INFO

Nahuel Tenaglia atzelari argentinarrak utzita jokatuko du Alavesen datorren urte eta erdia

Hegaleko atzelari bila zebilen Alaves eta Caparen aukera zaildu ostean, Nahuel Tenagliaren iritsiera itxi asmoz lanean ibili da asteotan. Argentinarrak datozen 18 hilabetetan defendatuko du babazorroen elastikoa eta Alavesek, erosteko aukera gordetzen du hitzarmena bukatzen denean. 

Nahuel Tenagliak Alavesen jokatuko du. (DEPORTIVO ALAVES)

Ximo Navarroren lesioaren ostean, eskuin hegaleko atzelari posturako Martin Agirregabiriarekin soilik geratu zen Alaves. Taldearen gabezietako bat izan da postu hori eta hori horrela, nola indartu bila ibili da azken asteotan klub babazorroa. 

Ruben Peña zen aukeretako bat –Eibarren aritu eta orain Vila-realen dagoena–, baita Ander Capa ere –jokatzeko aukerarik gabe Athleticen– baina bi aukera horiek zaildu ostean, Nahuel Tenaglia argentinarra fitxatzeko lanari ekin zion. Hala, asteazken honetan itxi da ofizialki fitxaketa. 

25 urteko argentinarra –Saladillon jaioa, Buenos Airesko probintzia– Talleres taldetik dator Gasteizera, utzita. Argentinako ligan bertan, Boca eta Riverren interesak piztu zituen atzelariak baina azkenean Europarako jauzia ematea erabaki du. 

Alavesek jakinarazi duenaren arabera, 18 hilabeterako kontratua sinatu du talde gasteiztarrarekin eta hitzarmena bukatzean, erosteko aukera bat gordeko du. 

Italo-argentinar nazionalitatea duenez, Tenagliak ez du beteko «komunitatez kanpoko» jokalari baten postua –legez, talde batek Europar Batasunekoak ez diren hiru jokalari soilik izan baititzake–. 

Argentinako Lehen Mailan 62 partida jokatu ditu eta orotara, bost gol sartu eta sei goleko pase eman ditu. Nazioarteko txapelketei dagokienez, Libertadores txapelketa eta Hego Amerikako Kopa ere jokatutako da. 

Tenagliak taldeari defentsa arloan «ahalmen handiagoa» emango diolakoan dago kluba.