muskulatura iskiosuralean». Azken minutuak jokatzeko zelairatu zen jokalari donostiarra, eta behintzat partida amaitu ahal izan zuen.

Realak prentsa oharran gaineratu duenez, «fisioterapia bidezko tratamendua egiten hasi da» eta «koadro klinikoaren bilakaerak markatuko du ohiko jardueretara pixkanaka itzultzea». Gauzak hala, datorren astean Atletico Madrilen aurka Reale Arenan jokatu beharreko Kopako final-zortzirenetako kanporaketa ezin izango du jokatu Zubimendik.

Donostiarraren lesioa ez da taldeko bakarra. Igandean klubak konfirmatu zuen Alexander Isakek orkatila bihurritua duela. Duda izango da Kopako partidarako, baina espero da ordurako Sorlothek eta David Silvak covid-a atzean uztea.

Bestalde, albiste onei dagokienez, Ander Barrenetxeari ebakuntza egin diote gaur goizean ezker izterreko atzeko aldean, hilaren 2an, Alavesen aurkako derbian, larriki lesionatu ostean. «Lasse Lempainen medikuak (Turkuko Mehiläinen Neo Sports Hospital), kirurgia irekiaren bidez, lesioaren konplexutasuna baloratu du eta muskulatura iskiosuralaren jatorriaren berreraikuntza anatomikoa egiten saiatu da. Ebakuntza behar bezala egin da, gorabeherarik gabe. Gaur arratsaldean emango diote alta ospitalean», adierazi du Realak.