INFO

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako BPGa %5,5 eta enplegua %5,2 hazi dira 2021ean

Eustatek argitaratutako datuen arabera, 2020ko datuekin alderatuz, EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) eta enplegua %5,5 eta %5,2 hazi dira, hurrenez hurren, 2021. urtean.

Basauriko Sidenor fabrika lanean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eustatek astelehen honetan argitaratu duen Hiruhilekoko Kontuen Aurrerapenaren estimazioen arabera, EAEko 2021ekoBarne Produktu Gordinaren (BPG) balantzea %5,5 hazita itxi da 2020 urtearekin alderatuta. Eustatek nabarmendu du, ekonomiaren alorrean, 2021aren ezaugarrietako bat jarduera ekonomikoa «pixkanaka suspertzen» joan dela izan dela.

Eskaintzaren aldetik, Industria eta Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioa izan dira, aurreko urtearekin alderatuta, balio erantsian aurrerapen handienak izan dituzten sektoreak. Hori horrela, kanpo eskariaren ekarpena positiboa izan da 2021. urtean, oro har. Barne eskariari dagokionez, 2020arekin alderatuta bilakaerarik onuragarriena Kapital finkoaren eraketa gordinari (inbertsioari) dagokio.

Enpleguaren esparruan, 2021ean %5,2 egin du gora 2020arekin alderatuz. Hala ere, Eustatek gogorarazi du 2020ak «jardueraren eta enpleguaren erortzea» izan zuela bereizgarri. Bestalde, Eustatek ñabardura bat gehitu dio enpleguaren hazkundearen ehunekoari: «Nabarmendu behar da Kontuen Sistema Europarrak (KSE) lanpostuaren definiziotik kanpo uzten dituela aldi baterako lan egiten ez duten baina beren lanpostuarekin lotura formala duten pertsonak». Beraz, Eustatek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) dauden beharginak, nahiz eta enpresan berriro lanean hasteko datari buruzko bermea duten, ez ditu estatistika egiterakoan aintzat hartu.

Hala ere, fokua pandemia aurreko datuetan jarriz gero, BPGak oraindik ez du izurriak eragindako jaitsieratik guztiz suspertzea lortu. Izan ere, 2019ko azken lauhilekoan BPGaren indize orokor gordina 114,8koa zen eta 2021eko hirugarren lauhilekoan (Eustatek emandako azken datu zehatza, 2021eko laugarren lauhilekoko datuak behin-behinekoak baitira) EAEko BPGaren indize gordina 106,10ean finkatu zen.

2021eko azken lauhilekoa

2021eko laugarren hiruhilekoari dagokionez, 2020ko urria, azaroa eta abenduarekin alderatuz, BPGa %4,5 igo da. Aldiz, 2021eko hirugarren hiruhilekoarekin konparatuta, BPGa %0,8 hazi da.

Enplegua, denbora osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, %4,3 igo da, 2020ko hiruhileko berdinaren aldean. Hiruhilekoen arteko terminoetan, ostera, enpleguak %0,8 egin du gora 2021eko laugarren hiruhilekoan.

Dena den, Eustatek iragarri du datorren martxoaren 4an BPGaren eta enpleguaren inguruko estimazio bereiziak argitaratuko dituela 2021eko laugarren hiruhilekoko Hiruhileroko Kontuetan, astelehen honetako aurrerapena prestatzeko unean eskuragarri ez zeukaten informazio koiunturala sartu ondoren.