INFO

Luz Marina Arteaga Kolonbiako lider sozialaren hilketa salatu dute GKE-ek

Kolonbiako Casanare departamentuan, Orocue udalerrian, emakume baten gorpua erreskatatu dute astelehen honetan Meta ibaitik. Horren berri izan ondotik, nekazal komunitateen eskubideak defendatzen dituzten bi GKEk Luz Marina Arteaga aktibistaren hilketa salatu eta gorpua berea dela baieztatu dute.

Ekitaldi sinboliko bat Bogotan, hiltzen ari dituzten giza eskubideen defendatzaileak oroitzeko eta hilketa horiek gaitzesteko. (Raul ARBOLEDA | AFP)

Claretiana Norman Perez Bello eta Jurídica Yira Castro Gobernuz Kanpoko Erakundeek baieztatu dutenez, Kolonbiako Orocue udalerriko Meta ibaian agertu den gorpua Luz Marina Arteaga aktibistarena da. Bazen aste erdi bat haren arrastorik gabe.

Bi antolakundeek oroitarazi dutenez, Arteaga babesteko neurriak eskatuak zizkioten Babeserako Unitate Nazionalari, bazekitelako nekazal komunitateetan giza eskubideen eta lurraren aldeko prozesuaren buru izateagatik arriskuan zela.

«Agintariei gardentasuna eta bizkortasuna exijitzen diegu ikerketan, baita mehatxatuak dauden gainerako lider eta defendatzaileak berehala babesteko ere», azaldu dute ohar batean.

Orocueko agintariek astelehen honetan baieztatu dute Meta ibaiaren bazterrean emakume baten gorpua aurkitu dutela eta urtarrilaren 13 inguruan Luz Marina Arteagaren desagerpena salatua zegoela. Meta departamentuko Puerto Gaitaneko bere etxaldetik atera zenetik ez zen haren berririk.

«Hemen, Orocueko udalerrian, ez da ia inoiz halakorik gertatzen, baina aurre egin behar zaio, eta eskumena duten agintariek Arteaga nola hil zen jakin dezaten eskatu behar dugu. Ez da baztertzen itota hil izana», adierazi du Monchi Moreno alkateak BLU Irratian.

Agintariek ez dute oraindik hildakoa nor den erran, baina bai GKE-ek bai inguruko herritarrek Luz Marina Arteaga gizarte aktibista dela baieztatu dute.